Leire Barriuso, Geoparkeko kudeatzailea: “Prehistoria arloan Geoparkea erreferente bihurtzea nahiko genuke”

Leire Barriuso, Geoparkeko kudeatzailea: “Prehistoria arloan Geoparkea erreferente bihurtzea nahiko genuke”
2020/10/16 07:17
eta kitto!
Geoparkeak 10 urte bete ditu eta ‘Itsas ondarearen jaialdia’ egin dute aurreko asteburuetan Zumaian eta Mutrikun urteurren berezia ospatzeko. Asteburu honetan Debaren txanda izango da (Anes Arrinda pasealekuan), ospakizunei amaiera emateko. Leire Barriuso eibartarra da Geoparkeko kudeatzailea eta 10 urte hauen errepasoa egin dugu berarekin.

 

Zertan datza ‘Itsas ondarearen jaialdiak’?

Itsas ondarea berreskuratzen diharduen Zumaiako Beduola elkartearekin elkarlanean egindako jaialdia da. Batetik, ekintza nagusi bat egingo da, non Hiru Anai batela ikusgai egongo den. Orain dela 100 urte egindako batela da eta, bere historiaren berri emateaz gain, zaharberritze lanak zuzenean ikusteko aukera egongo da. Bestetik, arratsaldean (17:00etatik 19:30era) ontzi tradizional batean nabigatzeko aukera egongo da (aurrez izena eman behar da, erakusketan). Eta azkenik, herri bakoitzak ezaugarri propioak dituenez, gauza ezberdinak prestatu ditugu. Deban, adibidez, material-erakusketa (sasoi batean arrantzarako erabiltzen ziren erremintak) eta marinel korapiloen tailerra egingo dira. Gainera, Debako elizara bisita prestatu dugu, lotura handia izan duelako itsasoarekin beti (geoparkea.eus-en eman behar da izena). Urteurren hau kulturarekin eta ondarearekin lotu nahi izan dugu. Geoparkea geologiarengatik da ezaguna, baina natura eta kultura ere bada, herritarrei gerturatzeko tresna egokia. Zumaia, Mutriku eta Deba kostaldean daude eta harreman estua dute itsasoarekin, baina ezberdina. Zumaiak ontziolekin du zerikusi handiagoa, Debak merkataritzarekin eta Mutrikuk arrantzarekin.

 

Nolako bilakaera izan du Geoparkeak 10 urte hauetan?

10 urteak azkar pasa dira, baina gauza asko egiteko aukera izan dugu. Geoparkea geoturismoa bultzatzeko sortu zen eta ikerketan, zientzian, hezkuntzan… gauza asko egin ditugu. Geoturismoa asko garatu da eta horren erakusle da bisita gidatuen programa.

 

Zeintzuk izan dira Geoparkearen mugarriak?

2010ean sartu ginen Geoparkeen Sarean eta geoparke guztiek ebaluazioak pasa behar dituzte lau urtetik behin. 2014ko ebaluazioa nota onarekin pasa genuen. Gero, 2015ean, munduko geoparke guztiak Unescoren Geoparke izatera pasa ziren eta horrek demaseko bultzada eta oihartzuna eman zigun nazioarte mailan. 2018an berriz eman ziguten argi berdea eta hurrengo ebaluaketa 2022an dugu.

 

Zein da zuen aurreikuspena 2022ra begira?

Argi berdea emango digutela uste dugu. Beste geoparkeen esker ona dugu, gauzak ondo egiten diren seinale. Egia da 10 urte hauetan gauza asko egin direla, baina erronka berriak ere sortu dira.

 

Nolako erronkak?

Prehistoria arloan Geoparkea erreferente bihurtzea, adibidez. Deba ibaiaren inguruan kobazulo asko dago eta garrantzia handia dute arkeologia mailan. Kultura, hezkuntza eta turismo aldetik oso gai indartsua izan daiteke. Datozen urteotan gai honen inguruan ikerketak bultzatuko ditugu, esku artean zein baliabide ditugun jakin eta horrekin nola jardun dezakegun jakiteko. Eta bestetik, itsas ondarearen bidetik lan egingo dugu.

 

Nola egiten diharduzue aurre pandemiaren erronkari?

Udaberrian aurreikusten genuena desastre bat zen, baina ez da horrela izan. Naturguneak aukera onak izan dira konfinamendutik irten garenean, jendeak toki irekietara joan nahi izan duelako. Bisitari aldetik ez dugu jaitsiera handirik izan. Ikusiko dugu udazkena eta negua nola datozen, baina egoera honetan nahiko indartuta atera garela uste dut.

 

Geoparkeak mundu osoko bisitariak jasotzen ditu, baina egin duzuen lanak guk geuk bertan duguna gehiago baloratzeko balio izan du?

Duda barik! Labarra, flyscha… beti egon dira hor, baina ez genien baliorik ematen ez genekielako nolako garrantzia zuten. Zentzu horretan Geoparkeak egin duen pedagogia garrantzitsua izan da. Unescok ospea eman digu nazioarte mailan eta jendea ez dator turismoa egitera bakarrik, ikertzera ere badator, eta horrek lagundu du bertako jendeak bertan duena hobeto ezagutzeko. Uda honetan ia ez da atzerriko bisitaririk egon eta bisitarien zifrak ez dira jaitsi, bertako jendea mugitu den seinale.