Leire Garcia Navarro (idazlea): “Modan ez badago ere, irakurtzen eta idazten asko gozatzen dut”

Leire Garcia Navarro  (idazlea): “Modan ez badago ere, irakurtzen eta idazten asko gozatzen dut”
2020/02/03 eta kitto!
15 urte ditu bakarrik. Hala ere, idazteko beharra sentitu izan du txikitatik. Egindakoa erakustera animatu den arte. Eta argitaratu diote. Abenduaren 25etik kalean dago “Toda la sangre que he llorado”, Leire Garcia Navarrok idatzia. Círculo Rojo editorialaren eskutik, autoedizio formatuan. Aldatzen ikasten du eta badaki bere zaletasuna gelako gutxik konpartitzen dutela. Hala ere, izan dira inguruan asko lagundu diotenak. Jakina, irakurtzea ere gustoko du eta, “momentuz behintzat”, bide horretatik jotzeko asmoa du.

- Liburu hau kaleratu aurretik ere idatziko zenuen, argi dago. Noiztik heldu diozu serio?
Betidanik izan dut irakurtzeko eta idazteko zaletasuna. Hala ere, bi urte pasatxo izango dira aisialdia aprobetxatzeko eta hobby moduan jardun horretan hasi nintzela. Serioago esateko, urte eta erdi inguru hasi nintzela.

- Egunero idazten duzu, akaso?
Egunero, ohitura moduan, ez. Badira egun batzuk tamainan idazten dudala, baina beste batzuetan ez dut ezer idazten. Ez dut obligaziotzat hartzen; momentuak aprobetxatzen ditut.

- Zaletasuna nondik datorkizu? Eskolan bultzatu zaituzte horretara?
Idaztea eta musika, horiek pasioa izan dira niretzat. Txikitatik. Eskolan Lengoaia klasean poesia landu izan dugu eta horrek lagundu dit. Euskerazko andereñoak ere lagun izan ditut, Lengoaia eta Erlijio klaseetan.

- Hala ere, liburua gazteleraz idatzi duzu? Zergatik?
Hobeto moldatzen naizelako, naturalago irtetzen zait-eta. Etxean ez dut euskaraz hitz egiten, gurasoek ez dakitelako. Eta irakurri ere, gehiago irakurri izan dut gazteleraz.

- Ingurukoek zer esan dizute? Gustatu zaie liburua? Irakurri dute?
Aitak badakit ez duela irakurri; amak orrialde batzuk, besterik ez. Eta gelakoak harrituta geratu dira, ez daude horrelakoetara ohituta. Eurekin egunero egonda ere, ez zuten horrelakorik espero.

- Aurretik antzerakorik idatzi duzu? Ahalegindu zara?
Batez ere, poesia egin dut eta istorioak ere idatzi ditut; baina infantilagoak, tipikoagoak akaso. Jakina, publikatu barik.

- Eta zabaldutako bide honetatik jarraitzeko asmoa duzu?
Bai, ez diot lagako idazteari. Zaletasun hau ez dut uste egun batetik bestera baztertuko dudanik. Bitartean, egurra!

- Bestelako zaletasunik?
Bai. Txikitatik gustatu zait dantzan egitea eta abestea. Baina badakit horretan ez naizela trebea, nire mugak ditudala. Hala ere, gitarrarekin saiatu naiz, gero pianoarekin ere. Eta antzeztea asko gustatzen zait, klasean-eta jardun izan dut.

- Irakurtzerakoan, non aurkitzen duzu iturria?
Udako oporretan-eta, irakasle batek hainbat liburu pasatzen dizkit irakurtzeko. Bestalde, Jordi Sierra i Fabreren lanak ditut gustoko, batez ere: lantzen dituen tematikak, erabiltzen duen estiloa...

- Zelan aurkeztuko zenuke zure liburua?
Erlazio pozoitsu baten ingurukoak azaldu nahi izan ditut liburuan. Lau fasetan banatu daiteke eta hainbat etapa pasatuko ditu pertsonaiak: zelan dagoen erlazioaren barruan, nola irten behar duen bertatik, ez dakienean harreman sanoa ez dela, gero ondo bidean aurkitzen dela...

- Eta, nagusitzean zer? Ikasketak nondik bideratuko dituzu?
Batxilergoan Giza Zientzien bidetik joko dut. Gero, badut asmoa Malagan eskaintzen duten Arte Eszenikoak ikasteko. Filologiaren bidea aukeratzeko ere animatu naute. Oraindik badut astia erabakitzeko.