Leire Garate, Etxebizitza Sindikatua: “Laguntzen eskatzaileek biolentzia jasaten dute”
Leire Garate Deba Bailarako Etxebizitza Sindikatuko kideak azaldu digunez, sindikatuak dinamika jarri du martxan “Lanbideren kontrol burokratiko eta poliziala gelditzeko”. Horrela, Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta jasotzen duten lagunen egoera eta DBE-ren lege berriak zer dakarren azaldu digu.
Nolako prozesua jarraitu duzue Etxebizitza Sindikatua sortzeko?
Iaz Etxebizitza Asanblada aurkeztu genuen eta lan ezberdinak egiten ibili ginen urtebetez. Asanblada eta ekarpen ugari egin genituen eta, eztabaida-saio batzuren ondoren, 2023ra begira jauzi kualitatiboak emateko beharra zegoela ikusi genuen. Horregatik, Etxebizitza Sindikatua sortzea erabaki genuen; ez asanblada moduan jokatzeko bakarrik, baizik eta etxebizitzaren arloan gertatzen den problematika orotan esku hartu ahal izateko tresnak edukitzeko.
Antzeko esperientziarik ezagutzen duzue?
Hau beste sindikatu mota bat da, sozialagoa. Euskal Herrian, adibidez, Gasteizen badago bat. Urteak daramatza lanean eta oso lan ona egiten dihardute etxe-husteak gelditzen, funts-putreen jarduna salatzen eta bestelako ekintzak egiten.
Zeintzuk dira sindikatuaren funtzio eta helburu nagusienak?
Sindikatua autodefentsa sozialista antolatzen pauso kualitatiboa emateko jaio da. Besteak beste, etxebizitza arloan jasaten dugun ofentsibari aurre egiteko babesguneak sortzeko, beste mota bateko mundua sortzera bidean eraikuntza horretan hasi behar garela uste baitugu. Hau da, miseriarik egongo ez den mundua, guztiok kalitatezko eta doako etxebizitza duinak izango ditugun mundua.
Zertan datza Lanbideren jarduna salatzeko martxan jarri duzuen dinamika?
Azken urteotan, Lanbidek burutzen duen jardunarekin, laguntzak eskatzen dituen jendeak demaseko biolentzia jasaten du. Adibidez, prozesu burokratiko ikaragarri luzeak egin behar dira laguntzak eskatzeko; traba ikaragarriak jartzen dituzte; eskatzaile batzuek jazarpen salaketak egin dituzte; urteak daramatzate dokumentazio bera eskatzen, eta aurkeztu arren, berriz ere eskatze dute; intimitate urraketak gertatzen dira; Ertzaintza bidaltzen dute benetan etxean bizi zaren ikusteko; mugikortasunerako eskubide eza dago (laguntza jasotzen baduzu, urtean ezin zara 15 egun baino gehiago autonomia erkidegotik kanpo egon... Gure eskubideen aurkako ofentsiba garbia dela uste dugu.
Zein ekintza egingo duzue egoera horren aurrean?
Salaketa-kanpaina abiatu dugu hiru gauza salatzeko. Batetik, azken urteotan Lanbide burutzen ari den praktika bat: Ertzaintza bidaltzea DBE-a jasotzen dutenen etxeetara, bertan bizi diren ikusteko. Bigarrenik, salatu nahi dugu mota honetako dirulaguntzek ez dutela pobrezia ezabatzeko helburua; eta izatekotan ere, hori gauzatzeko ezintasun erreala dutela. Eta hirugarrenik, abenduaren 22an onartu zen DBE-ren erreformak ez duela egoera aldatuko. Are gehiago, pertsona hauekiko kontrola areagotuko duela.
Zer dakar DBE-ren erreformak?
Erreformarekin, lehen legez kanpokoak ziren mekanismo batzuk legeztatuko dira. Legalki gutxi egin daitekeenez, dinamika honekin jendeari ezagutarazi nahi diogu Lanbide bezalako erakundeek gauzatzen duten funtzioa zein den. Alderdi burokratiko instituzionalek aho batez txalotu dute erreforma. Egia da laguntzen zenbatekoak igo egin direla, baina krisi egoera eta inflazioa kontuan hartuta, zalantzan jartzekoa da laguntzak benetan igo diren. Bestetik, irizpideak malgutu egin direlako ere txalotu dute erreforma. Zerbait malgutu dira, baina orain arte Ertzaintzak egin duen lana egiteko Lanbiden inspektore taldea sortu dela (Ertzaintzak izan dituen eskumen gehiagorekin) eta kontrolak sarriago egingo direla ikusita, ez dakigu zer pentsatu. Gainera, erreformak ez du Ertzaintzaren presentzia kentzen.
Gaiari dagokionez, nolako datuak ditugu Debabarrenean?
Eusko Jaurlaritzaren datuen arabera, 2020an Deba bailarako biztanleen %5,7a pobrea zen. Harrezkero, pandemiak bideraturiko krisia zabaldu zela ikusita, besteak beste, gaur egungo datuak askoz ere okerragoak direla pentsa genezake (jendearen aurrezkiak murriztu dira, lanpostuak gehiago prekarizatu dira...). Gauzak horrela, biztanleriaren %1,7k bakarrik jasotzen du DBE-a, berez oinarrizko beharrak estaltzeko baliabideak ez dituztenei bideratuta dagoen laguntza dena. Bestetik, Jaurlaritzak 2020an argitaratutako txosten batean agertzen diren datuen arabera, pobrezia arriskuan daudenen %30ak ez du laguntza hau jasotzen, baina gero, jasotzen dutenen %53 ez da gai pobrezia egoeratik irteteko.