Jose Etxaniz, boluntarioa Perun: “Perura joan eta gustokoen dudana egitea zoragarria izan da”

Jose Etxaniz, boluntarioa Perun: “Perura joan eta gustokoen dudana egitea zoragarria izan da”
2018/09/21 eta kitto!
Uda berezia bizi izan du Jose Etxanizek. Piuran (Peru) egon da bi hilabetez boluntario moduan eta bizitzan ahaztuko ez duen esperientzia bizi izan du. Eibarrera iritsi berri da, pena handiarekin esan die agur han ezagututako lagunei, baina 21 urteko eibartarrari Perura bueltatzea gustatuko litzaioke. Bitartean, Egoiazia Gobernuz Kanpoko Erakundearekin (GKE) lan egiten jarraituko du, herrian zein atzerrian gauza asko dagoelako egiteko.

 

- Nola izan zenuen Perura joateko aukera?

Egoaizia GKEn nabil bolondres orain dela urte eta erditik, eta Perura joateko aukera zegoela aipatu zidaten. Eibarko Udalak ‘Elkartasun bekak’ ematen ditu eta Peruko foball eskola batean entrenatzaile izateko proiektua aurkeztu zuen Egoaiziak. Horri esker joan ahal izan naiz aurten Perura. Gainera, foball eskola honek beste proiektu batzuk ditu alboko herrietan eta hango ikastetxeetara joaten ginen.

- Bakarrik joan zinen Perura?

Asier eta Jonekin joan nintzen, Gasteiz eta Bilboko beste boluntario birekin.

- Eibar KE-k Perun daukan foball eskolan egon zara?

Hori da, Eibar-Piura Kirol Eskolan. Orain dela urte batzuk Eibar KE-k hitzarmena sinatu zuen hango foball eskolarekin, baina eskolak 13 urte daramatza martxan. Egoaizia ere aspaldi dabil han lanean.

- Nolakoa izan da zure jarduna?

Foballeko entrenatzailea izan naiz. Mutilen hiru talde (14 urtekoak, 16 urtekoak eta nagusiak) eta nesken bi talde (13 urte ingurukoak eta 14 urtetik gorakoak) entrenatu ditut. Urte osoan zehar eurekin lan egin duten entrenatzaileak dituzte talde horiek eta gu laguntzera joan ginen. Entrenatzaile lanetan, beste entrenatzaileei laguntzen eta beste edozertarako prest egon naiz.

- Aurretik beste talderik entrenatu duzu?

Eibarko foball eskolan ibili izan naiz ume txikiak entrenatzen. Beraz, banekien entrenatzaile izatea zer zen, baina Perun bizitakoa ez da gauza bera izan.

- Zergatik?

Alde handia dagoelako hemengoarekin alderatuz. Instalakuntza aldetik ez daukate ia ezer. Lurrezko zelaiak dituzte, hiru makilekin ateak egiten dituzte eta horrela moldatzen dira. Hori ikustea oso ona izan da niretzat, hunkigarria. Pozik joaten dira entrenatzera, konpromiso handiarekin. Hango foball eskolak Eibar KE-rekin hitzarmena sinatu izanak asko motibatzen ditu jokalari eta entrenatzaileak, eta Eibarko kamisetak harro jazten dituzte.

- Nolako esperientzia izan da zuretzat?

Oso ona, oso aberasgarria. Horrelako toki batetara joan eta gustokoen dudana egitea zoragarria izan da. Edozeinek bizi beharko lukeen esperientzia dela esango nuke. Beste errealitate bat ezagutzen duzu, beste kultura bat, ezberdina, eta ez duzu herrialde bat turista moduan bakarrik ezagutzen, hango familia batekin bizi zarelako. Oso gustora egon naiz eurekin eta asko zaindu naute.

- Nolakoa da Piura?

Oso handia, 500.000 biztanle inguru ditu eta Eibarrekin alderatuta oso ezberdina da. Foballaren kontua ez dago oso ondo antolatuta, egoera politikoa ez da oso ona eta korrupzio asko dago. Beraz, laguntzen saiatzen gara moduren baten.

- Turismoa egiteko aukera izan duzu?

Bai, Machu Picchu eta Andeetara joateko aukera izan nuen.

- Zer moduzkoa izan zen agur esateko momentua?

Oso zaila. Pena handia eman zidan foball eskolakoak agurtzea, eta familiarekin zer esan. Bi hilabete izan dira, baina oso azkar pasa dira. Gainera, hango bizimodura egokitu naizenean, etortzea tokatu zait. Esperientzia hau bizi izateak markatu egin nau.

- Egoaizian jarraituko duzu?

Bai! Urriaren 20an Bazkari Solidarioa egingo dugu eta bagabiltza lanean.