Oihana Aristondo: “Paperean geratzen dena bizitza errealean erabilgarria izatea gustatuko litzaidake”

Oihana Aristondo: “Paperean geratzen dena bizitza errealean erabilgarria izatea gustatuko litzaidake”
2019/11/08 11:10
eta kitto!
Matematika eta irakaskuntza asko gustatzen zaizkio Oihana Aristondori. Bokazio kontua da berea. Klaseak emateaz gain, matematikari eibartarrak EHUko Eibarko Ingeniaritza Eskola koordinatzen du eta ikerketarako tartea aurkitzen du ahal den heinean. Pobrezia energetikoaren inguruan dabil ikertzen azken aldian eta 2018an publikatu zituen gai honi buruzko azken emaitzak.

 

- II. Jakin eta Erein jardunaldia egin zen aurreko astean Eibarren. Zer moduz egon zen?

Iaz, lehen edizioan, zientzia kaleko jendeari hurbiltzea izan zen helburua. Udaletxean hitzaldi interesgarriak eskaini ziren, edozein pertsonari zuzendurikoak eta denok ulertzeko modukoak, baina ez zen jende asko hurbildu. Aurtengo edizioa prestatzeko Enrique Zuazuak eta Eibarko Udalak guregana jo zuten, EHUko Ingeniaritza Eskolak Eibarren duen atalera. Gure ikasleak oso aktiboak dira, edozer egiteko prest daude eta oso kontzientziatuta daude energia berriztagarrien gaiarekin. Beraz, 15 minutuko hitzaldiak prestatu genituen goizerako; eta arratsaldean, ikasleek proposatutako gai batzuren inguruko hausnarketa egin genuen. Goizeko hitzaldietara jende asko etorri zen, baina arratsaldean ez hainbeste. Hala ere, pozik geratu ginen izan zuen harrerarekin eta jendearen inplikazioarekin.

- Nolako balio erantsia ematen dio herriari Europako energia berriztagarrien ingeniaritza eskola bakarra Eibarren egotea?

Demasa! Ingeniaritzaren lau mailetan Kanariar Uharteetako hamahiru ikasle ditugu, adibidez, eta beste hainbat tokitatik etorritako ikasle asko izan ditugu urte hauetan. Euretako batzuk, gainera, karrera amaitu ondoren hemen geratu dira lanean.

- Karrera hau Eibarren egoteak eragina du herriko eta inguruetako ekosisteman? Hau da, energia berriztagarrien inguruko enpresak, politikak eta abar sortzea bultzatzen du?

Gure ikasle batzuk enpresak sortu dituzte, eta inguruko enpresa eta erakundeetan lan egiten duten ikasleak izan ditugu baita ere. Bestetik, Udalbiltzaren bitartez hainbat proiektu egin dituzte Udalek. Eibarkoak ez, baina gure ateak zabalik daude. Berrizko Udalak, adibidez, biomasa-galdara bat Udalaren edifizio batzuetan jartzeko proiektua landu zuen gurekin. Batzuetan gertatzen da proiektuak ez direla errentagarriak eta ez dagoela diru-laguntzarik. Klimatoia egitasmoarekin, adibidez, erakundeek eta enpresek hainbat erronka jartzen dizkiete ikasleei eta ideia interesgarriak irteten dira. Erregai fosilak desagertzen daude eta energia berriztagarriei begira jarri beharko ginateke.

- Eibarko Ingeniaritza Eskolako koordinatzailea zara. Zein da zure eginbeharra?

Lehen zentro bakar bat ginen, baina EHU-k berregituraketa egin zuen eta zentroak batu zituen, unibertsitate izateko gutxienekoak betetzeko (ikasle, langile, doktore... kopuru minimo bat edukitzeko). Gu Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolaren (EHU) barruan gaude Donostiakoekin batera. 50 kilometrotara gaude, baina zentro bera da. Lehen zuzendari bat eta hiru edo lau zuzendari-orde genituen hemen, baina orain hiru zuzendari-orde gaude. Ni naiz euretako bat eta eskolako koordinazioaz arduratzen naiz. Zuzendari lanak egiten ditut zuzendari kargua izan barik. Orain praktiketaz arduratzen naiz, kudeaketaz baita ere, matematika klaseak ematen ditut eta ikerketa egiten dut.

- 2018an pobrezia energetikoaren inguruko ikerketa bat publikatu zenuen. Zer aztertu zenuen zehazki?

Hasteko, Europarako ez dago pobrezia energetikoa zer den zehazten duen definiziorik. Garatutako herrialdeetan pobrezia ekonomikoa errentaren arabera zehazten da, baina garatu gabeko herrialdeetan ez da soldata ikusten, ez dutelako teilaturik, urik edo oherik ere agian. Beraz, beste gauza batzuk begiratzen dira. Ikerketa hau egiteko, horretan zentratu ginen. Errenta zenbaki bat da, kopuru bat; baina beste aldagaiak badituzu edo ez dituzu, hau da, bai edo ez. Gauza ezberdinak dira eta aldagai horiek zelan neurtu jakin behar duzu. Orduan, pobrezia energetikoa neurtu dugu Espainia mailan eta INE-ren datuak erabili ditugu horretarako. Europarako ‘Metodo adostua’ erabili dugu, hiru aldagai aztertzen dituena. Aldagai horiek matematikoki neurtzen ez zekienak batezbesteko bat egiten zuen emaitzak lortzeko, baina garatu gabeko herrialdeetan pobrezia neurtzeko literatura bat dago eta kasu honetan bide horretatik jo behar genuela uste genuen. Beraz, gauza biak elkartu genituen, pobreziaren eta energiaren inguruko literaturak. Eneritz Onaindia eibartarrarekin egin nuen ikerketa. Orain, Euskal Herri mailan egin nahi dugu antzeko ikerketa bat eta gure ikasle bat ikerketa eskualdekako egiten dihardu.

- Zeintzuk izan dira ikerketaren emaitza nagusiak?

Hiri handietan txikietan baino pobrezia energetiko gutxiago dagoela; errenta eta pobrezia energetikoa lotuta doazela; eta toki beroenetan pobrezia energetiko gehiago dagoela, kontzientziazio kontuagatik.

- Zertarako izan daitezke erabilgarriak ikerketaren emaitzak?

Beti pentsatzen dugu emaitzak oso baliagarriak izan daitezkeela politikarientzat. Datu-baseak oso handiak dira eta guk taldeka aztertzen ditugu. Adibidez, etxean zenbat jende bizi den ikusten dugu (pertsona bakarra, bikote bat, ama ezkongabea...) eta kaltetuenak zeintzuk diren aztertu dezakegu. Hori interesgarria da zein politika bat edo beste egitea zehazteko. Ikerketaren emaitzak paperean geratzen dira, baina bizitza errealean erabilgarriak izatea gustatuko litzaidake.

- Ikerketa egiteko orduan zuek erabakitzen duzue zein aldagai erabili edo pobreziaren muga non ezartzen den, adibidez. Beti dago subjektibotasun puntu bat?

Bai. Gero, ‘sendotasun-metodoak’ erabiltzen ditugu emaitzak berresteko.

- Subjektibotasuna badago ere, errealitatetik hurbil dauden emaitzak eskaintzen dituzte horrelako ikerketek?

Bai. Ez da errealitatearen argazki zehatza izango, baina oso hurbil egongo da.

- Ekaia aldizkarian euskeraz irakurri daiteke ‘Pobrezia Energetikoa Espainian 2008, 2011 eta 2014ean’ ikerketa. Nolakoa da euskeraren presentzia zientzia ikerketetan?

Ikerlariok curriculum bat osatu behar dugu eta kalitatezko aldizkarietan artikuluak publikatzeko presioa sentitzen dugu (plaza ateratzeko edo lan-baldintza hobeak lortzeko, adibidez). Kalitatezko aldizkariak, orokorrean, ingeleraz egiten dira. Guk euskeraz publikatu nahi dugu, baina unibertsitateak ebaluaketa egiten digunean Ekaia moduko aldizkariak kalitatezko aldizkarien pare jarri behar dituzte, bestela beste aldizkarietan publikatzera behartzen gaituztelako.

- Betidanik izan duzu matematikarekiko zaletasuna?

Bai, pixka bat ‘frikia’ izan naiz beti matematikarekin. Bokazio kontua da. Berriz jaio ezkero, berriz ikasiko nuke matematika. Perez Saguak arbel bat ekarri zidan eta egunero ematen nituen klaseak (barreak). Matematika asko gustatzen zait eta klaseak ematea are gehiago.