Miryam Tejada Segovia (blogaria): “Orain dela milaka urte ere baziren blogariak”

Miryam Tejada Segovia (blogaria): “Orain dela milaka urte ere baziren blogariak”
2016/10/21 eta kitto!
Miryam Tejada Segovia Bartzelonan bizi den eibartar blogaria da. Bidaiatzeko grina eta kazetaritza uztartzea lortu du adondequieraquevaya.com blogarekin, eta azken egunetan bere izena sare sozialetan ikusteko aukera izan dugu, #BlogueroGold2016 lehiaketako finalera iristea lortu ondoren. Lehiaketa amaitzeko eta irabazlearen izena jakiteko egun gutxiren faltan, Eibarko gaztea eta bide batez blogger mundua hobeto ezagutzeko parada izan dugu.

- Euskal Herrian Kazetaritza ikasketak egin ondoren, nola iritsi zinen Bartzelonara?
2012an Italian Erasmusa egiten nengoenean, mundua esploratzeko dagoela eta oraindik etxera bueltatzeko momentua ez zela ikusita, master bila hasi eta Bidaien Kazetaritzari buruzko bat aurkitu nuen Bartzelonan. Masterrari esker, nire gustu berdinak zituzten lagun berriak egiteaz gain, sektoreko jendearekin harremanak egin eta blogari mundua ezagutu nuen. Bartzelona mila aukera dituen hiria da, dena eskura daukazu bertan. Etorkizunean Eibarren edo Euskal Herrian egon nahi badut ere, Bartzelonak dena eman dit. Bidaiatzea da nire pasiorik handiena eta gaur egun nire zaletasunekin (kazetaritza, idazketa eta irakurketa) uztartzen dut. Dena dela, ibilbidea ez da erreza izan. Ia urtebete pasa nuen langabezian. Ez nuen aurrean jartzen zitzaidan lehenengo gauza hartu nahi; gurasoen laguntza izan nuen eta azkenean profesional eta pertsonal mailan betetzen nauen zerbaitetan lan egitea lortu nuen: escapadarural.com-en nago lanean eta hor nire lekua izatea lortu dut.

- Nondik datorkizu bidaiatzeko zaletasuna?
Txikitatik hartutako ohitura da. Udako eta Aste Santuko oporretan gurasoekin Espainia osoa ezagutzeko aukera izan nuen, eta beti oso gustura joan naiz. Nire gurasoek inkontzienteki irakatsi didate bidaiatzeko grina. Pixkanaka atzerria ezagutzea, berriz, nire gauza izan da. Edozein aitzaki erabiltzen dut hegaldiak bilatzeko eta abentura berri bati ekiteko, Tailandia, Jordania, Croacia... Orain Islandian egon naiz eta han geundenean datorren udan nora joango garen pentsatu genuen. Aldez aurretik planifikatzen baduzu, bidaiatzea ez da garestia. Udako txartelak nik urtarrilean erosten ditut. Bidaiatzeko batez ere ilusioa eduki behar da eta aurreiritziak etxeko kajoian gorde behar dira. Modu horretan mundua begirada garbi eta irrifartsuarekin miretsi ahal izango duzu.

- Blogarien mundua ezagutu zenuen eta hor jarraitzen duzu buru-belarri, baina zer da blogari izatea?
Ikasketak amaitu nituenean nire bloga zabaltzea erabaki nuen: adondequieraquevaya.com. Kazetaritza munduan nolabait destakatzeko eta egiten nekiena eta nire gogoa demostratzeko modua izan zen, Curriculum Vitae originial eta kreatiboa, azken finean. Idazteko zaletasuna txikitatik datorkit. Beti izan dut nire drama guztiak isladatzen zituen eguneroko bat, eta Ipurterre ipuin-lehiaketa guztietara aurkezten nintzen (ez nuen inoiz irabazi, jajaja). Beraz, idaztea da gehien gustatzen zaidana. Blog-ari barrenak ateratzea beste kontu bat izan da. Ordu asko sartu ditut tutorialak eta youtube ikusten. Barcelona Travel Bloggers elkartea deskubritu nuen, bertako diruzaina naiz eta elkarri laguntzen diogu. Bidaiak, tailerrak, hitzaldiak… antolatzen ditugu. Denbora asko pasatzen dut eurekin eta benetako lagunak egin ditut bertan. Blogariak orain dela milaka urte existitzen ziren, itsasoak zeharkatzen zituzten abenturazaleei esker; lurralde berriak deskubritu edo herrialdeak zeharkatzen zituzten euren merkantziak saltzeko. Ibilaldiak paperezko koadernoetan idazten zituzten, edo harrietan inskripzioak lagatzen zituzten. Orain, gure belaunaldiak gauza bera egiten du, baina blogen bitartez. Interneten ibilbideak, gomendio gastronomikoak edo aholkuak konpartitzen ditugu eta sare sozialen bidez zabaltzen ditugu.  Gainera, helmugen tresna ere bagara: esperientziak lehenengo pertsonan bizitzeko eta partekatzeko kontratatzen gaituzte. Bloggers-ek audientzia zehatz batentzat egiten dugu lan. Nire kasuan, nire blogeko hiztegia oso kolokiala da, beti genero femeninoa erabiltzen dut eta, tontakeria badirudi ere, engantxatu egiten du.

- #BlogueroGold2016 lehiaketako finalista zara eta orain botoak emateko momentua da. Zertan datza lehiaketa eta nola hartu dezakegu parte bertan?
American Express-ek antolatzen duen lehiaketa da eta hau bigarren edizioa da. Bidai bati buruzko 2.000 hitz baino gehiagoko testoa idatzi behar zen. Idatzi nuen, epai-mahaiari gustatu egin zitzaion eta zuzenean 10 finalistetako bat izan nintzen. Sari moduan,  200.000 puntu MR eman zizkidaten, hau da, 1.000 euro, leku bat aukeratu, bertara bidaiatu eta bost post idazteko. Islandia aukeratu nuen eta bueltan irakurleek irakurtzeko eta botatzeko bost artikulu idatzi behar izan nituen. Orain botazio fasean gaude, urriaren 24ra arte, eta 27an irabazlearen izena jakingo da. Botaziorako mekanika hauxe da: kategoria bakoitzean (5 daude) 1, 2 eta 3 izarrekin hiru faboritoak botatuko dira. Hau da, “A donde quiera que vaya-k” irabazten lagundu nahi badidazue, https://www.latitudamex.es/bloguerogold/2016/myriam-tejada/ loturan sartu eta “votaciones” atalean 3 izarrak eman beharko dizkidazue kategoria bakoitzean.

- Zer nolako proiektuak dituzu esku artean?
Buruan ideia pila bat izaten dut eta saltsa guztietan sartzen naiz (tailerrak, lan-taldeak…) Hala ere, nire anbiziorik handiena blogari moduan hazten jarraitzea eta, batez ere, idazten jarraitzea da. Azken finean, horretarako zabaldu nuen bloga. Etorkizunean ez dut baztertzen egunerokotasuna alde batera laga eta urtebete sabatikoa hartzea munduan bidaiatzeko; idaztea maite duen pertsona batentzat erretiro eta ikastaldirik onena dela uste dut.

miryam-tejada