Mireia Alberdi (nutrizionista): “Gorputzak asko eskertzen du urte guztian zehar koherentzia bat izatea”

Mireia Alberdi (nutrizionista): “Gorputzak asko eskertzen du urte guztian zehar koherentzia bat izatea”
ETA KITTO 2020, Urt 21

Mireia Alberdi nutrizionista bergararrak “Tupper osasungarriak” ikastaroa eskainiko du urtarrilaren 28an Portaleko sukaldean, …eta kitto! Euskara Elkartearen eskutik. Tailer praktikoa izango da eta aste osoko tupperrak modu errazean eta osasungarrian planifikatzen eta prestatzen erakutsiko du.  Gaiak arrakasta izan du eta plazak beteta daude.

– Gabonak pasata, hartu ditugun kiloekin kezkatuta egoten gara. Nola bueltatu gaitezke normaltasunera?
Gabonen aurretik gure egunerokotasuna osasuntsua baldin bazen, egunerokotasun horretara bueltatzea besterik ez dago. Astebete edo pare bat aste beharko ditugu erritmoa hartzeko, baina ez dugu ezer berezirik egin behar. Aldiz, ohitura onak ez bagenituen, agian orain da momentua ohitura horiek aldatzeko, edo ez. Hau da, egutegiak esaten duelako ez da zergatik momentua izan behar. Agian beste une bat topatu behar dugu. Azken finean, ohiturak aldatzea esfortzu bat eskatzen du eta frente asko zabalik baditugu beharbada hurrengo baterako utzi beharko dugu. Bestalde, gure buruaren erritmoak errespetatzea garrantzitsua da. Batzutan ikusten dugu ez dugula nahi duguna lortzen eta pikutara bidaltzen dugu dena. Hobe da denbora gehiago hartzea.

– Posible da sasoi eta ospakizun berezietan osasuntsu jatea?
Norberaren aukera da. Harritzen nau jente ugari asko zaindu eta, bat-batean, sasoi jakinetan dena pikutara botatzeak. Jasotzen ditugun mezuak oso kontrajarriak dira. Zoriontsu izateko jan eta edan egin behar da. Ultraprozesauak jatea zoriontasunarekin lotzen da. Eta, aldiz, estetikoki ematen dizkiguten irudiak jende oso argalarenak dira. Beti gaude borroka horretan: zer egin behar dut? Zoriontsua izan eta nahi dudana jan, edo fustratuta bizi eta kriston gorputza eduki? Ematen du borroka bat izan behar duela eta ez dauka zertan izan behar. Agian ez daukat bizitza osoan dietan egon beharrik, baizik eta osasuntsu jan, nire burua errespetatu, horrelako ospakizun eta sasoietan beste modu batean jan eta beste ohitura batzuk eduki… Gorputzak asko eskertzen du urte guztian zehar koherentzia bat izatea.

– “Tupper osasungarriak” tailerrean zer ikasi ahal izango dugu?
Informazio orokorra emango dut (tupper motak, zelan erabili, zelan garbitu, zelan kontserbatu) eta aste osoko tupperrak nola planifikatu azalduko dut. Modu praktikoan egingo dugu, hau da, jendeak hurrengo egunean erabiliko duen tupperra arratsalde horretan prestatuko dugu. Astebetean gure tupperra zelan bete dezakegun ikusiko dugu, adibide desberdinekin eta modu osasuntsu eta erakargarrian.

– Tupperra ezinbesteko tresna bilakatu da askorentzat?
Orain dela urte batzuk pentsaezina zen tupperra lanera eramatea, baina 2008ko krisiaren ondorioz jendeak asko erabiltzen ditu. Ikastaroan erramintak eskainiko ditugu aste osoko tupperrak planifikatzeko, ez aspertzeko, eta beti ere modu osasungarrian egiteko. Asmoa lana erraztea da.

– Planifikazio on baten garrantzia azpimarratuko duzu…
Lehen ez zegoen inolako arazorik, egunean bertan erosi eta egunean bertan sukaldatzen zelako. Gaur egun gehienak etxetik kanpo gaude eta planifikatzea behar-beharrezkoa da. Tartetxo bat hartu behar dugu, domeka arratsaldea izan leike, aste osoko planifikazioa egiteko, gero erosketa on bat egiteko eta jakiteko zein momentutan sukaldatu behar dugun. Sarritan inprobisatu egin behar dugu, ezin izan ditugulako erosketak egin, eta etxean ditugun kontserbekin tuppera zelan prestatu ikusiko dugu baita ere. Begetariano eta beganoentzako aukerak ere ikusiko ditugu.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »