Maria de Blas eta Gorka Martinez de Lagos: “Bulgarian izugarria da gazteen egoera, ez daukate ia ezertarako aukerarik”

Maria de Blas eta Gorka Martinez de Lagos: “Bulgarian izugarria da gazteen egoera, ez daukate ia ezertarako aukerarik”
ETA KITTO 2021, Uzt 26

Bulgarian boluntario bezala bizitzen ari diren esperientzia kontatu digute Maria de Blas eta Gorka Martinez de Lagos eibartar gazteek.  PsIkologia-ikasketak amaituta, udan zerbait egiteko gogoa zuen Mariak, eta, Interneten arakatuz, Europan zehar boluntario moduan jarduteko proiektu ugari eskaintzen dituen Europan Solidarity Corps aurkitu zuen.  Sekulako esperientzia pertsonal eta profesionala izaten ari da beraientzako,  eta ziur daude esperientzia eta ezagutza berriekin betetako motxilarekin bueltatuko direla Eibarrera.

Noiztik zaudete hor eta zergatik aukeratu zenuten Bulgaria?
Uztailaren 1ean etorri ginen eta abuztuaren 28ra arte egongo gara. Europa osoan zehar proiektu pila bat zeudela ikusi genuen eta Bulgariak atentzioa eman zigun, ez delako oso ohikoa. Lekua zegoen eta, pare bat hilabetetan koordinatzailearekin harremanetan egon ondoren, animatu egin ginen.

Zeintzuk dira orain arte atera dituzuen ondorio nagusiak?
Bulgariako egoera nahiko latza da. Hiriburura, Sofiara, iritsi ginenean berehala ohartu ginen hango errealitateaz. Eraikin mordoa abandonatuta ikusten dira, oso hiri grisa da. Bulgarian emigrazio-tasa ikaragarria da. Ez dago apenas lanik, eta lan-baldintzak oso kaskarrak dira. Nerabe asko  aiton-amonekin bizi dira, gurasoak beste herrialde batzuetara joaten direlako lan bila. Nerabe horiek “libre” daude eta ez dakite zer egin euren bizitzarekin. Ikusten duten aukera bakarra beste herrialde batera emigatzea da.

MAria de Blas

Maria de Blas eibartarra, ezkerretik hasita bigarrena, psikologia-ikasketak amaitu ondoren gauza berriak bizitzeko eta ikasteko gogoa zuen. Bulgaria aukera ezinhobea izan da.

Nolako proiektuetan ari zarete lanean?
MARIA: Bi proiektu paralelo daude. Ni Svishtov-en nago (Iparraldean, Errumaniako mugatik gertu). Nahiko handia da, baina ez dago jende askorik. Bulgariarrak oraindik oso pentsaera komunista dute eta turkiarrak ghettotan baztertuta daude. Ni horietako batean nago lanean, aktibitateak egiten, gaztetxoei “burua zabaltzen” laguntzen, helburua ez dadin izan, esate baterako, Alemaniara joatea eraikuntzan lan egitera. Zeozer gehiago izan dezaten nahi dugu.

GORKA: Ni Svishtov barruan dagoen beste herri txiki moduko batean nago, eta bertan gazteek nahiko egoera antzerakoa bizi dute. Gainera hiri handietatik nahiko urruti daudenez,  ez daukate ezertarako aukerarik. Ikusten duten irtenbide bakarra Bulgariatik alde egitea da. Eurekin  jokoak egiten ditugu, hizkuntza klaseak ematen dizkiegu… Azken batean euren ezagutza-maila handitzeko ari gara lanean, jakin dezaten badirela beste aukera batzuk Bulgariatik irten gabe, eta euren kabuz ere proiektuak bideratu ditzatekela.

Nolakoa da Bulgariak bizi duen egoera, oro har?
Orain dela gutxi Parlamentuko hauteskundeak izan dira eta, gure koordinatzaileak esan digunez, ez da ezer aldatu: gobernua ustela da eta ez zaizkio herritarrak inporta. Ez dute dirurik bideratzen hezkuntzara eta osasunera… Nerabeak eta gazteak dira egoera horren ondorioak sufritzen ari direnak.

