Mikel Lizarralde, kirolaria: “Diagnostiko bat ez da heriotza sententzia bat”

Mikel Lizarralde, kirolaria: “Diagnostiko bat ez da heriotza sententzia bat”
ETA KITTO 2021, Urt 05

BERRIAko Enekoitz Telleria Sarriegi kazetariak landu du Mikel Lizarralderen elkarrizketa eta Creative Commons BY-SA 4.0 lizentziari esker ekarri dugu gure webgunera. Argazkia: Ainara Argoitia (Barren).

 

Haren jardunaren berri izan daiteke @macmikel Twitter sareko kontuan eta bizi.eus webgunean. Mikel Lizarralderi (Eibar, Gipuzkoa, 1980) erronka jo zion bizitzak, eta bizitzari erronka(k) jotzea deliberatu du geroztik. Ez da kirolari profesionala. Aita da, senarra da, eta Codesyntaxeko marketing arduraduna da. Ez du eredugarri izan nahi. Erakutsi nahi du karta txar batek ez dituela zertan beste on guztiak ezkutatu.

Zertan ari zinen 2018ko San Blas egun hartan mendian korrika?

Ezin geldi egon, eta aldapan gora eta aldapan behera nenbilen, pozik.

Eta bat-batean…

Bikoitza ikusten hasi nintzen.

Eta geroztik badu San Blas egunak beste esangura bat?

Otsailaren 3ero saiatuko naiz beti buelta bera egiten: berriz joaten Topinburura eta Galdaramuñora.

Diagnostikoa entzun zenuen: esklerosi anizkoitza. Eta orduan?

Hankak dardarka hasi ziren, betirako geldi-geldi geldituko ziren beldur.

Zuk esana: «Ezagutzen ez dugunak beldurra ematen du».

Eta, Interneten topatzen dugun informazio bakarra beldurra emateko modukoa bada, orduan eta okerrago.

Zer ezagutzen duzu orain?

Orain dakidana da diagnostiko batek ez duela zertan heriotza sententzia bat izan. Esklerosi hitzarekin gaixotasun asko hasten direla, baina ez direla denak berdinak. Nireari mila aurpegiko gaixotasuna deitzen diote, eta ulertu dut zergatik.

Zergatik?

Pertsona bakoitzari oso modu ezberdinean eragin diezaiokeelako. Kasu batzuetan, pertsona batzuek oso azkar egiten duten behera. Nik hasieran gurpil aulkiak bakarrik ikusten nituen. Orain, gurpilen gainean bai, baina bi gurpilen gainean nabil.

Eta nola bihurtzen da diagnostiko bat motibazio?

Oso garbi daukadana da lurra jo behar dela. Gaizki sentitu behar duzu. Eta goibel egotea ona da. Nik hori erreibindikatzen dut. Eta motibaziorako urratsa ez du norberak bakarrik egiten. Nik inguruan daukadan jendea ikaragarria da. Batez ere, emaztea. Hark esan zidan ospitaletik irtendakoan: «Ikusiko duzu honek gauza onak ere ekarriko dituela». Esan nion: «Maria, ez zaitez pasatu». Hiru urte pasatuta, arrazoia ematen diot.

Kirola zer bihurtu da: ihesleku bat? Helduleku bat?

Lagun batek aurpegiratu izan dit ematen duela ihesean nabilela kirola eginez, eta ez diot arrazoia guztiz emango, baina kendu ere ez. Baduelako batzuetan iheslekutik, baina baita heldulekutik ere. Kirolak balio dit berresteko horren gaizki ere ez nagoela.

Bazara zerbaiten eredu?

Ez. Edo ez dut nahi. Duela urtebete inguru Eibarren nire egoeraren inguruan emandako hitzaldi batean aipatu zuten nire buruz eredu hitza, eta halako hotzikara bat eman zidan… Hitz oso handia eta astuna egiten zait, zama handia duena. Erronka honekin, zama arindu egin nahi dut, nolabait.

Nola?

Elkarrizketatu nahi ditut herri horietan eredugarriak izan daitezkeen beste pertsona batzuk. Bizitzan kolperen bat izan dutenak ezagutarazi, eta testigantzak jaso. Neuk ere ikasteko.

Esposizio maila handia da zurea.

Horregatik nioen eredu hitz handia egiten zaidala. Etxera begiratzen dut gehiago, eta eredua izan nahi dut, asko jota, nire bi alabentzat. Ikus dezaten euren aita eta ama ez direla diagnostiko batean geratu, eta borrokatzen jarraitu dutela, zailtasunak zailtasun.

Eta orain nola zaude ?

2018an zazpi orban topatu zizkidaten buruan. Horrek esan nahi du gaitzak zazpi tokitan egin zuela eraso. Iaz beste orban bat agertu zen, baina ez du ondoriorik izan. Astean behin botika bat hartzen dut saiatzen dena gaitza lo mantentzen. Eta hala dago, oraingoz.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »