Juan Ramon Garai: “6.500 gerrako umeren izenak jaso ditugu eta kopurua gora doa”

Juan Ramon Garai: “6.500 gerrako umeren izenak jaso ditugu eta kopurua gora doa”
2022/05/10 eta kitto!
Intxorta 1937 kultur elkarteak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin, Gerra Zibilean erbestera ihes egin behar izan zuten umeen memoria berreskuratzeko lana egiten dihardu. Ekimena orain dela urte bi hasi zen eta harrezkero Eibarko 437 gerrako umeren izenak jaso ditu.

 

Zerrenda osatzeko asmoz, maiatzaren 5ean zuzeneko arreta bulegoa jarriko zuten Portaleko 3109 batzartokian (3. solairuan), eta hilaren 12an eta 19an berriz izango dira bertan, 18:00etatik 20:00etara. Umeen izen-abizenak panel batean jarrita egongo dira, herritarren laguntzarekin osatzeko, eta Intxorta 1937 elkarteak bizirik daudenen edo senideen testigantzak jasotzeko asmoa du.

ARRIZABALAGA ARANA, PAULINO MANUEL FICHA

 

Nola hasi zenuten gerrako umeen memoria berreskuratzeko proiektua?

Intxorta 1937 kultur elkarteak lotura zuzena du Intxortako erresistenteekin eta, Elgetako Udalarekin batera, omenaldi mordo bat egin ditugu bertan. Horrela, 2019an erabaki genuen bizirik zeuden Debagoieneko gerrako umeei omenaldia egitea 2020an. Lanean hasi ginen eta pandemia iritsi zen. Etxetik jarraitu genuen lanean Eusko Jaurlaritzak jasota dituen milaka izenak aztertzen eta sorpresa hartu genuen Debagoieneko 65 ume zeudela ikustean.

Ezustekoa zergatik?

Zera pentsatu genuen: 65 ume Debagoienekoak badira, Gipuzkoan 500 gerrako ume baino gehiago egon beharko dira. Orduan, beste herri batzuetan gerrako umeen inguruan azterketarik egin omen zen ikusten hasi nintzen eta, Eibarren eta Lasarten izan ezik, beste inon ez da ikerketarik egin. Pena da, jende hori nagusia delako, poliki-poliki hiltzen doalako inongo aitortzarik gabe... eta Gipuzkoako Foru Aldundiari lan hau egiteko proposamena egin genion.

Nolako lana izaten dihardu?

Intxorta 1937 elkarteaz gain, historiadoreak (Josu Chueca, adibidez) eta bestelako teknikariak daude ikerketan lan egiten. Hasierako helburua 5.000 umeren izenak jasotzea zen, baina 6.500 jaso ditugu dagoeneko eta kopurua gora doa.

Zailtasunak aurkitu dituzue bidean?

Liburuetan ez dira hainbeste ume azaltzen, ez zutelako guk egiten dugun lana egin. Frantziako, Kataluniako eta Espainiako artxibo guztiak arakatzen dihardugu. Adibidez, Salamancakoa aztertzen gabiltza orain eta ezustekoa hartu dugu.

Zergatik?

‘Kataluniako Paperak’ Kataluniara eraman zituzten, baina katalanek ez zituzten euskaldunen paperak eraman eta euskaldunek ez zituzten hona ekarri; beraz, Salamancan geratu ziren. Hara joan ginenean signatura batzuk eraman genituen, baina horietaz aparte milaka fitxa euskaldun aurkitu genituen eta harrituta geratu ginen. Astebetez egon ginen han lanean lau lagun, baina, hainbeste zegoenez jasotzeko, oraindik lanean jarraitzen dugu han. Itzela da oraindik, 85 urte eta gero, fitxa horiek guztiak Euskal Herrira ekarri ez izana. 60.000 euskaldun inguru joan ziren Kataluniara eta badakigu gutxienez euskaldunen 20.000 fitxa badaudela.

Beraz, gerrako umeen zerrenda handitzen doa etengabe?

Ba pentsa, martxoaren hasieran Eibarko 357 umeren izenak genituen identifikatuta eta hilabete geroago 437 zenbatu ditugu. Hori Eibarren bakarrik! Horrek esan nahi du Eibarren gerrako  500 ume baino gehiago egon zirela ziurrenik.

Eta kontuan izanda oraindik ez zenutela martxan jarri maiatzean zehar jarriko duzuen zuzeneko arreta zerbitzua…

Ego Ibarrak eta Badiharduguk 2012an egindako ikerketak asko lagundu digu. Dokumentala, elkarrizketak, izenen zerrenda… jaso zituzten. Orduan 200 izen inguru atzeman zituzten eta dagoeneko bikoiztu egin dugu zerrenda. Beraz, lana egiteko dagoela ikusi dugu eta hortik irten da Soraluzen eta Eibarren zuzeneko arreta zerbitzua jartzeko ideia.

Zergatik bi herri horietan?

Soraluze eta Eibar artean oso lotura estua dagoelako, nahastuta daudelako. Soraluzen jaiotako batzuk eibartar bezala agertzen dira eta alderantziz. Adibidez, Errusian egondako Soraluzeko gerrako ume bat elkarrizketatu genuen eta, Ignacio Agirregoikoa Benito hegazkinlariari buruz berbetan, esaten zigun toki guztietan eibartarra izango balitz bezala agertzen zela, baina ez zela Eibarkoa, Soraluzekoa baizik. “Txikitan nirekin jolasten zuen Soraluzen!”, esaten zigun.

Horregatik da garrantzitsua pertsona hauen zuzeneko testigantza jasotzea?

Arrasaten jasotako 300 izenetatik 30 lagun bizi badira (Debagoienean 65 gerrako ume daude bizirik), hiruko erregela erabiliz, Eibarren 500etik 40 lagun baino gehiago bizi behar dira, eta momentuz bi bakarrik elkarrizketatu ditugu. Gure helburua bizirik dauden gerrako umeak elkarrizketatzea da eta, bizirik ez badaude, haien senideak. Bizirik jarraitzen dutenak 85 urtetik gorakoak dira eta, beraz, ahalik eta azkarren egitea komeni da.

Nola jasotzen duzue informazio hori guztia?

Gerrako umeen izen-abizenak jasotzeaz gain, euren argazkiak biltzen ditugu (zaharrak edo berriak) eta elkarrizketak bideoan grabatzen ditugu. Elkarrizketak egiteko profesional biren laguntza jasotzen dugu eta dagoeneko 40 elkarrizketatik gora egin ditugu Gipuzkoa osoan.

Eibarko gerrako ume gehienak badakizue nora joan ziren, baina oraindik ez dakizue 33 ume non ibili ziren. Arreta zerbitzuak hori argitzen lagundu dezake?

Baietz espero dugu. Datu Babeserako Legearen ondorioz arazoak izaten ditugu zenbait informazio lortzeko orduan eta horrela, herritarrei zuzenean galdetuta, behar dugun informazio hori lortu dezakegu.

Zer egingo duzue jasotako guztiarekin?

Momentuz lan hau burutuko dugu eta, gero, zer egin erabakiko dugu. Baditugu ideia batzuk: erakusketa ibiltaria egitea herriz herri, zerrenda guztia jasotzen duen liburua argitaratzea, elkarrizketen bideoak Udalei ematea...