Monika Garcia (Erizaina): “Erakusten badiegu, haurrek ere bizitzak salbatu ditzakete”

Monika Garcia (Erizaina): “Erakusten badiegu, haurrek ere bizitzak salbatu ditzakete”
2020/07/17 12:33
eta kitto!
Zer egin dezakete haurrek larrialdi egoera batean? Nola lagundu dezakete bizitza bat salbatzen? Monika Garcia eibartarra, erizaina izateaz gain, bi haurren ama da. Konfinamendu sasoian, bere seme-alabekin etxean zegoenean, aspaldi buruan zeukan ideiari forma eman dio eta 4 urtetik aurrerako haurrentzako gida-liburua argitaratu du. Ilustrazioekin lagunduta, argitalpenak ipuin baten itxura du. Modu erakargarri batean, pausoz-pauso azaltzen die umeei zer egin behar duten norbaitek bihotz-biriketako geldialdia izaten duenean. Monikak azaldu digunez, bat-bateko bihotz-gelditzearen biktimetako asko bizirik irten daitezke ingurukoek berehala laguntzen badiete.

Umeentzako liburuxka bat argitaratu berri duzu. Zer kontatzen duzu?
Pertsonaia guztiak benetakoak dira: Maddi eta Irai nire seme-alabak, amama,  etxeko txakurra, nire lankideak eta neu... Azalean Maddi eta Irai ageri dira. Lehenengo orrietan pertsona bat bizirik irauteko probabilitatea ahalik eta handiena izan dadin orden jakin batean jarraitu beharreko urratsak eta ekintzak azaltzen dira, hau da,  telefono-deia, bihotz-biriketako bizkortze goiztiarra (RCP), desfibrilazioa eta trasladoa.

Ilustrazioek garrantzi handia daukate liburuxkan, hasieratik amaierara.
Azken batean haurrentzako kontakizun edo istorioa da. Eta ondo  azaltzeko eta umeak erakartzeko modurik onena irudi erakargarriak erabiltzea da. Gero guraso bakoitzak ikusiko du nola kontatu ipuina bere seme-alabari.

Ze istorio kontatzen duzu?
Haurrak amamarekin daude etxean. 5 eta 7 urte dituzte. Bapatean, amama lurrera jausten da. Egin behar duten lehenengo gauza amama ikutu eta mugitzea da ("amama, ondo zaude?"). Amamak erantzuten ez duenez, Irai laguntza bila doa. Bitartean, Maddik arnasbidea irekitzen du. Segundu batzuetan zain gelditzen da amamak arnasa hartzen duen konprobatzeko. Arnasarik hartzen ez duenez, hurrengo pausora igarotzen da: telefono-deia. Deiak garrantzi handia du; gertatzen ari dena azaldu behar dio 112 telefono zenbakiaren bestaldean dagoen pertsonari eta hainbat datu eman behar dizkio: amamaren izen-abizenak, helbidea eta telefonoa. Deia egin ondoren, bihotz-masajea egiten jarraitu behar dute, gorputza postura egokian jarrita. Ondoren, anbulantzia iristen da eta eurek atea ireki beharko diete osasun-langileei. Amaieran ni agertzen naiz, erizaina, eta baita beste lankide batzuk ere. RCPa (bihotz-biriketako bizkortzea) egiten amaitzen dugu. Amama sendatu egin da eta anbulantziak ospitalera eraman du, oraindik  froga gehiago egin behar dizkiogulako.

Liburuaren amaieran oharrak hartzeko hutsuneak azaltzen dira...
Hori da. Bertan, haurrek jakin beharreko datu garrantzitsuak idatzi daitezke: guraso, aitxitxa-amama, zaintzaile edo inguruko besteen izenak, helbideak, telefonoak... Onena liburua telefonoaren ondoan edo behintzat eskura egotea da, haurrak ondo ezagutzen duen lekuren batean. Horrelako egoera bat gertatzen denean, normala da haurrak blokeatzea eta ahaztu egiten zazikie telefonoak, izenak... Liburua eskura badute, bertan datu garrantzitsuenak jasota izango dituzte, eta oso lagungarria izango da,

Nola eskuratu daiteke liburuxka?
Interesa dutenek nirekin zuzenean jarri daitezke harremanetan 653370589 telefonora deituz edo monikaeibar@hotmail.com helbide elektronikoa erabiliz.  Liburuak 6,95 euro balio du. A5 formatoan eginda dago.  12 orrialde ditu. Kalitate oneko papera du eta Leire Ramos ilustratzaileak lan zoragarria egin du.

Monika

Zer dela eta animatu zara umeentzako lan hori egitera?
Hori baino lehen, osasun-langileentzako larrialdien liburua egin nuen iaz. Mendaroko ospitaleko zirugia arloan lan egiteaz gain, anbulantzia medikalizatuetan ere jarduten dut. Oso beharrezkoa ikusten nuen osasun arloko langileentzat larrialdi-gida bat egotea. Gutxieneko ezagupenak dituztenentzako gida da. Momentu hartan jende askok esan zidan ondo legokeela jende arruntarentzako eta haurrentzako zerbait egitea. Konfinamenduan, umeekin nengoela,   ideiari bueltak ematen hasi nintzen, ilustratzailea bilatu nuen eta prozesu guztia martxan jarri nuen.

Denok jakin beharko genituzkeen gauzak direla diozu. Umeei larrialdi egoera baten aurrean zelan jokatu behar duten erakusten zaie?
Zalantza barik denok jakin beharreko gauzak dira, eta, gainera, txikitatik egin beharrekoak. Zoritxarrez,  hezkuntza eta osasun arloetan muzin egiten diote. Maddik 3 urte zituenean, borondatez bere ikastetxera joaten hasi nintzen eskularru, xiringa, gasa eta antzerako materialekin. Jolasen bitartez beldurra kentzea zen asmoa. Anbulantzietan lan egiten dudanez, nire arduradunekin hitz egin eta anbulantzia eta guzti joan nintzen. Hurrengo urtean berriro joan nintzen, RCP edo bihotz-masajearekin, eta urtero joaten jarraitu du. Argi ikusi dut umeei horrelako saioak eskaintzen zaizkienean askoz ere lasaiago jarduten dutela.

Orduan, txikiak izanagatik ere, neska-mutikoei ondo datorkie larrialdi egoeratan nola jokatu jakitea?
Haurrek, ikasten dutenean,  oso ondo egiten dute.  Larrialdi egoera batean zer egin behar den jakiteak sekulako lasaitasuna eta segurtasuna ematen digu haurrei zein helduoi (heldu askok ere ez dute jakiten nola jokatu).

Bizitzak salbatu ditzakegu urrats horiek jarraitzen baditugu?
Pertsona bati bihotza gelditzen zaionean ez badugu ezer egiten, bizirik mantentzeko aukerak murriztu egiten dira. Masaje hori egiten badugu eta zirkulazioa berreskuratzen bada, bizitza-aukerak gehitu egiten dira. Baten batek konortea galtzen duenean eraginkorrena konpresioak egiten hastea da.