Nuria Robleño: “Benetako munduak nola funtzionatzen duen erakutsi nahi izan dugu dokumentalean”

Nuria Robleño: “Benetako munduak nola funtzionatzen duen erakutsi nahi izan dugu dokumentalean”
2019/06/07 07:27
eta kitto!
Asian lau hilabete pasa ondoren, Nuria Robleño joan den zapatuan itzuli zen Eibarrera. “Jet laga dut oraindik”, esan digu. Indian ‘Made in made for’ dokumentala grabatzeko aukera izan du, modaren gainkontsumoak Indiako eta Txinako gizartean eta ingurugiroan duen eragina aztertzen duen ikus-entzunezkoa. Txinan, berriz, negozioen munduan trebatu da. Esperientzia asko bizi izan ditu, “ezberdinak eta gogorrak”, eta bizitakoaren inguruan hausnartuko du udan.

 

- Asiako herrialde batetik bestera ibili zarala ikusi dugu. Zertan ibili zara?

LEINN (Lidergo Ekintzailetza eta Berrikuntza) karrera ikasten dihardut eta urtero toki batera joaten gara ikasitakoa garatzeko. Lehenengo urtean Finlandian egon ginen, bigarrenean San Frantziskon eta aurten India eta Txinara joatea egokitu zaigu. Indian bi hilabete egon ginen eta Txinan beste bi.

- Hirugarren urteko bidaia hau oso ezberdina izan da aurreko biekin alderatuz?

Oso ezberdina, oso toki gogorretan egon garelako.

- Indian, adibidez, zer egin duzue?

Ikasleok enpresa bat sortzen dugu, proiektu bat, eta beste herrialdeetako hainbat agenterekin kontaktuak itxi behar ditugu. Beste kide batek eta biok dokumental bat egin nahi izan dugu eta Gipuzkoako Foru Aldundiak diruz lagundu digu. Modaren gainkontsumoak Indiako eta Txinako gizartean eta ingurugiroan duen eragina aztertzea zen gure asmoa. Lehenik moda jasangarria lantzen duen jendearekin egon nintzen hemen eta Indian beste aldea ezagutu dut. Moda azkarrak (fast fashion) industria aldatu du.

- Zer ikusi ahal izan duzue?

India osoa zeharkatu dut (Bangalore, Kerala, Mumbai, Kalkuta...) fabrikak bisitatzen eta oso gauza gogorrak ikusi ditut. Adibidez, 18 urteko neskek bakarrik lan egiten duten algodoi fabrika batean langileek ezin dute bakarrik ezer egin, ezta ogia erostera irten ere, ugazabarekin joan behar dira edonora. Fabrikan bizi dira eta soldata familiari ematen diote, eurek ez dute zentimorik ikusten. Gero, aitak ezkontza adosten die eta lana utzi behar izaten dute, eta euren ordez beste neska bat sartzen da fabrikan, kendu eta ipini daitezkeen produktuak izango balira bezala. Horrelako gauza asko ikusi ditugu, Indian denetarik dagoelako. Tirupurren, adibidez, 2.500 ehungintza fabrika daude eta han egiten da Inditex enpresaren markentzako erropa, besteak beste.

- Fabriketan sartzeko aukera izan zenuten?

Ezin ginen fabriketan sartu, baina barruan gertatzen dena grabatzen saiatu ginen. Ikasleak ginela esaten genien, disimulatzeko.

- Dokumentala amaitu ahal izan zenuten?

Bai, eta dagoeneko Donostian aurkeztu dugu. Benetako munduak nola funtzionatzen duen erakutsi nahi izan dugu. Modako produktuak erostean prezio batzuk eskatzen ditugulako gertatzen da hori. Produktu batek 10 euro beharrean 5 euro balio badu, hobeto iruditzen zaigu. Baina produktu horrek 5 edo 2 euro balio izateko, jendea oso egoera kaskarrean bizi behar da. Gainera, kontsumo-mota horrek ingurugiroari kalte egiten dio, ez da jasangarria. Tirupurreko erreka bat, adibidez, guztiz koloreztatuta dago inguruko fabrikek isurtzen duten tindagaien ondorioz.

- Txinan lan bera egin zenuten? Hango fabriketan egon zineten?

Ez, Txinan dokumentala editatu behar izan nuen. Nire lankidea ni baino bi hilabete lehenago joan zen eta Indian nengoen bitartean bera Txinan zegoen. Orduan, Txinan elkartu ginen gero. Txinan ez genuen fabrikarik ikusteko aukerarik izan, Gobernua oso zorrotza delako, baina nire kideak Bangladeshera joateko aukera izan zuen eta Rana Plaza eraikinaren (lau fabrika eta 5.000 langile zituen barruan) erortzeari buruz berba egin zuen biktimen familiar batzuekin.

- Dokumentalaz gain, beste zerbait egiteko aukera izan zenuen?

Txinara joan aurretik Kalkutan astebeteko boluntariotza egin genuen Teresa Kalkutakoaren etxeetan eta senarrek egindako azido erasoak jasan duten emakumeen etxean egotea egokitu zitzaidan. Maitasuna ematen eta laguntzen saiatu nintzen. Hori goizetan izaten zen, arratsaldeetan ume desgaituekin egoten nintzelako. Izan ere, familiek baztertu egiten dituzte desgaitasuna duten umeak.

- Barrenak ukitu dizkizu Indiako bidaiak?

Azken egunean manifestu bat idatzi genuen Indian ikusitakoarekin ikasitakoa eta gure bizitzan aldatu nahi duguna azaltzeko. Hangoa ikusi ondoren familia, lagunak, bizi zaren tokia... beste modu batean baloratzen dituzu. Bi hilabete egon naiz Indian, baina banekien hona itzuliko nintzela. Hango jendea, ordea, han bizi behar da.

- Alde handia ikusi zenuen India eta Txinaren artean?

India iragana da eta Txina etorkizuna. Shanghai, Guangzhou, Pekin eta Shenzenen egon nintzen, oso hiri modernoetan. Jende guztia telefono mugikorrarekin ikusten duzu eta inork ez du diru fisikoa erabiltzen. Eskaleek, adibidez, QR kode bat dute limosnak jasotzeko. Txina asko gustatu zait, baina Indian jendea laguntzeko prest egoten da beti eta Txinan ez da horrela. Txinatar gehienen erlijioa budismoa da, nahiko indibiduala dena; Indian, ordea, hinduismoa da nagusi eta kolektiboak garrantzia handia du erlijio horretan. Tontakeria dela dirudi, baina eragina duela uste dut.

- Zer ikasi edo ekarri duzu Txinatik?

Negozio kontuak. Batetik, gure proiektu baterako esportazio gaiak landu genituen; eta bestetik, Txinako LGTBI kolektiboaren dokumentala egin genuen, oso ezkutuan dagoelako.

- Zentzu horretan ez da etorkizuneko herrialdea?

Ez. Taiwan izan da sexu bereko pertsonen arteko ezkontzak legeztatu dituen Asiako lehen herrialdea eta gure ekipoko batzuk hara joan ziren bertako egoera zuzenean ikusteko.

- Zer moduzkoak dira txinatarrak negozio kontuetan?

Guanxi delakoak garrantzi handia du eurentzat.

- Zer da Guanxia?

Negozioak egiteko edo erlazio komertziala dagoen kasuetan sortzen den konfiantza edo sentimendua. Dinamika bat jarraitu behar da negozioak egiteko eta, negozioez berba egin aurretik, hainbat ekintza egiten dira (elkarrekin bazkaldu, karaokean abestu...). Guanxi gabe ez dago negoziorik. Asian garrantzi handia ematen diete harreman estuei, baina harremana apurtzen bada, akabo, inoiz ez da berreskuratzen.

- Lau hilabete hauetan jasotakoa gainditu duzu?

Indian bizitakoaren inguruan hausnartzeko denbora izan nuen, baina oraindik patxadaz pentsatu behar dut bidai osoan gertatu denaren inguruan.