Mikel Gaztelurrutia (musikaria): “Bizitza bera da inprobisazioa”

Mikel Gaztelurrutia (musikaria): “Bizitza bera da inprobisazioa”
2018/10/05 12:02
eta kitto!
Mikel Gaztelurrutia pianojole eibartarra Coliseo Antzokian izango da gaur, 20:30ean, bere azken lanarekin. “Walk” erritmo afrokubatarrez beteta dagoen disko etniko eta jazzeroa da. Zalantza barik, erritmoa da “Walk”en  ildo nagusia eta, eibartarrarekin batera, Michael Olivera perkusionista eta Toño de Miguel kontrabaxua izango dira taula gainean.
1970. urtean jaioa, ibilbide luzea dauka Mikelek pianojole, moldatzaile eta konpositore bezala. Telebistarako lanak egin ditu, musikari ospetsuekin jo izan du eta  proiektu desbedinetan ibili da (“Mikel Gaztelurrutia trio","The new jazz voices ensemble" , "Brazilian Sextet”…).  Bere bi diskoak, “The new jazz voices ensemble“ eta Walk” Donostiako Jazzaldian erakusteko aukera aparta izan du eta, orain, 2019an kaleratuko duen hirugarren diskoaren prestaketan murgilduta dago. Aldi berean, jazz piano klaseak ematen ditu Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioan.

- Iruñetik Coliseo Antzokira etorriko zara gaur, eibartarroi “Walk” zeure azken diskoa aurkezteko. Nola zaude?
Lau-bost aldiz egon naiz Coliseo Antzokian, bi pianotara Bartzelonako Joan Diazekin,  Mikel Andueza nafartar saxofonistarekin, “The new jazz voices ensemble“ diskoarekin… Coliseo Antzokia oso ondo gelditu zen orain dela urte batzuk egin zuten erreforma eta gero. Oso toki atsegina da jotzeko, luxu bat. Noizean behin etortzen naiz Eibarrrera bisitan, familiarekin edo lagunekin egoteko, baina gutxitan, egia esan.

- Prestakuntza musikal bikaina daukazu, goi mailako musika irakaskuntzan diharduzu eta proeiktu batetik bestera dabilen pianojole, moldatzaile eta konpositorea  zara. Baina joan gaitezen hasierara…
Jolasean hasi nintzen musikan. Nire etxean piano bat jarri zuten, eta musikarekin jolasteko eta esperimentatzeko aukera izan nuen. Telebistan eta irratian entzuten nituen doinuak kopiatzen nituen. Fase ludiko hori oso interesgarria dela uste dut, hau da, ikasketa formalak egiten hasi aurretik musika jolas bat bezala bizitzea oso inportantea da. Izan ere, gaur egungo hezkuntza sisteman, orokorrean, horrela erakusten zaie haurrei, jolastuz eta esperimentatuz. Etxean afizioa neukala ikusi zuten eta, orduan, serio hasi nintzen.

- Gogoratzen dituzu zeure lehenengo piano irakasleak?
Bai, eta gainera oso oroitzapen onak ditut. Bi irakasle izan nituen, Ana Alberdi eta Laura Gorrotxategi. Oso jatorrak ziren, pazientzia handikoak. Garai hartan, normala denez, handik eta hemendik ibiltzea gustatzen zitzaidan.  Gaztetxoa nintzen eta, batapean, baxu elektrikoa jotzen hasi nintzen talde batean. Piano irakasleek pianoarekin jarraitzeko eta pianoan zentratzeko esaten zidaten eta horretara animatu ninduten. Niretzako amatxo batzuk izan ziren, kariño handiarekin tratatu ninduten.

- Bartzelonara joan zinen Goi Mailako Kontserbatorioan piano klasikoa ikastera. Nola deskubritu zenuen jazza?
Piano klasikoa ikasten nuen garaian beste musika mota batzuk entzuten nituen eta, eure artean, jazzak asko erakartzen ninduen. Jazzaren ikutu hori, harmonia gazi-gozoak, eta, batez ere, inprobisazioaren kontua sartu zitzaidan buruan. Jazzean sakontzeko eta ikasteko gogoa piztu zitzaidan. Paino klasikoa amaitzen nengoela, poztasun handiz hasi nintzen jazz pianoa ikasten, jazzak musika sortzeko hainbat baliabide ematen dizkizula ikusi bainuen. Jazza oso musika irekia da, hainbat estilo, erritmo eta autore batzen dituena. Joan Diez, Iñaki Salvador, Charles  Loos eta Bruno Louiserekin ikasteko aukera izan nuen. Oinarri oso ona eman zidaten, nire ustez, eta hortik aurrera nire kontu ibiltzeko esan zidaten.

– 2001etik jazz piano irakaslea zara Nafarroako Goi Mailako Kontserbatorioan. Zer moduz konpontzen zara jende gaztearekin eta nola egiten duzu hainbeste gauzatan sartuta egoteko?
20 urte inguruko ikasleak ditut, eta goi mailako ikasketak egitera etortzen dira. Nire lana gustatzen zait, batez ere ikasleak ikasten duenean, eta, egia esan, irakaskuntzan gauza asko ikasten dira, batez ere pazientzia izaten eta psikologia apurtxo bat edukitzen… Oso lan polita da. Noizbehinka nekagarria, batez ere kontzertuak pilatzen zaizkidanean, baina bizitza ordenatu bat eduki ezkero, ondo eraman daiteke.

- Belaunaldi berriekin harreman zuzena izatea aberasgarria ikusten duzu, beraz. Zelan ikusten dituzu gaur egungo gazteak?
Denak izan gara gazte eta estilo desberdinak entzutea eta gustatzea normala da. Heldutasunaren oinarria hor hasten da, eta musikalki kuriosoa da ikustea gaurko gazteei ze musika gustatzen zaien, zer eta nola kontsumitzen duten. Gaur egun musika entzuteko iturriak asko dira, internet daukagu eta oso erraza da autore baten edo beste baten kantu bat entzutea. Gure garaian askoz ere zailagoa zen. Diskoen prestamoa egiten genuen, eta irratian edo telebistan entzuten geunena asko gustatzen bazitzaigun, orduan diskoa erostera joaten ginen. Gaur egun dagoen informazio guzti hori ez dut txarto ikusten, baina hainbeste informazioren artean aukeraketa ona egitea da konplikatuena. Hainbeste bertsio daude eurek ikasi behar duten abesti bati buruz azkenean zoratu egiten direla. Bartzelonan ikasten nengoela, tronpetista zahar batek anekdota interesgarria kontatu zidan Txikian zenean, bere etxean ez zegoen diskorik, eta ez zuen musika entzuteko mediorik. Baina etxean irratia zeukan lagun bat zuen. Hiru lagun etxe horretara joaten ziren irratiko musika saioa entzutera, arkatzarekin eta paper pautatuarekin, eta hiruren artean saiatzen ziren entzundakoa kopiatzen. Kriston akontezimendua zen!!! Momentuan antzeman behar zituzten notak eta informazio guztia. Sarritan zuzeneko musika izaten zen, eta beste batzuetan diskoetakoa

- 2016ko bukaeran atera zenuen “Walk”. Zer ezkutatzen da lan horren barruan?
Baneukan gogoa disko eritmiko bat egiteko. Jazzaren oinarrian dauden afrokubatar erritmoek beti atentzioa eman didate, eta baneukan gogoa erritmo horiek hartu, konposaketak egin eta jazzaren ikutuarekin eta harmoniekin nahasteko. Kuban oso musika nahasketa interesgarria ematen da. XVI. mendean espainiarrak eta portugesak Afrikatik eraman zituzten esklabuak Kubara. Gauza txarretatik onak ere ateratzen dira: Afrikako leku desberdinetako esklabuak elkartu ziren han, elkar ezagutu zuten eta abesti, instrumentu eta erritmo desberdinak partekartu zituzten euren artean. Gainera  euren “ugazaben” kultura musikala ere ikasi zuten. Garai hartatik hona mestizaje itzela gertatu da.  Diskoan hori guztia jaso nahi izan dugu.

- Zergatik “Walk” (ibili) izena?
Gizakia beti dabil alde batetik bestera leku hobe baten bila. Euskaldunak ere migranteak izan gara. Batzutan bizitzak leku batera eramaten zaitu, eta, bestetan, bestera. Hori ere niretzako erritmoa da. Bizitzan gertatzen zaizkigun gauzek, txikiek zein handiek, gure bizitzan erritmo bat sortzen dute. Hori guztia da “Walk”. Bizitza bera, mugimendua bera, inprobisazioa da:  askotan gauzak kontrolatu egin nahi ditugu, baina badaude kontrolatu edo lotu ezin daitezkeenak, eta askotan horiek solte utzi behar ditugu edo guztiak konbinatu.

- Azken abestia, “Alpha, Gamma & Omega”, 2015ean hil zen Javier Gorosabel `Firi´ astrofisiko eibartarrari eskainita dago…
Txikitatik ezagutu nuen. Zoro samarra zen, bagenekien izarrak eta astrofisika oso gogoko zituela eta gure pop taldera gonbidatu genuen, bateria jotzeko. Astrofisikaren alorrean eminentzia bat bihurtu zen gure laguna. Berarekin nuen harremana oso aberasgarria zen. Jakituriaz beteta zegoen, eta bere laneko gauzak ez ezik beste gauza batzuk ere intesatzen zitzaizkion. Berarentzat eguna hastea abentura bat zen. Bizitza ikertzaile baten ikuspuntutik ikusten zuen eta berak aportatzen zuen filosofia oso freskoa eta aberasgarria zen. Zientzia eta erlijioari buruz asko hitz egiten genuen, eta horregatik jarri nion izen hori abestiari.