Nola bizi dute COVID19-a bulgariarrek?
MARIA: Nik txertoa hemen jaso dut. Soberan daude, jendeak ez dituelako nahi, eta eskaini egin ziguten. Anekdota moduan esan dezaket ez zela hitzordurik hartu behar, ilaran jarri eta kitto. Erizainek eskularrurik ez zuten erabiltzen,  kalean ez da maskararik ikusten… Jende askok ez du COVID-19an eta txertoetan  sinisten. Gauza okerragoak ari baitira gertatzen euren bizitzetan: platerean jatekoa izatea da lehentasuna.

Nolakoak dira horko  gazteak?
Gehienekin oso harreman ona izan dugu eta oso erraza izan da eurengana gerturatzea. Proposamenak segituan hartzen dituzte eta guztiz inplikatzen dira jardueretan. Nagusienak pixka bat aldentzen saiatzen dira, batzuetan ez dute ulertzen zergatik gauden hemen, baina gaztetxoenek,  eta batez ere turkiarren auzoan bizi direnek, oso ondo onartu gaituzte eta oso pozik daude udan gauza desberdinak egin ahal dituztelako.

Beraz, gustura zaudete egiten ari zareten biharrarekin…
GORKA: Ni magisteritza bukatzen ari naiz eta azken urte honetan euskarazko eta ingeleseko irakasle modura ibili naiz.  Hemen segituan aplikatu ahal izan ditut ikasi ditudan gauza asko:  gazteengana nola hurbildu, nola sortu eurentzako interesgarriak diren jarduerak…. Eta eurengandik zenbat ikasi daitekeen ere sorpresa handia izan da. Nahiz eta oso gazteak izan, sekulako mundua daukate barruan, eta motibatuta badaude euren emozioak eta sentimentuak nola kanporatzen dituzten ikustea niretzako kriston esperientzia izaten ari da. Batzuk ez dira hain desberdinak, kirolariak izan nahi dute, edo argazkilariak, medikuak… Denetik dago, baina aukera faltagatik euren ametsak ahaztu behar izaten dituztela ikusten da. Erreferente falta daukate eta bakarrik egin behar dituzte gauzak, ez daukate zeinek erakutsi.

MARIA: Asko ikasten ari gara. Espero ez genituen gauzak aurkitu ditugu hemen. Orain ikasten ari naizena oso  baliogarria izango zait urrian egiten hasiko naizen Erakundeen Psikologia masterrean. Nerabeekin jolastera etorri ginen, baina azkenean oso eskertuta gaude gauza berriak ikasten ari garelako.

Nolakoa da Bulgaria?
Herrialde txikia da, jende gutxi dago eta gure sentsazioa da oso leku turistiko gutxi eta sakabanatuta daudela. Herri politak egun batean ikusten dira, eta astebete Sofian denbora gehiegi izan daiteke. Herrialdea hutsik dagoela dirudi, eta hori oso tristea da. Bai kostaldeko herri batzuetan bai hiriburuan eraikin batzuk nahiko ondo zainduta daude eta oso fotogenikoak dira. Berez oso berdea da, landare asko dago, baina psikologikoki ikusita oso grisa da. Herri txikietan ez da ia inor bizi. Eta hori  kontuan izanda urtean zehar kanpoan lan egiten duten asko Bulgariara bueltatzen direla udako oporrak familiarekin pasatzera. Gu 10 bolondres gara eta 10 europar hona etortzea akontezimendua da eurentzako.

Beste boluntarioak nongoak dira?
Turkiarrak, italiarrak eta Espainiako beste zenbait tokitakoak daude. Herrialde bat hain barrutik ezagutzea eta, gainera, zure egoera berean daudenekin elkartu eta kultura nahasketa hori bizitzea oso interesgarria da. Bi turkiarrak, bat kostaldekoa eta bestea Istanbulekoa, beraien artean kulturalki oso desberdinak dira. Oso kuriosoa da.

Jendea animatuko zenukete esperientzia bizitzera?
Oso eskertuta gaude bizitzen ari garen esperientzagatik eta, horregatik, eibartar guztiekin partekatu nahi izan dugu. Une gogorrak badaude ere, oso bizipen positiboa da. Zalantzak alde batera laga eta horrelako esperientzia bizitzera animatu nahi dugu jendea. Etxera bueltatzen zarenean beti gauza onekin geldituko zara. Hurrengo batean errepikatzea espero dugu.

Gorka1

Bulgarian boluntario moduan bizitzen diharduen esperientziaren berri eman digu Gorka Martinez de Lagos eibartarraK (argazkian ezkerrean),

MARIA

 

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »