Mikel Quina: “Esperientzia paregabe hau gozatzen eta xurgatzen jarraitzea tokatzen zait”

Mikel Quina: “Esperientzia paregabe hau gozatzen eta xurgatzen jarraitzea tokatzen zait”
2019/09/27 eta kitto!
Ford Fiesta zaharra hartu eta itzultzeko asmo barik bidaiatzeko erabakia hartu zuen 2018ko urrian Mikel Quinak. Ura txakurrarekin Europan zehar hilabete eta erdi egin ondoren Shaolin Temple Europera iritsi zen abenduan, Alemaniako basoan dagoen tenplura. Hamar hilabete inguru daramatza han guztiz markatu dion bizimodua aurrera eramaten eta denbora luzez geratzeko asmoa dauka. trotamundogs.com webgunean bere abenturaren nondik norakoak eta argazki ederrak aurki ditzakezue.

 

- Ford Fiesta zahar batekin irten zinen Eibartik bidaiatzeko asmoz. Zerk bultzatu zintuen?

Orain dela urte asko Latinoamerikara joan nintzen bost hilabete eta gehiago bidaiatzeko beharra sentitu nuen, baina itzulerako txartel barik. Beraz, berarengatik inork apustu egingo ez zuen auto klasiko honekin irten nintzen Eibarrera itzultzeko asmo barik.

- Nolako bidea egin behar izan zenuen Shaolin tenplura iristeko?

Luzea. 2018ko urriaren 30ean Eibartik irten nintzen eta uste dut abenduaren 11an iritsi nintzela tenplura. Hiru aste Paula Zabala lagun eibartarraren etxean egon nintzen Bartzelonan eta nire armairuko erropa gehiena saldu nuen hainbat merkatutan. Handik Frantziara joan nintzen eta Machu Picchun ezagututako lagun zaharrak bisitatu nituen. Gainera, Couchsurfinga egin nuen birritan eta esperientzia honek beste pare bat lagun on eskaini dizkidala uste dut. Hilabete biziak izan ziren Ford Fiesta zaharraren barruan.

- Hasieratik zenekien tenplura joango zinela ala aukera bidean sortu zen?

Udatik nekien hara joango nintzela. Workaway webgunearen bitartez aurkitu nuen. Langileak behar dituen eta lana bilatzen duen jendea kontaktuan jartzen ditu, janari eta ostatu truke lan-zerbitzuak eskainiz. Hasieran Europako iparraldeko herrialde bateko eskola edo baserri batean lan egiteko asmoa nuen, baina bilatzailean ‘tai-xi’ berba jarri eta Shaolin Temple Europe agertu zitzaidan. Animali-zaintzaile bila zebiltzan eta ez nuen birritan pentsatu. Eskaera egin eta hautatu egin ninduten.

- Hilabeteak daramatzazu tenpluan. Zer aurkitu duzu?

Goren aldian eta hazkunde betean dagoen proiektu interesgarri bat aurkitu dut. YouTubeko bideoei, sare sozialei eta baso erdian duen kokaleku pribilegiatuari esker (Frankfurteko aireportutik ordubetera dago) mundu guztiko jendea etortzen da Shaolin Temple Europera milaka urte dituen kultura hau ezagutzeko. Niretzat oso inpaktu handi eta onuragarria da budismoari, Kung Fu-ari edo Txinako medikuntza tradizionalari buruz hainbeste dakien jendea aurkitzea edo eurekin bizitzea.

- Nolakoa da zure egunerokoa?

8:00ak aldera esnatzen naiz, ordubete Qigonga egiten dut nire kabuz eta 9:00etatik 11:00etara budismoari edo Txinako historiari (besteak beste) buruzko klase teorikoak jasotzen ditut. 11:00etatik 13:00etara txakurrekin egiten dut lan. Lehenik Ura eta beste txakur birekin pasioa egiten dut eta, gero, 6 kilometro egiten ditut antxitxiketan Ura eta beste txakur batekin. Amaitzerakoan orraztu egiten ditut eta eurekin jolasten dut 13:00etara arte, bazkalordua delako. 15:00ak arte libre izaten dugu eta tea hartzen lasaitzen gara. 15:00etan entrenamendua egoten da eta batzuetan parte hartzen dut, baina beste batzuetan bideoak editatzen jarraitzen dut. 17:00etan animaliei jaten ematen diet eta berriz pasiatzen dut txakurrekin. 18:00etan afaldu eta 19:00etan Qigonga egiten dugu. Ondoren denbora librea izaten dugu, baina editatzen edo gauzak prestatzen egoten naiz, lan asko dagoelako egiteko hemen.

- Nolakoa da zurekin bizi den jendea?

