Maider Alcoba, Jone Amas eta Jone Azkarate: “Denon laguntza beharrezkoa da jaiak aurrera ateratzeko”

Maider Alcoba, Jone Amas eta Jone Azkarate: “Denon laguntza beharrezkoa da jaiak aurrera ateratzeko”
15 Eka
12:20

Jaixak Herrixak Herrixandakok prest dauka San Sajuanetako egitaraua. Martxoan hasi zen gazte talde bat barixakuero Txaltxa Zelaian biltzen, eta aste honetan eman dute ezagutzera aurtengo egitaraua sare sozialen bitartez eta kartelen bidez. Batukada feminista, kontzertu mordoa, bazkari herrikoia, “Txoskarrak”, makarronada, merendola, San Juan sua… Talde horretan lanean diharduten hiru gazterekin egoteko aukera izan dugu: Maider Alcoba, Jone Amas eta Jone Azkarate.

– Noiz hasi zineten bilerak egiten eta zelan joan dira gauzak?
Martxoan hasi ginen elkartzen, barixakuero, bilera irekian eta jendea parte hartzera animatuz. Jendea etortzen da, baina egia esan beti ibiltzen gara berdinak. Txosnan txanda bat egitearekin nahikoa dela uste dute askok, baina jaiak antolatzeak lanketa sakona eskatzen du, lan handia egin behar da eta jendeak ez du hau ikusten. Antolaketa aldetik, talde desberdinak egiten ditugu: batzuk kontzertuak lotzen ibiltzen dira, beste batzuk egitaraua prestatzen, Udalarekin eta beste taldeekin bilerak egiten dira, komunikazioa beste talde batek eramaten du… Herriko talde eregile desberdinek ere hartzen dute parte bileretan. Beteranoek lan karga handiagoa izaten dute eta gu beti laguntzeko prest egoten gara.

– Zuek zertan ibili zarete?
Jone Azkarate kartelaren diseinuaz arduratu da eta gu (Jone Amas eta Maider Alcoba) instagrama eta Facebook-a eraman ditugu. Hor ibili gara “txapia” ematen jendea bileretara erakartzeko, edo kamiseta-lehiaketaren berri ematen. Orain “Txoskarra” promozionatzen dihardugu: ekainaren 24an mozorro eguna egingo dugu, eta aurtengo mozorroa galaz janztea izango da. Goizeko 6:30ean Txoskarren gala ospatuko dugu, hainbat sarirekin, dantzariena, langileena, txosnak etxe bihurtu zaizkiona, mozkorrena… Txosna bakoitzean kutxa bat egongo da jendeak botoa emateko. Ez da beharrezkoa oso jantzi landua izatea, gauzatxoren bat bakarrik eramanda nahikoa da. Txosnagunea ere mozorrotuko dugu eta alfonbra gorria ere izango da. Eta gero makarronada! Aste honetan bideo bat zabaldu dugu. Jendea mozorrotzera eta parte hartzera animatu nahi dugu!

– Eta zer dira jaiak musika gabe?
Kontzertuek egitaruaren zati garrantzitsua bat betetzen dute.. Betiko moduan kontzertu mordoa egongo da: Mugi Panderoa, Batukada Feminista, Eirband, DJ Marivel, Gatz, Esne Beltza Sound Sistem (Xabi Solano kamioi batean ibiliko da kaleetan zehar), Tacumah Reggae, Roba Estesa, Gora Etorri, Mice, Revolta Permanent, Ira, Chocolate Remix, Eonian elektrotxaranga). Horretaz gain, urteroko presoen aldeko bazkaria izango dugu San Juan egunean eta merendola herrikoia San Juan txiki egunean.

– Herri-bazkariak arrrakasta izugarria izaten du eta urtero argazki ederrak lagatzen dizkigu.
Aurten ere jende mordoa elkartuko da Untzagan gazte egunean, San Juan bezperan. Goizean kamisetak banatuko dira eta bazkaltzeko 700 pertsona bilduko gara, iaz baino ehun gehiago. Bazkarirako txartelak bi arratsaldetan banatu ditugu, eta jende asko txartelik gabe gelditu da. Mahaiak eta aulkiak montatzeko, eta bazkaldu ostean desmontatzeko, jendearen laguntza behar da. Txosnan txandak egiteko ere jendea behar da. Hemen denak gara boluntarioak eta guztion artean egiten badugu errazago egin daiteke. Jaixak Herrixak Herrixandako jai euskaldun, parekide, parte-hartzaile eta herritarraren aldeko kolektiboa da. Eta gogoratu ez direla agresio homofobo, sexista eta arrazistak onartuko.

Jone Azkaratek diseinatutako kartela.

Jone Azkaratek diseinatutako kartela.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »