Julen Zabaleta, marrazkilaria: “Igarri barik etorri zaizkit 100 urteak, entretenituta egon naiz orain arte” (BIDEOA)

Julen Zabaleta, marrazkilaria: “Igarri barik etorri zaizkit 100 urteak, entretenituta egon naiz orain arte” (BIDEOA)
2021/02/12 09:10
eta kitto!
Elgoibarren jaio eta bizitzaren zatirik handiena Eibarren egin duen Julen Zabaletak 100 urte beteko ditu domekan. Ia konturatu barik iritsi zaio mendeurrena. Marrazkietan murgilduta, denborak hegan egingo balu bezala. Euskal Herriko historiaren lekuko dira bere lanak, bera den bezala. Zorionak Julen!



Domekan 100 urte beteko dituzu. Nola ospatuko duzu eguna?

Elgoibarko Altzolatarren Dorretxean nire marrazkien erakusketa prestatzen ibili gara Elgoibarko Udalarekin. Yulen 100 da erakusketaren goiburua eta domekan inauguratzeko asmoa genuen, baina airean dago gaur egun bizi dugun egoeragatik. Hasieran gaur ginen joatekoak, ateak itxita herriko hainbat ordezkarirekin ospakizuna egiteko, baina esan digute ezingo dela ezer egin. Dena dela, hainbat marrazki eta koadro eraman ditugu dagoeneko, beraz, egiteko aukera dagoenean erakusketa zabaltzea espero dugu.

Hau da hau! 100 urte beteko dituzu eta erakusketak prestatzen jarraitzen duzu?

Niregatik izango balitz, gehiago egingo nituzke. 8.000 lamina baino gehiago ditut marrazkiekin. Beraz, badut zer erakutsi.

8.000 lamina horiek guztiak baino gehiago ondo ordenatuta edukitzea ez da erraza izango ba!

Metodo ezberdinak erabiltzen ditut marrazkiak ordenatzeko. Nafarroako herrietako marrazkiak, adibidez, alfabetikoki daude ordenatuta. Gipuzkoakoak, ostera, miniaturan daude zenbaki batekin eta, lamina orijinala ikusteko, zenbaki bera duen karpetara jo behar dut. Gipuzkoako 2.500 marrazki baino gehiago ditut.

Erakusketa atzeratzen bada ere, mendeurrena ospatzeko zerbait berezia egingo duzue?

Ez dugu ezer prestatu, egoera honetan bazkaririk ere egin ezin daiteke-eta.

Dena dela, dagoeneko mendeurrena ospatzen hasi zarela jakin dugu…

Urtarrilean, San Anton jaietan, Elgoibarko Altzolatarren Dorretxea filatelia-elkarteak omenaldia eskaini zigun Koldo Lizarralde historialariari eta bioi zigilu-erakusketaren amaiera saioan. Hara joan ginen, oroigarria jaso genuen eta kitto, ez genuen bazkaririk edo horrelakorik egiteko aukerarekin izan, baina ekitaldi polita izan zen. Gainera, liburuxka bat kaleratu dute gure omenez. Koldo eta bion biografia irakurri daiteke bertan, eta kontrazalean bion argazki bat dago, 2014ko Elgoibarko jaien hasierako txupinazoan.

Beraz, zure bizitza laburtzen da liburuxkan?

Bai, hori da. Hasieran nire aitaren (Telesforo Zabaleta, ‘Txatua’) historia kontatzen da. Bere sasoian autorik ez zegoenez, sei zaldiko gurdiarekin posta eramaten zuen Elgoibartik Azkoitira eta bueltan gero, indio eta bakeroen pelikuletako diligentzien antzera. Sei zaldirekin irteten zen eta Azkarate gainetik hurbil dagoen Kurutzeta baserrira heltzen zenean hiru zaldi aldatzen zituen, atsedena hartu zezaten. Itzuleran, Azkoititik 16:00etan irteten zen eta Kurutzeta inguruan zaldiak txandakatzen zituen berriz. Ez zuen posta bakarrik garraiatzen, janaria, ehungintzarako lihoa eta beste hainbat gauza ere bai. Elgoibartik lihoa eramaten zuen eta Azkoititiko abarkak ekartzen zituen, herri abarketaria zelako. Bestetik, gurdia zuenez, Altzolara joaten ziren bainu-zaleak hara eta hona eramaten zituen. Txofer lana egiten zuen.

Zuk sasoi hori bizi izan zenuen?

Ez, aitari entzundako istorioak dira. Hala ere, ‘Oficios Tradicionales’ egiten negoenean antzeko gurdietan ibili izan nintzen, Soraluzeko Antonio Plazaola ‘Turkua’-rekin. Garraiolaria (errekadistia) zen eta zaldi bakarreko gurdi handi batekin ibitzen zen. Hara eta hona ibiltzen zen eskopetak eta horrelakoak garraiatzen. Hemen inguruan toki askotan egiten zituzten eskopetak. Elgoibarko San Pedro bailarako ia baserri guztietan egiten ziren eta asteburuetan baserritik jaitsi, trena hartu, Eibarrera etorri, eskopetak entregatu eta kobratu egiten zuten baserritarrek.

Zurean ere eskopetak egiten zenituzten?

Nire arrebek perleatua egiten zuten. Eskopeten grabatuak perleatu egiten ziren, hari lodiarekin eta puntzoiarekin. Apaingarria zen. Arrieta bitxi-dendarentzat egiten zuten lan. Bost anai-arreba ginen, neu naiz zaharrena eta bizirik dagoen bakarra.

Eskulanekin artistak zarete familian! Nola hasi zinen marrazkilaritzan?

