June Ibarloza (modeloa): “Gaur egun modeloen artean aniztasun handiagoa dago”

June Ibarloza (modeloa):  “Gaur egun modeloen artean aniztasun handiagoa dago”
ETA KITTO 2020, Urt 17

June Ibarloza 17 urteko modelo eibartarra da. Bere istorioa film batetatik ateratakoa dirudi. Kasualitatez hasi zen modaren munduan. Joan den urtean, Bilbon erosketak egiten zegoela, publizitate agentzia bateko emakume bat gerturatu zitzaion. Ustekabean harrapatu zuen. Bere modelo agentzia ezagutzeko gonbitea egin zion. Horrela hasi zen dena. Urte honetan zehar marka desberdinekin posatzen eta pasareletan desfilatzen ibili da.

– Gutxien espero zenuenean sortu zitzaizun aukera.
Bai, bapatean izan zen. Nik ez nuen espero mundu horretan sartzea. Ez zegoen nire buruan. Baina aurreko neguan Olentzerorako opariak erosten nengoen Bilboko Gran Vian, eta SF40 agentziako arduraduna hurbildu zitzaidan, euren agentzia ezagutzera joateko proposatuz. Amarekin nengoen eta “flipatuta” gelditu ginen. Hala ere, dirudienez jendea kalean fitxatzearena uste duguna baina maizago egiten da. Egun batzuk geroago joan ginen.

– Egia da gaur egun modeloen artean askoz ere aniztasun handiagoa dagoela?
Nire agentzian neska mordoa dago eta desberdinak gara gure artean. Aniztasun handia dago. Dena dela, egia da desfileetan edo pasareletan ezaugarri konkretuagoak eskatzen direla, esate baterako, altuera. Nik 1,78 neurtzen dut eta, hala ere, txikienetakoa naiz pasarelan.

– Mundu berri bat ezagutzen ari zara.
Ezer jakin barik sartu nintzen eta kanpotik ikusten dena baina askoz gehiago dagoela esan dezaket. Oso gustora nago eta espero dut horrela jarraitzea. Batzuetan gure lana zalantzan jartzen da: objetu sentitzen garen galdetu izan digute, eta badirudi modelo bat ezin dela feminista izan. Eta gauza  bateragarriak dira guztiz. Emakumeentzako iraingarria izan daitekeen zerbait ikusten baduzu edo zeozer egin nahi ez baduzu, ezetz esan dezakezu, eta ez da ezer gertatzen. Momentuz hobby bezala hartzen dut. Nire asmoa ikasten jarraitzea da. Batxillergoa amaituko dut aurten Eibarko Institutuan eta datorren ikasturtean ingeniaritza bat egiteko asmoa daukat. Balleta ere egiten dut eta dena konpaginatu ahal izatea espero dut.

– Zelako lanak egin dituzu?
Adibidez Pukas Surf eta Ternuarekin egin dut lan. Udan Pukas-ekoekin 2020ko bikinien kanpaina egin nuen estudio barruan, eta orain dela gutxi Ternuakoekin egon naiz Aralarren. Furgoneta baten aldatzen genuen arropaz, dena elurtua zegoen eta sekulako hotza egiten zuen. Beraz, esperientzia desberdinak izan dira, leku eta lan egiteko modu desberdinekin. Bestalde, era askotako desfileak egin ditut (La Encartada Modako desfilea, Gueñeseko Vestidos de Papel, GetxoModa…), baina gehien gustatu zaidana Goi mailako Diseinu Eskolak Guggenheimen antolatutakoa izan da: kanpotik etorritako disenatzaile asko zegoen eta lekua ere aparta zen.

– Zer da gehien gustatzen zaizuna?
Jende asko ezagutzen ari naiz eta asko ikasten ari naiz haiengandik. Hori da gehien gustatzen zaidana, denbora guztian ikasten nagoela. Asko fijatzen naiz. Bestalde, oso pertsona soziablea naiz, baina gehiago mundu honetan hasi naizenetik. Azkeneko desfilea, Guggenheim Museoan egin genuena, nazioarte mailakoa izan zen eta herrialde desberdinetako jendea zegoen (Italia, Frantzia, Ingalaterra, Alemania…) Ni agentziako berriena eta gazteena nintzen eta asko gustatu zitzaidan hain jende desberdinarekin egotea,

– Aisialdian zer gustatzen zaizu egitea?
Balletaz gain lagunekin irtetea asko gustatzen zait. Bai etxean eta bai lagunek asko animatzen naute. Euren babes osoa daukat.

June Ibarloza argazkia

Argazkia: Ines Uribe

June Ibarloza hondartza

Argazkia: Ana Panova

June Ibarloza pasarela

Argazkia: Ana Panova

June Ibarloza itsasoa

Argazkia: Mdraft studio: Aitor Laspiur eta Ane Gorosabel

 

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »