Julen Pato (Galiziako As Burgas kultur etxekoa): “Galiziako kultura Euskadin ezagutzera eman nahi dugu”

Julen Pato (Galiziako As Burgas kultur etxekoa): “Galiziako kultura Euskadin ezagutzera eman nahi dugu”
2016/05/06 eta kitto!
Julen Pato eibartar gaztea, orain dela 13 urte, “Os Galaicos “dantza taldeko kidea da, eta baita Galiziako “As Burgas” kultur etxekoa ere. Lan Harremanak karrerako azken urteko ikaslea da,  goizez klasera joaten  da eta arratsaldez praktiketan ibiltzen da. Asteburuetan, berriz, herriko  taberna batean egiten du lan. Guztiz lanpetuta egon arren, Os Galaicos-en entseguetara joatea gustatzen zaio. Asteburu honetan, Eibarren Galiziako jaiak ospatuko ditugunez, Julen apurtxo bat ezagutzeko aprobetxatu dugu.

- Noiz eta nola hasi zinen As Burgasekin harremanetan?
Orain dela 13 urte lagun bat dantza taldean sartu zenean ni animatu ninduen, eta horrekin batera As Burgas kultur etxearekin ere jarri nintzen harremanetan.

- Zer egiten duzu bertan? Ailegatzen zara?
Gehien egiten dudan gauza As Burgasen bertan dugun taldean egotea da baina orain dela lau urte gutxi gora-bera elkartearen zuzendaritza batzordeko kidea naiz. Egia esanda, aurten lanarekin eta gradu bukaerarekin ez dut betiko harremana izan, baina ahal dudan neurrian bileretara eta Os Galaicosen entseguetara etortzen naiz. Barixakuetan izaten dira.

- Zer jarduera prestatzen dituzue jendearentzat?
As Burgasen jarduera asko prestatzen dira jendearentzat urtean zehar. Urtero  egiten diren jardueren artean daude: umeentzako marrazki eta mozorro lehiaketak, enpanadaren eguna, Galiziako festak, magostos (gaztainerre), kultur etxeko kideentzako ibilaldiak, taldeko umeentzako txangoak, tute eta mus lehiaketak, eta kolaborazio asko. Adibidez, festetan Eibarko trikitilariekin batera abesti batzuk prestatzen ditugu, Memorial Otxoarekin, etab. Azkenean gure helburua apurka-apurka lortzen dugu.

- Zein helburu duzue As Burgasen?
Orain dela urte batzuk Galiziako pertsona asko Euskadira emigratu zuten, eta horren ondorioz bi kultura ezberdin nahastu ziren. Gure helburua ideia bakar batean laburbildu daiteke: Galizako kultura Euskadi mailan ezagutzera ematea eta Euskadi eta Galiziako kulturen nahasketa mantentzea.

- Jende gaztea animatzen da parte hartzen?
Erraza izan ez arren, badugu erreleboa; gazteenek denborarekin gero eta gogo handiagorekin parte hartzen dute dantza eta musika ekitaldietan. Gazteak animatzeko dugun arazo handiena da taldeak erantzunkizun handia eskatzen duela, eta honek denbora asko kentzen duela, batez ere ekitaldiak gertu direnean. Baina gogoarekin hartzen baldin baduzu eta jendearekin harreman ona baldin baduzu oso erraza da urteak igarotzea taldean zein elkartean.