Joxepo Teres (Aranzadi): “Perretxiko txarrak puskatzeko ohitura baztertu behar da”

Joxepo Teres (Aranzadi): “Perretxiko txarrak  puskatzeko ohitura  baztertu behar da”
2019/10/22 10:23
eta kitto!
 “Urola Kosta Bailarako Perretxikoak” hitzaldia eskaini zuten ostiralean Unai Fernandez eta Joxepo Teres Aranzadi Zientzia Elkarteko kideek Eibarko Klub Deportiboaren lokaletan, Jardunaldi Mikologikoen egitarauaren barruan. Ondoren “txanpi pintxo-pote berezia” egon zen. Eta domekan, berriz, eskoletako haurrek eta gurasoek hartu eta, Aranzadikoen laguntzarekin, sailkatutako perretxikoak erakutsi zituzten Untzagan (ARGAZKIAK IKUSTEKO SAKATU HEMEN).


– Zein perretxiko bildu daitezke Urola Kosta bailaran? Lur emankorra da?
Habitaten aniztasuna handia da eta, ondorioz, baita onddoena ere. Kostaldetik hasita, hareatza eta dunak ditugu Zarautz eta Zumaian, belardi, larreak eta baso mota desberdinak. Autoktonoen artean artadiak, artelatzez osatutakoak (Euskal Herrian bakarrak Zarautz eta Getaria artean), haltzadiak eta baso mistoak (lizarra, zumarra…), hariztiak, urkidiak eta pagadiak. Aloktonoen artean, haritz amerikarrez osaturiko basoak, pinudiak, izeidiak, Lawsonianez osaturikoak... Egin ditugun ikerketetan 1.200 espezie baino gehiago inbentariatu ditugu.

– Zelako berezitasunak ditu bailara horrek perretxikoen arloan?
Dunak eta hareatzak garrantzi handiko habitatak dira, eta herrialde gehienetan legearen babesean daude. Hor garatzen den bizidunen komunitatea bertako bizi baldintza gogorretara moldatua dago etabizileku horietan bakarrik azaltzen dira. Beraz, sistema horietan bizi diren onddoak oso urriak dira, Euskal Herrian horrelako ekosistemak kasu gehienetan desagertu direlako. Dunetan azaltzen diren espezie batzuk (Agaricus devoniensis eta Hygrocybe conicoides) EAEko behin behineko zerrenda gorrian azaltzen dira, eta beste hainbat espeziek Zarautz eta Zumaiako duna eta hareatzetan bilatzen dute euren azken bizilekua. Bestela, bailaran dagoen espezie kopurua onddoen aniztasunaren adierazle da. Bada espezieren bat edo beste Euskal Herrian bailara horretan bakarrik azaldu dena, eta badugu espezieren bat mundu osoan orain arte Pagoeta Parke Naturalean bakarrik aurkitu dena.

– Perretxikoak bildu ondoren, zelan kontserbatu daitezke hobeto? Izoztea komeni da?
Perretxikoak erabilpen zientifikorako, hasieran, lehortu egiten ditugu (lehorgailu berezi baten bidez). Lehortu ondoren, izoztu egin behar dira organismo desberdinak hiltzeko (normalean -20º C-tan astebete inguru). Gero poltsetan sartzen ditugu euren fitxa zientifikoarekin (izena, habitata, lekua, nork bildu duen) eta herbarioan gorde. Aranzadin 34.000 bilketa baino gehiago ditugu.
Kontsumitzeko gorde nahi badira teknika desberdinak erabiltzen dira. Espezie batzuk lehortu egiten dituzte (zizahoria…), beste batzuk olioetan gordetzen dituzte (onddo zuriak, esaterako), beste zenbaitek olio gutxirekin zartaginean buelta batzuk ematen dizkiete eta ezer bota gabe izozten dituzte, ondoren eta beharraren arabera behar bezala egiteko... Baina Aranzadin saileko mikologo gehienek perretxikoak ez dituzte jasotzen kontsumitzeko. Hori bai, diotenez, perretxikoak ez dira freskoak edo gordinik izoztu behar, gero sukaldatzeko oso egoera kaskarrean geratzen direlako.

– Zein hankasartze dira ohikoenak perretxikoak biltzean? Zelan konpondu daitezke?
Arriskutsuena, dudarik gabe, perretxiko hiltzaile bat jangarria delakoan jasotzea da. Gure bailaran hiltzaile berdeak eman ditu arazo gehienak: jendeak gibelurdin berde kolorekoekin nahasi ohi ditu, eta txapelak bakarrik jasotzeko ohitura txarraren ondorioz ezbeharra gertatu da. Horregatik da hain garrantzizkoa perretxikoa azpitik eta laban baten laguntzaz osorik ateratzea. Horrela txapela berdea duen perretxikoekin, bolbarik edota eraztuna duen ala ez konturatu eta nahasketa arriskutsuak saihestu daitezke.
Bestela, perretxiko batekin zalantzak daudenean, mikologo edo horretaz dakienarekin kontsultatu behar da. Eta, jakina, perretxikoa ez kontsumitu. Aranzadin astelehen arratsaldetan ateak irekitzen ditugu kontsultak egin eta bildutako materiala kontrastatzeko. Espezieak ezagutzeak garrantzi handia du eta horretarako balio dute elkarte mikologikoen erakusketek. Nire ustez, perretxiko asko erakutsi baino alderdi didaktikoari eman beharko genioke indar gehien: onddoen egoera eta arriskuak, onddoen garrantzia ekosistemetan, perretxiko jangarri eta pozoitsuak ez nahasteko prozedurak...
Biltzaile batzuen artean badago benetan lotsagarria iruditzen zaidan ohitura, euren ustez perretxiko txarrak direnak puskatzekoa. Askok uste dute txarrak direnak puskatuz jateko onak bakarrik aterako direla toki berean; eta ez da horrela, perretxiko horiek mizelio desberdinetatik ateratzen direlako. Naturarekiko errespetu eza adierazten du horrek, ez besterik. Kontuan izan behar da onddo eta zuhaitz artean dagoen sinbiosia oso garrantzitsua dela basoak ondo garatzeko eta onddoen aniztasunerako.
Eta, jakina, plastikozko poltsa erabili beharrean saskiak erabili. Perretxikoak gordinik edota oso gutxi eginda ez dira jan behar, kopuru handietan ez jatea aholkatzen da, eta jaso ere neurrian egitea.Joxe