Oihane Pérez eta Itsasne Garate, MIO: “Gure lanek identifika gaitzatela nahi dugu”

Oihane Pérez eta Itsasne Garate, MIO: “Gure lanek identifika gaitzatela nahi dugu”
2017/10/09 09:41
eta kitto!
Orain dela hainbat urte elkar ezagutu zuten Itsasnek eta Oihanek, eta beti pentsatu izan zuten zerbait eraikiko zutela elkarrekin. Bada orain dela urtebete jarri zuten martxan proiektu bat: Make It Own, edo MIO, diseinu grafiko eta web estudioa. Gustatzen zaiena egiten dute eta argi daukate hori dela euren bidea. Kalitatearen bitartez bereizi nahi du MIOk, lanei eskaintzen dion mimoa bereizgarri izatea nahi dute.

 

-Nola hasi zenuten proiektua?

I: Web Diseinuari buruzko masterra ikasten geunden Donostian eta hainbat lan egin behar izaten genituen. Orduan, pentsatu genuen erakargarriagoa izango litzatekela bezero errealentzako lanak egitea, gero agentzia batean zure lanak erakutsi behar badituzu, balio gehiagoko zerbait daukazulako.

O: Gehiago motibatzen zaitu gauza errealak egiteak. Hiru proposamen bidali genituen eta erantzunak jaso genituen. Azkenean ez gintuzten onartu, baina erantzute soilak bultzada eman zigun.

I: Bisita-txartelak egin genituen, irakasleek animatu gintuzten... eta aurrera egin genuen. Aholkulari batengana jo genuen fakturak eta horrelakoak nola egiten ziren jakiteko eta Ermuko Izarra Centreri buruz hitz egin zigun. Bapatean, bertako lokalean instalatuta geunden.

O: Eta hiru edo lau bezerorekin!

-Laguntza edo gidarik jaso duzue enpresa sortzeko bidean?

I: Aholkulariaren aldetik pixka bat, kontabilitate kontuetan-eta.

O: Orain ari gara ikasten enpresa nola eramaten den. Gehiago ikasi dugu urtebetean lanean, hainbat urtetan klasean ikasten baino.

I: Klasean aurrekontu sinple bat ere egiten ez genuen ikasi. Hala ere, gure lana baloratzen irakatsi ziguten irakasleek.

-Zer eskaintzen du MIOk?

I: Diseinu grafiko eta webguneen diseinu zerbitzuak eskaintzen ditugu. Gure bezeroen publizitate eta komunikazio arloak kudeatzen ditugu, tresna horien bitartez euren negozioak sustatzeko. Sare sozialen kudeaketa, irudi korporatiboaren sorkuntza, webguneen edukien erredakzioa... kolaboratzaile sarea daukagu zerbitzu horiek eskaintzeko.

O: Negozioen estetika definitzen dugu.

I: Denak armonia bera izan dezala.

-Zerk definitzen du MIO?

O: Ilusio handia daukagu, freskotasuna eta gauzak egiteko gogoa. Proiektu bakoitza zerbait berria da guretzat eta polita da, daukagun guztia ematen dugulako.

-Zer suposatzen du zuen enpresa aurrera ateratzeak?

I: Esperientzia txarrak izan ditugu, ez genekielako bidean zer aurkituko genuen. Gure sektorea oso gutxi baloratzen da, zaletasuna dela uste da, baina lan handia dago atzean. Hasi arte ez dakizu zer den.

O: Asko heldu gara urte honetan eta oso harro nago egiten ari garenarekin.