Geure modukoak dira. Hemen hirietako zarata eta presatik urrun gaude eta horregatik pixka bat ezberdina du, baina jendea oso normala da berez. Kontua da Eibar FT-ri buruz berba egin beharrean Qi-ari (bizi-energiaren fluxua) buruz egiten dela berba. Qi-ari, tendoiei edo fasziari buruz gabiz berbetan beti, edo nola izan gaitezkeen kontzienteago edo errukitasuna nola landu daitekeen, adibidez. Gai hauek dira hemen gehien lantzen direnak eta denek puntu berera eramaten gaituzte: meditaziora eta mindfulnessera. Hau da, norberaren bizitzaren momentu bakoitzaz jabetzea, depresioa edo estresa eragin ahal dizuten pentsamendu-itsaso batean ez galtzeko. Horrek ez du esan nahi hemen ez garela tristetzen edo haserretzen, baina azkarrago pasatzen zaigu gertatuko dena errazago ikusten dugulako. Ez daukagu beste ezertan pentsatu beharrik.

- Nola sortu zen tenplua?

Laburpena eginez, 80. hamarkadan modan jarri ziren ekialdeko pelikulengatik. Europan Kung Fu eskola txikiak zabaldu ziren eta ekialdeko kulturari buruzko interesa izugarri igo zen. Mundu guztian daude tenplu budistak eta Shaolinak, baita Madrilen ere. Tenplu hau basoan dago eta bizitzeaz gain nobiziotzak egin daitezke hemen, hau da, monjea izateko prestatu. Hemengo abadeak eta Shifuak sortu zuten Shaolin Temple Europea. Abadea budismora pasa zen apaiz protestante ohi bat da eta Shifua arte martzialetako munduko irakasle onenetako bat. Abadeak budismoa, taoismoa eta konfuzianismoa ikasi zituen Shaolin monje batekin, eta leinu horri esker Shaolin monjea da. Shifuk, bestalde, Shaolin oinarriak dituzten arte martzial ezberdinak ikasi zituen.

- Zer egin daiteke bertan?

Lan asko, oso ondo jan (begetarianoa), Kung Fu-a eta meditazioa, batez ere. Azken bi disziplina hauek asko hartzen dute bere baitan eta harrigarria da nola konektatzen duten budismoak eta Kung Fu-ak. Kontraesankorra dirudi, baina zentzu handia du.

- Trotamundogs webgunean zure bidaiaren berri ematen duzu. Familia eta lagunekin konektatuta egoteko modua da?

Bai. Hasieran nire bidaia kontatzeko sortu nuen webgunea, baina blogean baliozko zerbait eskaini nahi nuen eta txakurrekin bidaiatzeari buruz berba egin, horregatik jarri nion Trotamundogs izena (dog berbak txakurra esan nahi du ingelesez). Gaur egun txakurren kontua albo batera utzita daukat, nahiz eta tenpluan lau artzain-txakur alemanekin lan egiten dudan. Beraz, hemen bizi dudan esperientziari buruz idazten dut mundu Shaolina eta budista zer diren azalduz. Artikulu gehiago idaztea gustatuko litzaidake, baina ez dut denborarik. Uste dut astebeteko oporraldia hartu behar dudala libretan dudana idazteko.

- Zer moduz dago Ura?

Ura da ondoen dagoena, zalantza barik. Lehen asteak korapilotsuak izan ziren, zaila delako lau artzain-txakur alemanen eremuan sartzea. Gogor eta pazientziarekin egin genuen lan eurek Ura onartzeko eta bi astetan hartu zutela ikusi genuen. Hortik aurrera hemengo erregina bihurtu zen. Shifu maiteminduta dauka eta hemengo sheriffetako bat poltsikoan edukitzeak pribilegio asko ematen dizkizu. Urak zuen beste “arazo” bat zen pertsonekin nolabaiteko trauma zuela eta ez zela jendeaz asko fidatzen. Hemen hamar hilabete pasa eta jende askoren bisita jaso ondoren gizakiarekiko beldurrak hor jarraitzen du, baina orain beste gauza bat da. Mesfidati agertzen da hasieran, baina bizkor pasatzen zaio frisbeea erakutsiz gero. Bestela, naturan libre bizi da, pasioak eta ariketak egiten ditu egunero eta ez zaio maitasunik falta. Beraz, zoragarri dago.

- Nola jarraituko du zure abenturak?

Ez dut idearik ere. Momentuz hemen jarraituko dut denbora luzez. Oso pozik nago, bai alde budista eta Shaolinarekin, bai hemen garatzen dihardudan argazkilaritza eta bideogintza aldearekin. Nire etorkizun pertsonal eta laboralarentzat oso baliagarriak izan daitezkeen gauza asko ikasteko toki egokian nagoela uste dut. Hala ere, ekialdeko maisu asko pasatzen da hemendik eta Asiak nire atea jotzen du etengabe. Ikusiko dugu etorkizunean zer gertatzen den, asko falta da oraindik. Momentuz bizitzen ari naizen esperientzia paregabe hau gozatzen eta xurgatzen jarraitzea tokatzen zait.