Mireia Alonso: “Euskaraz egin behar dugula gogoratzeko baliogarria izango da Euskaraldia”

Mireia Alonso: “Euskaraz egin behar dugula gogoratzeko baliogarria izango da Euskaraldia”
2018/11/14 eta kitto!
Oraindik zabalik dago Euskaraldian izena emateko epea. Oso erraza da: www.euskaraldia.eus edo www.akebai.eus webguneetan sartu eta izena eman behar da aurretik aukeratutako rolari dagokion atalean (Ahobizi, Belarriprest, Bihotzgoxo). Mireia Alonso sukaldari eibartarra Belarriprest izango da. Horrek esan nahi du 11 egunetan (azaroaren 23tik abenduaren 3ra) euskal hiztun guztiei euskaraz egiteko eskatuko diela.

- Belarriprest izango zara Euskaraldian eta 11 egunetan rol horri dagokion txapa erabiliko duzu. Hala ere, lanean ere denboratxo bat daramazue horrelako txapak erabiltzen, ezta?
Teknikerren Euskara Batzordea daukagu, eta orain dela hiru-lau hilabete ari gara Belarriprest eta Ahozibiziren txapak erabiltzen. Astan behin, asteazkenetan jartzen dugu txapa. Helburua euskararen erabileran ohitura berriak sortzea da eta oso ideia ona dela uste dut: euskaraz egiten badidate euskaraz erantzuteko obligazioa edo konpromisoa hartzen dut nik. Maiatzean, Tantanez Tantan ekitaldia aprobetxatuta, Euskaraldiaren aurkezpen ofiziala egin zen Eibarren eta hor ere Belarriprest moduan parte hartu nuen. Urkusuko iturrian gantxila betetzen egon nintzen Ahobiziren rola betetzen zuen Leire Alberdirekin batera. Uda aurretik, Eibarren sortu zen Euskaraldiaren Hamaikakoan enbaxadore izateko deitu zidaten. Nola esango nuen ezetz?

- Nolako harremana izan duzu euskararekin?
Etxean euskaraz eta gazteleraz berba egiteko aukera izan nuen, baina errazagoa egiten zitzaidan gazteleraz egitea. Txikitatik oso berritsua izan naiz eta berehala jotzen nuen erdarara. Sasoi hartan euskara bigarren maila batean ikusten nuen, ez nion garrantzirik ematen. Ikastolara joan nintzen, ondo ulertzen nuen eta horrekin nahikoa zela uste nuen. Ez nuen euskara  erabiltzeko beharrik ikusten. Arrateko Krabelin jatetxea izan nuenean hasi nintzen euskara gehiago erabiltzen. Orain Teknikerren ekimen desbedinak egiten ditugu euskara gehiago erabiltzeko. Sukaldean menuak euskaraz eta gazteleraz ditugu, ostalaritzako hiztegia…

- Beraz, gogotsu zaude Euskaraldian parte hartzeko.
Jakina! Oso ekimen garrantzitsua dela uste dut. Horrelako ekimenen bidez ohiturak aldatu daitezkeela uste dut.  Lehen erderaz egiten zidan jende askok orain euskaraz egiten dit. Besteei mezu hau bidaltzeko modua da: “euskaraz ez dut oso ondo hitz egiten baina prest nago ikasteko, eta nolabaiteko konpromisoa hartzen dut euskaraz mintzatzeko“. Beldurra kentzea ezinbestekoa da eta dakienak jarraitu egin behar du ahal den guztia euskaraz egiten.

- Zeintzuk dira zure ustez euskaraz ez egitearen arrazoiak?
Arrazoiak bi dira nire ustez. Alde batetik beti errezera jotzen dugula. Eta, bestetik, txarto egiteko eta hanka sartzeko beldurra. Ohiturak aldatzeko polita izango da Euskaraldia eta euskaraz egin behar dugula gogoratzeko oso baliogarria.