Laura Aranzabal Antxustegi: "Unean unekoa disfrutatu behar dugula ikasi dut"

Laura Aranzabal Antxustegi: "Unean unekoa disfrutatu behar dugula ikasi dut"
2020/04/17 eta kitto!
Kazetaria: Malen Illarramendi Beitia.

Etxeko denontzat ari da izaten gogorra konfinamendua: helduak, adinekoak, umeak, gazteak… Gaurko elkarrizketa honetara 11 urteko Laura Aranzabal ekarri dugu egoera nola bizitzen ari den konta diezagun. Izan ere, denok dakigu zein garrantzitsua den nerabeentzat lagunartea, eta hilabete pasatxo daramate haiekin egon gabe.

Nola ari zara eramaten itxialdia? Zer egiten duzu orduak betetzeko?
Egia esan nahiko ondo daramat; gauza ezberdin eta dibertigarriak egiten saiatzen naiz ez aspertzeko. Errutina bat jarraitzen dut: goizetan gosaldu, dutxatu, pixka bat jolastu, irakurri (eguraldi ona badago balkoian), eta bazkaldu egiten dut; arratsaldez, lagunekin hitz egin, pelikulak edota serieak ikusi, kirola egin… eta konturatu orduko 20.00ak dira, eta txaloak egiten ditugu. Afaria prestatzen ere laguntzen dut (sukaldatzeko trebetasun handia hartu dut aste hauetan), eta gauean, YouTuben aritzen naiz lotara joan aurretik. Erritmo horretan, egia esan, egunak oso azkar pasatzen dira.

Zeren falta sumatzen duzu etxean daramazun hilabete honetan?
Bideodeiak egiten ditut, eta horrek jendearekin harremanetan egoten laguntzen duenez, ondo sentitzen naiz. Esango nuke kalean libre ibiltzea dela gehien botatzen dudana faltan.

Aste Santuko oporrak amaitu eta astelehenean berriro ekingo diozue eskolako martxari. Zein prozesura erabiltzen du zure ikastetxeak klaseak emateko? Zuk pertsonalki nola daramazu?
Gure eskolan, San Andres ikastetxean, hain zuzen, etxerako lanak egiteaz gain, online bidezko klaseak ere egiten ditugu bideodeien bitartez. Nik nahiko ondo daramat eskolak erabiltzen duen ikaste-formatu hau, baina, onartu beharra dut momentu batzuetan sentitzen dudala etxeko lan gehiegi ditugula. Baina... berez klaseko orduak etxean bete behar ditugunez, ulertzen dut.

Eskolaz kanpoko ekintzek (Ingelesa, dantza, edo bestelakoak) ere martxan jarraitzen dute? Nola? 
Nik ingelesa eta dantza egiten ditut eskolaz kanpoko ekintza moduan. Ingeleseko klaseen kasuan, adibidez, bideodeien bitartez egiten ditugu klaseak, eta gero etxerako lanak bidaltzen dizkigute. Dantzan, ordea, irakasleak bideo batzuk bidali dizkigu guk gure kontura egin ditzagun, hala ere, hurrengo astelehenean klaseak bideodeien bitartez egiten hasiko garela ematen du.

Kalera irteteko baimena ematen digutenean, zer da egingo duzun lehen gauza?
Ez daukat zalantzarik, oso garbi daukat: kalera irtetzeko baimena ematen digutenean, korrika, dantza, kirola eta bestelako ekintzak egingo ditut, hori baita gehien botatzen dudana faltan. Izugarrizko gogoa daukat kalean kirola egiteko. Eta horren guztiaren gainetik, noski, maite dudan jendeari denbora eskainiko diot.

 Zerbait ikasi duzu egoera honetatik?
Bai, noski. Unean unekoa disfrutatu behar dugula ikasi dut, ez dakigulako egun batetik bestera zer gertatuko den. Horrelako egoera batekin dena aldatu daitekeela konturatu naiz, eta horregaitik diot momentu guztiak aprobetxatu behar ditugula!!!