Juanjo San Sebastian, alpinista: “Esperientziak kontatzean ikasi duzunaz jabetzen zara”

Juanjo San Sebastian, alpinista: “Esperientziak kontatzean ikasi duzunaz jabetzen zara”
ETA KITTO 2019, Mar 18

Mendiari lotutako bizitza izan du Juanjo San Sebastianek eta mendian jasotakoaren berri emango digu hilaren 20an, eguaztena, 19:00etan Portalean. ‘El viaje’ izenburua duen hitzaldia eskainiko du Bilboko alpinistak, igotako metro eta egindako kilometroetatik aparte, mendi artean bizitza osoan egindako bidaietan bizitakoa kontatzeko. Sarrera doakoa izango da.

 

– Nola hasi zen zure bidaia alpinismoaren munduan?

Nora eramango ninduen jakin gabe. Txikitan gurasoekin mendira joaten nintzen eta 15 urterekin eskalatzen hasi nintzenean ez nuen uste Atxarte edo Europako mendietatik haratago joango nintzenik. Zorionekoa izan naiz, aurretik jende gutxi joan izan zen tokietara joateko aukera eman zigun sasoia bizi nuelako. Toki horiek bakardadean gozatzeko aukera izan genuen.

– Sasoi hartatik gaur eguneraino aldatu egin da mendiarekiko duzun ikuspuntua?

Bai. Lehen informazio gutxi genuen. Toki batera joan nahi bagenuen, ez genuen erreferentzia handirik eta, gainera, ezin ginen konparatu K2 edo Makalura gu baino lehenago joan zirenekin, ez genekielako nola eskalatzen zuten, gu baino hobeagoak ziren edo ez… Ez genituen ezagutzen. Mendiek eskaintzen duten gauza interesgarri guztiak mantentzen genituen. Batetik, aitzindariak izan barik, mendietara joateko aukera genuen; eta bestetik, erreferentziarik ez genuenez, abentura bizitzen genuen.

– Denborak aurrera egin ahala erronka berriak aurkitzeko premia izan duzu?

Nire adinarekin ez dut erronka berririk bilatzen. K2 igotzen saiatu nintzen lehen alditik gailurrera heltzea lortu nuen arte 11 urte pasa ziren. Mendi batentzat 11 urte ez dira ezer, baina pertsona batentzat bai. Bidaiari batek bizitzan zehar izaten dituen ikuspuntu aldaketei buruz egiten dut berba ‘El viaje’ hitzaldian. Bizitzako momentu batean onenak izan nahi dugu eta horretarako edozer gauza egiteko prest gaude. Hilezkorra sentitzen zara. Gero, ikusten duzu ez zarela onena izan, baina bizitako esperientziei esker zure abileziak eta ahalmenak hobetzeko aukera izan duzula. Hilezkorra ez zarenez, denborak zure tokian jartzen dizu eta jakintsuagoa egiten zaitu.

– K2 eta Alpamayo mendiak zuretzat bereziak direla esan izan duzu. Zergatik?

Europatik kanpo eskalatu nuen lehen mendia Alpamayo izan zen. 25 urte nituen eta espedizio ahaztezina izan zen. 1979. urtea zen eta urtebete beranduago Everestera joan ziren Martin Zabaleta (Pasang Temba sherparekin goraino iritsi zen bakarra), Felipe Uriarte, Juan Ignacio Lorente, Angel Rosen eta abarrekin joan nintzen. Nire heroiak ziren sasoi hartan. Bestetik, K2-ko istripuaren ondoren (San Sebastianekin gailurrera iritsi zen Atxo Apellanizek bizia galdu zuen jaitsieran eta berak eskuko hainbat atzamar galdu zituen) pentsatzen nuen ez nintzela berriz mendira itzuliko, baina Alpamayon jatorrira itzuli nintzen eta ihes egin zidala uste nuen mundu berri bat deskubritu nuen berriz.

– Menditik urruntzeko beharra sentitu duzu inoiz?

Bai, urrundu naiz noizbait. K2-ko istripuaren ondoren urtebete baino gehiago egon nintzen eskalatu barik, 1994tik 1998ra ez nintzen Himalayara joan… Etxetik gertu egindako eskaladekin tartekatu ditut gelditasun aldiak. Hala ere, beti ibili naiz alpinismoarekin zerikusia duen zerbait egiten.

– Mendian bizitako esperientziak partekatzea gustatzen zaizu?

Alpamayo lehen aldiz igo nuenean gailurra ekarri nuen, baina bigarren aldian pare bat kontakizunekin etorri nintzen. Bidaia etxera itzultzean amaitzen ez dela deskubritu nuen, baizik eta bidaia beste bati kontatzen diozunean. Esperientziak kontatzen dituzunean ikasi duzunaz jabetzen zara.

– Bidaia berriak egiteko asmorik duzu?

Ez. Proiektu eta eskalada asko ditut egiteko, denak hemendik hurbil, eta buruko ideia guztiak ordenatu eta zerbait idaztea gustatuko litzaidake.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »