Markel Alberdi, igerilari ohia: “Joko Olinpikoen ondoren ez nion zentzurik aurkitzen igeriketan jarraitzeari”

Markel Alberdi, igerilari ohia: “Joko Olinpikoen ondoren ez nion zentzurik aurkitzen igeriketan jarraitzeari”
2022/01/21 eta kitto!
Igerilekuko lerro zuzena eta bizitzaren kurbak uztartu ditu Markel Alberdik ‘The line’ izeneko egitasmoan. Eibartarrak ‘Egureka’ proiektua jarri du martxan, egurra landuz buru-osasunaren inguruan hausnartzeko eta, bide batez, etxea apaintzeko pieza dotoreak egiteko.



 

Zer dira esku artean dituzun bi pieza horiek?

Zaletasun berria aurkitu nuen eta makina bat erosi nuen digitalean diseinatutakoa egurrean lantzeko. Hau da, egurrari ordenagailuan diseinatutako formak emateko. Kuriositate hutsez erosi nuen makina, saltsan ibiltzeko, baina proiektu bat garatzea pentsatu nuen. ‘Egureka’-ren bitartez nire lehengo bizitza eta gaur egungo zaletasuna uztartzen ditut (igeriketa eta egur-lanketa), dekoraziorako balio dezaketen piezen bitartez. Bizitza hark erakutsi zizkidan gauzak islatu nahi ditut.

 

Proiektua babesteko mikromezenasgo kanpaina jarri zenuen martxan eta jendeak ondo erantzun zuen. Zer egingo duzu jasotako diruarekin?

Materiala erosi eta, gero, irabaziak Espainiako Osasun Mentaleko Konfederazioari emango dizkiot. Jendearen babesari esker oso azkar heldu ginen kanpaina hasieran jarritako helburua lortzera. Ezusteko polita izan zen.

 

Zeintzuk izango dira hurrengo pausuak?

Banekien guzti honek lan asko ekarriko zuela eta urtarrila jarri nuen produktuak entregatzeko epe bezala. Erdiak baino gehiago entregatu ditut dagoeneko, baina lana dela-eta ez dut denbora libre askorik eta bestela zoratu egingo naiz... Eta hain zuzen ere osasun mentalaren inguruan berba egiteko eta hausnartzeko balio behar du proiektu honek! (barreak)

 

Piezetako batean igerilekuko lerro moduko bat ikusi dezakegu. Orduak eta orduak eman dituzu lerro zuzen horri jarraituz, baina aipatu izan duzu lerro guztiak ez direla zuzenak, kurbak ere badaudela. Nola egin diezu aurre kurbei?

Bizitzan ezer ez da lerro zuzena. Gauza txarrak gertatu aurretik ez gara jabetzen arazoak zeintzuk diren. Ezagun batzuk kirol-psikologoarengana joaten ziren eta zertarako joaten ziren galdetzen nien. Ni oso ondo negoen, baina ia egun batetik bestera antsietatearekin hasi nintzen. Ez zen une hartan gertatutako zerbaitengatik izan. Urte askotan zehar ikasten eta kirolean exigentzia asko izan nuen, neure buruari asko exigitzen nion, eta heldu nintzen momentu batera non ezin nintzen ondo bizi eta, are gutxiago, egunero zortzi orduz entrenatu. Beste alde batetik, Rio de Janeiroko Joko Olinpikoetarako zortzi hilabete falta ziren eta estu hartuta negoen. Atsedena hartzea izango litzateke egokiena, baina ia ez nuen denborarik eta, lagaz gero,  hainbeste urtetan landutakoa galduko nuen. Beraz, gertatzen ari zitzaidanaz jabetzen ahalegindu nintzen, egunerokoan murgilduta negoenez ez nintzelako ondo konturatzen. Une batetan guztiaz jabetu nintzen eta ia ezin nuen lorik egin. Laguntza eskatu nuen, egoerari buelta ematen hasi nintzen eta, zorionez, Joko Olinpikoetara joan ahal izan nintzen ametsa bizitzera.

 

Amets moduan bizi izan zenituen Joko Olinpikoak?

Bai. Inoiz bizi izan dudan urterik zailena izan zen, baina Rio de Janeiron egon nintzen bi aste horiek oso politak izan ziren. Oso ondo pasatu nuen eta, era berean, esperientzia surrealista izan zen.

 

Arazoak arazo, oso marka onak lortu zenituen Rion. Nola moldatu zinen hain errendimendu ona izateko?

Banekien buruko kontuak ez zirela egun batetik bestera joango, bidea luzea izango zela eta bide horretan zenbait txapelketari aurre egin behar niela. Mentalitate horrekin egin nion aurre egoerari. Rion, lasterketa amaieran pareta jo nuenean eta denbora ikusi nuenean, “kitto” esan nuen. Fisikoki ondo nengoen, baina Joko Olinpikoetan lan txarra egitea zen nire beldurra. Dena ondo irten zen eta asko gozatu nuen han egon nintzen egunetan. Laguntzarik jaso gabe jota iritsiko nintzateke Riora.

 

Kirolari onenen artean egon ondoren, Riotik bueltan igeriketa laga zenuen. Oso estua da alde biak banatzen dituen lerroa?

Igeriketa gorrotatzera iritsi nintzen. Joko Olinpikoen ondoren ez nion zentzurik aurkitzen igeriketan jarraitzeari. Pare bat orduz entrenatzen nuen, baina ez nion zentzurik aurkitzen. Laga ondoren, dena errazagoa izango zela uste nuen, baina ez zen horrela izan.

 

Normala, bizitza osoa igerilekuan pasa ondoren...

Igeriketarekin asko gozatu dut, baina urte askotan zehar igeriketa izan da nire bizitzaren zati handiena hartu duen jarduera eta laga nuenenean demaseko krisia izan nuen. Nire identitatearen inguruan hausnartu nuen. “Nor naiz?”, galdetzen nion nire buruari. Laguntza behar izan nuen eta bidea luzea da. Motibazio berriak bilatu nituen, nire izaera bizitza normalago batera egokitu nuen eta horrek lan bat eskatzen du.

 

Kluben, federazioen eta abarren aldetik arlo psikologikoa zaintzen da? Badaude baliabideak?

Ez. Madrilen goi-errendimenduko zentroan negoenean ez zen ezer entzuten psikologoei buruz. Psikologoak badaude, baina ez zaituzte bultzatzen eurengana joateko. Hau da, astero fisioterapeutarengana joatea gomendatu ahal dizute, baina psikologoari buruz ez diote ezer. Eta ez da kirol-psikologia kontua bakarrik, hau da, errendimendua hobetzeko, baizik eta bizitzarako. Gainera, gauza zaila da, dirurik ez baduzu, ezin duzulako psikologora joan, eta Gizarte Segurantzaren bitartez nahiko tamalgarria da kontua.

 

Kirolariek hartu duzue buru-osasunari buruz berba egiteko ardura...

Pau Gasolek, Simon Bilesek eta horrelako kirolariek buru-osasunaz berba eginez, jendeak normalagotzat hartuko ditu horrelako gaiak. Hala ere, benetako aldaketa ez dator euren berbetatik, baizik eta gaia kalera ekartzetik. Adibidez, arazo bat edukiz gero, guk geuk ondo ez gaudela onartzea, familiari edo lagunei esatea eta laguntza bilatzea.