KAXA: “Gazteen artean komunitate artistiko bat sortzea da gure helburu nagusia”

KAXA: “Gazteen artean komunitate artistiko bat sortzea da gure helburu nagusia”
2019/11/08 eta kitto!
Jone Barandika, Marina Crucelaegui eta Marta Prolek martxan jarri duten Kaxa proiektuak jaso zuen Ekingunek antolatzen duen 2019ko ‘On Ekin’ saria. Sormenaren eta mugimenduaren bitartez osasun fisiko eta emozionala sustatzen dituen diziplina anitzeko elkartea da ‘Kaxa’ eta edozein pertsonarentzat ditu ateak zabalik. Eurekin kontaktuan jarri nahiz izanez gero, @kaxagunea helbidean aurkituko dituzue sare sozialetan, www.kaxa.eus webgunean, info@kaxa.eus helbidera idatzita edo 689 116 104 telefonora deituta.

 

- Zer aurkitu dezakegu Kaxako atea zabalduz gero?

Kaxa familian eta mimoz sortutako proiektua da. Espazio libre bat, non norbera nahi duena izan daitekeen. Sormena eta mugimenduaren bitartez haur eta helduen osasun fisiko eta emozionala sustatzen dituen diziplina anitzeko elkarte bat gara. Dantza eta sormena integrazio sozialerako eta bizikidetzarako tresna gisa lantzen ditugu, elkarlana, hezkidetza, integrazioa, naturarekiko errespetua, kulturaren sustapena eta euskararekiko konpromisoa sustatuz. Hau guztia aurrera eramateko ekintza desberdinak burutzen ditugu, edonori zuzenduak daudenak.

- Zeintzuk dira zuen helburu eta asmoak?

Bilakaera pertsonala eta profesionala dira gure proiektuaren abiapuntua. Hala ere, ez da gure ideiaren ernamuina. Proiektu hau martxan jarri dugun hiru bazkideok txikitatik hartu ditugu dantza eskolak. Hainbeste urtetan dantzan ibili ondoren, gure bizitzaren parte izateaz gain, guretzako komunikazio tresna eta bizimodu bat da dantza, eta horregatik sortu dugu Kaxa. Ikasketak eta arlo profesional itxuraz desberdinetan aritu garen arren, gure proiektuak esparru horiek integratzen ditu. Jarduera artistikoak osatuz psikologia, hezkuntza eta ikus-entzunezkoak tartekatzen ditugu. Gure ikasleek ikastea nahi dugu, baina, batez ere, ikuskizun bat sortzeko prozesua osatzen duten fase guztietan gozatzea. Gainera, garrantzitsua iruditzen zaigu euskarazko jarduera bat eskaintzea, txikienek, hizkuntza, esparru akademikoari bakarrik lotu ez dezaten. Bestalde, artea aldarrikapen tresna gisa erabiltzeko aukera paregabea dela uste dugu. Ekintzetan sinesten dugu. Kalean presente egon nahi dugu, kultur eta gizarte ekitaldi ezberdinetan, Euskeraren Eguna edo Emakumearen Eguna bezala. Pertsonen arteko lankidetzan sinesten dugu, gizarte aktibo bat lortzeko.

- Nolako onurak jaso ditzakete Kaxan parte hartzen dutenek?

Musika eta mugimendua erabiltzen ditugu erreminta gisa, eta hortik abiatuz, gaitasun ezberdinak lantzen ditugu: erritmoa, malgutasuna, komunikazioa, sormena, psikomotrizitatea eta muskuluen indartzea, besteak beste. Jendea talde baten parte dela sentitzen den espazio bat sortu dugu. Pertsona berriak ezagutzeko leku bat da, belaunaldien eta gizarte-taldeen arteko harremanak sortzeko tokia. Hitz batean, familia bat.

- Gauza ezberdinak egiteko aukera eskaintzen duzue. Nola funtzionatzen du?

Elkarreraginez aktibitate global bat eskaintzea da gure xedea. Batetik, ‘Mugisormen’ izeneko saioak ditugu 3 urtetik aurrerakoei zuzendurikoak. Ikuskizun bat bere osotasunean ulertu eta ezagutzeko balio dute, eta, musika ardatz izanik, dantza, antzezpena, atrezzoa eta ikus-entzunezkoak lantzen ditugu. Bestetik, ‘Antzezpena’ dugu, ume eta helduentzako. Teknika ezberdinak ezagutu eta praktikan jarriz, hainbat dira antzezpena lantzeak dituen onurak: auto-konfiantza, gorputz-espresioa, auto-ezagutza, autoestimua, kontzentrazioa, gorputzaren kontrola, erlaxazioa, sormena. Hirugarrenik, ‘Hasi dantzan’ dago, helduentzako, eta batez ere aurretik dantza egin ez dutenei zuzenduta. Bertan teknikak hasieratik azalduko ditugu, dantzaz gozatzeko aukera paregabea izanik. Koreografia errazak sortuz, ongi pasatzea da ardatz nagusia. Gero, Dantza Lehiaketa’ dago, taldean landutako koreografia bat eszenatoki desberdinetan dantzatzeko esperientzia paregabea. Helburu nagusia konpromisoa, dantza, jarrera, espresioa, talde kohesioa... lantzea da. Ondoren, ‘Dantza fitness’ dugu, dantza egiten kirola praktikatzeko. Soinu eta erritmo desberdinak erabiliz gorputz osoa lantzen dugu eta, kirola egiteaz aparte, klase hauen helburua ondo pasatzea da. Eta azkenik, ‘Hauspoa’, IES Eibar BHI eskaintzen duen klasez kanpoko programa. Bertan parte hartzen dugu jarduera desberdinak ematen: ikus-entzunezko tailerra, luzaketak, hip-hopa... Bestalde, ikasleei eta Eibarko gazteriari zuzendutako ‘Mugisormen’ tailer bereziak eskaintzen ditugu ostiraletan musu-truk. Bertan adin desberdineko ikasleekin lan egiten dugu, eta aukera ona da eskolaz kanpoko ekintzak egiteko aukerarik ez duten pertsonentzat. Poliki-poliki gazteen artean komunitate artistiko bat sortzea da gure helburu nagusia.

-Zein metodologia erabiltzen duzue?

Balioetan oinarritutako hezkuntza da gure proiektuaren muina. Hau da, berdinen artean hezitzen dugu, sexuaren eta gizarte-taldeen arteko alderik gabe. Talde-lanean sinesten dugu bere kulturaz, naturarekiko errespetuaz eta euskararekiko konpromisoaz kontziente den gizarte bat lortzeko. Garrantzitsua iruditzen zaigu balore hauek egunerokotasunean presente egotea, pertsonak daukaten hezkuntzari informazioa gehitu eta sakonduz. Erabiltzen dugun metodologiak desberdinak egiten gaitu. Gure ikasleak aktiboak izatea nahi dugu. Horregatik, ikasturtean zehar egiten ditugun proiektuak guztion artean sortzen ditugu: gaiak erabaki, musika aukeratu, eta bideoak eta dekoratuak denon artean osatu, adibidez. Ideia guztiak baliodunak eta beharrezkoak direla uste dugu.

- Nori dago zuzendua?

Adin guztietako taldeak ditugu 3 urtetik aurrera. Guztiontzako tokia dago Kaxan. Eibarko kokaleku desberdinetan eskaintzen ditugu gure jarduerak astelehenetik barixakura Jardiñetan, Untzagako jubilatuen egoitzan, Eibar Sasoianen, Helmet Housen, Juanito gimnasioan, Koren, San Andres eskolan eta Eibar BHI Institutuan. Irakaslegoari dagokionez, hiru bazkideok eramaten dugu proiektuaren pisu handiena eta beste hainbat irakasleren laguntza dugu.

- Nola abiatu zen proiektua martxan jartzeko ideia?

Aspalditik dugun ametsa da, eta urte asko daramatzagu elkarrekin dantzan eta elkarlanean. Proiektu propioa lantzeko gogo handia eduki dugu betidanik, eta gure ikasketak eta pasioa batuz ilusio handiarekin sortu dugu Kaxa.

- Eta nolako bidea jarraitu duzue dena martxan jartzeko?

Mugisormen tailerrak hasi genituen eskaintzen asteburu batzuetan Helmet Housen. Hiru ordutako tailerrak ziren eta ikasleekin elkarlanean ikuskizun musikal laburra prestatzen genuen. Esperientzia modura zoragarria izan zen eta arrakasta zuela ikusita, proiektua handitzeko behar genuen bultzada lortu genuen.

- Nola jaso duzue ‘On ekin’ saria? Nolako eragina izan dezake zuen jardunean?

Oso pozik gaude sariarekin. Lan-prozesua gogorra izan da eta herrirako egindako proiektu batek horrelako onespena jasotzen duenean eskertzekoa da. Eraginari dagokionez, jendeari gure proiektua ezagutarazteko aukera da gehien baloratzen duguna. Pertsonendako sortzen ditugu gure ideiak eta aldizkari batean partekatu ahal izatea adibidez, aukera paregabea da guretzat.

-Eta orain zer?

Gure helburua ilusioz lanean jarraitzea da. Etengabeko prestakuntzan eta mugimenduan egotea, asko maite dugun proiektua eraikitzen jarraitu ahal izateko.