Bost urterekin baserrira itzuli ginen amama gaixo zegoela eta zazpirekin, amama hil zenean, kalera bueltatu ginen. Tartean, sei urte bete nituenean, aitak lapitza oparitu zigun seme biei. Mehe-mehea zen eta bastoi itxura zuen. Lapitz hura jasotzea demasekoa izan zen niretzat. “Hau zertarako da?”, galdetu nion aitari, eta paperean marrak egin zituen. “Auto bat egingo dugu”, esan zidan gero, eta poliki-poliki marraztu zuen. Gero nik egin nuen.

Nola ikasi zenuen?

Bederatzi urterekin lehengusuen etxean jolasten nengoen eta entziklopedia bat zuten. Historia beti gustatu egin izan zait eta zabaldu egin nuen. Bertan argazki bat ikusi nuen, Don Juan Prim zaldi gainean, eta marraztu egin nuen, beste barik. Marrazkilaria izateko ez da ezer berezirik behar, egin egin behar da. Benetako afizioa eta iraunkortasuna behar da. Marrazkiak egiten dituzun neurrian ikasten duzu, etengabe saiatuz. Berez ikasi dut, maisua izan naiz. Eredu bat ematen badizute, zergatik ez duzu bertan ikusten duzun moduan marrazten? Gaizki egiten baduzu, borratu eta ondo egin. Horrela ikasten da.

Ez duzu marrazkilaritza ikastarorik jaso?

Dibujo eskolara joan nintzen zerbait gehiago ikasteko asmoz. 11:00etatik 12:00etara joaten nintzen. Behin, greziar profila marrazteko eskatu ziguten eta albokoa begira nuen denbora guztian (barreak). Bizkor amaitu nuen marrazkia. “Mekatxis!”, esan zuen irakasleak.

Orduan, akademiara edo dibujo eskolara joan behar barik, berezkoa duzu marrazkilaritzarako trebezia?

Bai, baina afizioa izatea eta etengabe saiatzea garrantzitsua da. Liburuetako argazkiak izan ditut oinarri, bertan azaltzen dena marrazten ibili naizelako. Gipuzkoako dorreak marrazten hasi nintzen, ermitak gero… Asko gozatu dut hara eta hona ibiltzen, eraikuntzak bilatzen. Gainera, historiari buruz asko ikasi dut horrela. Eraikuntza guztiek dute historia. Adibidez, antzina gertatzen zen Ameriketara joandakoak aberastuta itzultzen zirela Euskal Herrira, urrezko haginekin eta guzti, eta ermita asko eraiki zituzten herriari ondasun bat eskaintzen ziotela erakusteko.

Eraikuntzak marrazteaz gain, beste motatako marrazkiak egin dituzu?

Bai! Erretratuak, karikaturak, lanbideei buruzkoak… Izan ere, hainbat enkargu jaso ditut liburuetarako ilustrazioak egiteko. Adibidez, antzina Oñatin gertatutako izurritea irudikatzen duten 12 lamina entregatu nituen aurreko astean. Gaixoak nola jausten ziren ere ikusi daiteke.

Zein prozesu jarraitzen duzu marrazkiak egiteko?

Liburu batetik argazkia hartzen dut edo, bestela, neuk egiten dut argazkia, eta gero marraztu egiten dut. Hasieran lapitza erabiltzen dut eta lumarekin marrazten dut gero.

Egongo dira asko kostatu zaizunak ere…

Horrelakoak gertatzen zaizkidanean, haserretu egiten naiz eta marrazkiak apurtzen ditut (barreak). Gero, berriz hasten naiz, nahi dudana lortu arte. Askotan gertatu zait hori, ez pentsa! Zaila da lehendabiziko saiakeran den-dena ondo egitea.

Zure etxea museo antzeko bat da hainbeste marrazki, sari eta oroigarrirekin. Polita da jendearen esker ona jasotzea?

Hainbat elkarterentzat marrazkiak egin izan ditut eta oroigarriak eman dizkidate esker onez. Adibidez, Elgoibarko filatelia-elkartekoekin urteak eman ditut elkarlanean eta asko eskertu didate egindako lana.

Elgoibarren jaio zinen, baina urte asko daramatzazu Eibarren bizitzen. Bihotza erdibituta duzu?

Beno, horrelakoetan badakizu: gizon bat Jainkoak nahi duen tokian jaiotzen da, baina emazteak nahi duen tokian bizi da. Emaztea, Hortensia San Martin, Juan San Martinen arreba, eibartarra zen eta hona etorri nintzen bizitzera. 1951. urtean ezkondu nintzen, beraz, 70 urte daramatzat Eibarren. Abentura asko bizi izan ditut Juanekin. Egun batean eskalada egitera joan ginen, baina behin egin eta kitto. “Hori beste batzuentzat!”, esan nuen. Hura bai zela bizimodua, ondo bizi ahal dena!

Horrela iritsi zara mendeurrenera. Zer sentitzen duzu 100 urte beteko dituzula pentsatzean?

Igarri barik etorri zaizkit 100 urteak, entretenituta egon naiz orain arte. Marrazki artean konturatu barik pasatzen da denbora. Asko gozatu dut egindakoarekin. Zer marraztuko nuen pentsatzea, tokiak aurkitzea, argazkiak egitea, marraztea… Egindakoaz gozatzea izan da sekretua, beti egin dudalako horrela.

100 urterekin ere gozatzen jarraitzeko gogoz zaude?

Martxan jarraitzen dut. Agian ez da denbora askorako izango, baina bitartean gozatzea da kontua. Adibidez, badut marrazki bat buruan. Konturatu naiz ez dudala Elgoibarko armarriaren marrazkia (galdu egingo zen akaso) eta argazki on baten bila nabil marrazteko.