Mikel Mazkiaran, SOS Arrazakeria: “Migratzaileak pertsonak dira, ez objektuak”

Mikel Mazkiaran, SOS Arrazakeria: “Migratzaileak pertsonak dira, ez objektuak”
2018/10/19 eta kitto!
Mikel Mazkiaran SOS Arrazakeria erakundeko idazkari orokorra da eta atzerritartasun arautegiari buruzko hitzaldia eman zuen atzo Portalean. Atzerritarrek euren egoera erregularizatzeko eman beharreko pausoak argitu zituen, azken aldian baldintzak asko zorroztu direlako. Atzerritarren egoera erregularizatzea zaildu bada, are gehiago gogortu da egoera irregularrean daudenen aurkako jarrera. Ez bakarrik politikarien berba iraingarri eta mehatxatzaileetan, baita kanporatzeko politikan ere.

 

- Zeintzuk dira euren egoera erregularizatu nahi duten atzerritarren kezka nagusiak?

Atzerritar kolektiboak, orokorrean, badaki zein gauza egin behar dituen bere egoera erregularizatzeko, baina legean hainbat aldaketa egon dira eta horren inguruan berba egitea garrantzitsua da. Nazionalitatea nola lortzen den jakiteak kezkatzen ditu, batez ere, azken boladan hainbat aldaketa egon direlako nazionalitatea lortzeko tramiteak egiteko orduan. Bestetik, Europar Batasuneko hiritartasuna lortzeko zein baldintza bete behar diren ere asko interesatzen zaie.

- Legean hainbat aldaketa egon direla aipatu duzu. Zein aldaketa?

Urte asko hemen pasa ondoren lortzen dute nazionalitatea atzerritarrek orokorrean. Kode zibilak dio Latinoamerikatik datozenak urte bi egon behar dira hemen bizitzen nazionalitatea lortu aurretik, eta beste tokietatik datozenak hamar urte. Lehenik Espainiako konstituzioari eta gai soziokulturalei buruzko azterketa gainditu behar dute. Gainera, euren jatorriko herrialdeetan gazteleraz egiten ez bada, gaztelerazko azterketa ere egiten zaie. Gero, tramitazioa egiteko orduan aldaketak egon dira, orain ez delako Erregistro Zibilera joan behar, internet bitartez egin behar delako. Horretarako, ziurtagiri edo sinadura digitala atera behar da eta horrek prozedura zailtzen du eskakizuna egiten dutenentzat.

- Zergatik zailtzen da?

Eskakizuna egingo duen tramitatzaile edo abokatu bat kontratatu beharko dutelako, edo ziurtagiri digitala duen baten batekin egin beharko dutelako. Bestela, euren kabuz atera beharko dute sinadura digitala eta zaila da.

- Bestelako baimenak lortzea ere konplikatu da?

Baietz esango nuke. Aldaketa normatiboak ez dira asko izan, baina baldintza gero eta zorrotzagoak ari dira jartzen. Ez da malgutasunik ikusten, dena exijitzen da. Dena eta gehiago. Ez dira erraztasunik jartzen baimenak lortzeko edo berritzeko. Azken urteotan gertatu den gauza bat da.

- Europako hainbat herrialdetan migratzaileen inguruan hartutako neurri gogorrek zerikusia daukate?

Europa mailan gertatzen ari denarekin konparaketa egiteko atzerritarren kanporatzeari begiratu beharko genioke, ez hainbeste baimenei. Hau da, estatuak nola tratatzen dituen egoera irregularrean dauden atzerritarrak. Zentzu horretan bai ikusten da kontrola oso zorrotza dela eta hegoaldeko mugan garbi ikusten da hori. Gero eta baliabide gehiago jartzen dira jendea kanporatzeko eta horretarako jarritako medioak gero eta sofistikatuagoak dira. Gaur egun zuzenean kanporatzen dira atzerritarrak, internamendu zentroetatik pasa gabe, ‘kanporaketa expressa’ dena. Horrelako sistemak zuzenagoak dira, baina berme gutxiago eskaintzen dituzte.

- Azken aldian politikarien ahotan eta hedabideetan atzerritar eta migratzaileen aurka botatako mezuek nolako eragina izan dezakete gizartean?

Ez dute bat ere laguntzen. Atzerritar eta migratzaileak gure bizilagunak dira. Italiako lehen ministroaren deklarazioek ez dute laguntzen, baina Europar Batasunak ez du lortu migrazio politika egoki bat zehaztea ere. Migratzaileak pertsonak dira, ez dira objektuak. Deklarazio hauek sortu duten dinamikekin pertsona batzuei buruz berbetan ari garela ahaztu dugu.