Nahia Martinez eta Julen Mailharin: “Alternatiba bat eraiki nahi duten ikasleak bilduko gara Herri Unibertsitatean”

Nahia Martinez eta Julen Mailharin: “Alternatiba bat eraiki nahi duten ikasleak bilduko gara Herri Unibertsitatean”
2019/03/22 09:57
eta kitto!
Eibarko Unibertsitateko Ikasle Mugimenduak Herri Unibertsitatea antolatu du hilaren 27 eta 28rako. Gaur egungo unibertsitate ereduaren inguruan eztabaidatuko dute bertan eta hitzaldiak, tailerrak, mahainguruak eta beste hainbat ekintza antolatu dituzte horretarako. Ikasleez gain eibartarrak ere gonbidatu nahi dituzte Herri Unibertsitatera, eta kanpoko jendearentzat bonoak jarri dituzte salgai (7 euro) hiru otordu eta lo egiteko (Beleko tabernan salgai eta, egunean bertan, Herri Unibertsitatean).

 

- Zer da Eibarko Herri Unibertsitatea?

Unibertsitate eredu berri baten alde egiten dugu eta Herri Unibertsitatean hainbat gai landuko ditugu bide horretan. ‘Feminismotik iraultzara’, ‘Erraustegia’ (Ainhoa Intxaurrandietaren eskutik) eta ‘Euskara eta hezkuntza’ (Mikel Aiartzaguenaren eskutik) izeneko hitzaldiak eskainiko ditugu; energia berriztagarrien graduko ikasleak izanik, burujabetza energetikoaz mintzatuko gara Goiener, Errekaleor eta ikasle ohiekin; San Mameseko EHUko ingeniaritzako talde kritiko batek ‘Teknologia eta kapitalismoa’ izeneko hitzaldia eskainiko du; eta Gaztetxean bi mahainguru egingo dira, ‘Gazteen arteko mahaingurua’ eta ‘Apustu-etxeak, herriaren miseria’ (Igor Meltxor eta Azpeitiko ElkarEkinekin). Gainera, hainbat tailer, ekitaldi eta kontzertu ere egingo dira. Alternatiba bat eraiki nahi duten ikasleak bilduko gara, egungo unibertsitate ereduak langile klasearen beharrak asetzen ez dituela uste dugulako. Ikasleongandik bakarrik irtengo den alternatiba bat proposatu nahi dugu eta langile klaseari formakuntza eman, burgesiaren interesetara bideratu barik. Izan ere, burgesiarentzat etekinak ateratzeko helburu bakarrarekin irteten dira ikasleak lan-merkatura eta horrekin apurtu nahi dugu. Gai horiek ikasleon artean landu nahi ditugu, unibertsitateek eta batez ere EHUk ez dituztelako bultzatuko.

- Euskal Herriko hainbat tokitan egin izan dira Herri Unibertsitateak. Zergatik Eibarren orain?

Otsailaren 19tik 21era Herri Unibertsitateak egin ziren Donostian, Leioan, Bilbon, Iruñean eta Gasteizen, eta astebete geroago Herri Unibertsitate Nazionala, eta aurten Eibarren horrelako zerbait antolatzea egokia zela pentsatu dugu. Lanegunetan egingo dugu, ikasleek Herri Unibertsitatera etortzeko beste klaseetara joateari uzten diotela irudikatu nahi dugulako.

- Eibarko Unibertsitateko Ikasle Mugimenduak antolatu du egitasmoa. Zein asmo du taldeak?

Orain dela urte batzuk sortu zen taldea, baina hainbat urtetan geldirik egon ondoren, berriz jarri dugu martxan. Astero elkartzen gara eta Herri Unibertsitatean islatzen diren arazoak lantzen ditugu. Egitasmo honekin herriarekin kontaktua egin ahal dugula pentsatzen dugu eta Gaztetxean hainbat ekintza egingo ditugu horretarako.

- Baduzue harremanik beste ikasle mugimenduekin?

Beste unibertsitateetako mugimenduak plataforma baten barruan daude, baina guk geure aldetik antolatu dugu Herri Unibertsitatea. Eurekin kontaktuan jarri gara eta sintonia berean gaude. Beraz, harremana estutzen saiatuko gara denok batera joateko, indar handiagoa edukiko dugulako.

- Herri Unibertsitateak bi eguneko egitaraua du, baina gaur egungo unibertsitate ereduaren alternatiba bihurtu daiteke?

Helburu nagusia unibertsitate propioa edukitzea litzateke, baina ikasleon klase-kontzientzia indartzen eta eredu alternatiboak bilatzen lan egin behar dugu lehenengoz.

- Bolonia Plana, LOMCE eta hezkuntzan egon diren aldaketen ondoren, alternatibak aurkeztea beharrezkoa da?

Boloniarekin Europako botere kapitalista garrantzitsuenen interesak sartu ziren unibertsitatean eta, lehen baino alienatuago gauden neurrian, Herri Unibertsitatea moduko ekimenak garatzea garrantzitsua da, gure hitza eta parte-hartzea gizartean zabaltzen delako.