Oskar Gallardo, barista: “Kafea mimo handiz egiten saiatzen naiz eta jendeak asko eskertzen du”

Oskar Gallardo, barista: “Kafea mimo handiz egiten saiatzen naiz eta jendeak asko eskertzen du”
ETA KITTO 2019, Aza 28

XIV. Espainiako Barista Txapelketaren finala jokatzeko txartela lortu du Gasteizen bizi den Oskar Gallardo eibartarrak. Goi-mailako kafean espezializatutako profesionalak dira baristak. Samaniego tabernako jabeak denbora gutxi darama kafeak prestatzen, baina buru-belarri prestatu da eta abilezia erakutsi zuen txapelketan. Finala 2020ko apirilean jokatuko da Bartzelonako Hostelco azokan.

 

– XIV. Espainiako Barista Txapelketako finalera iritsi zara. Nolakoa izan da bidea?

Tabernan Cafes Forondarekin lan egiten dudanez, hainbat kafe-ikastaro jaso ditut eurekin eta, ikasi ahala, gero eta jakin-min handiagoa sortu zait kafearen inguruan. Txapelketaren berri izan nuenean buru-belarri prestatzen hasi nintzen.

– Zer egin behar izan zenuen txapelketan?

Lau kafe-huts, bi kafesne eta bi edari espezializatu. Horrela esanda erraza dirudi, baina kafetera bat, kafe-errota bat, pikamarroa (erabilitako kafe-pastillak ateratzeko erabiltzen dena) eta kafea zapaltzekoa bakarrik utzi ziguten eta ordu laurden izan genuen eskatutakoa egiteko. Kafearen ehotze-puntua neurtzea da gauzarik zailena, momentu jakin batean kafe kantitate jakin bat atera behar delako. Aurretik asko entrenatu nuenez, ondo prestatuta joan nintzen eta, ondorioz, lasaiago egin nuen eginbeharra.

– Nolakoa izan zen prestaketa?

Tabernan ahal den moduan ateratzen ditugu kafeak, ez da gauza bera, bizkor egin behar dugulako. Lanean gaudenean zakarragoak gara, baina lehian gauza atseginak egin behar ditugu, ondo zaindu behar dugu egiten duguna eta finagoak izan behar gara. Tabernan jende asko ez dagoenean kafea fin egiten saiatzen naiz, entrenatzeko.

– Finala 2020ko apirilean jokatuko da. Hasi zara prestatzen?

Tabernan lanean jarraituko dut, baina opor batzuk behar ditut txapelketa albo batera uzteko. Honorio Garcia entrenatzailearekin gabiltzan Gasteizeko hiru lagun sailkatu gara finalera eta bakoitza bere negozioaz arduratu behar da. Gabonen ondoren hasiko gara txapelketan pentsatzen berriz ere.

– Kanporaketan egin zenuten ariketa bera egin behar duzue finalean?

Bai, baina nire ariketa aldatu nahiko nuke. Honoriorekin egin behar dut berba, moldatu daitekeena aztertzeko.

– Beti izan zara kafe zalea?

Karanbola kontua izan da. Ni sukaldaria naiz berez, eta hainbat lanetan ibili ondoren, erabaki nuen ez nuela nagusirik izan nahi. Nire kabuz zerbait hasteko gogoa nuen, nire sukaldari dohainak erakusteko asmoz, eta kafetegia hartzeko aukera irten zen. Taberna nahiko txikia da eta sukaldean ezin dut gauza handirik egin, pintxoak (sukaldariek gehien gorroto duguna) eta kitto. Cafes Forondarekin lanean hasi nintzenean 20 urte neramatzan kafetera bat erabili gabe eta eurekin ikasten hasi nintzen. Beti gustatu izan zait kafea hartzea, baina urte eta erdi bakarrik daramat kafeak egiten. Kafea mimo handiz egiten ahalegintzen naiz eta jendeak asko eskertzen du. Nik ere esker onez hartzen ditut bezeroen berba onak.

– Zein da zure kafe gustokoena?

Kafe hutsa eta %100 arabiarra. Hego Amerikako barietateak gustatzen zaizkit gehien, nahiz eta lehiaketan Etiopiako batekin parte hartu dudan.

– Gasteizen bizi zara, baina eibartarra zara jaiotzez. Zergatik joan zinen?

Lehiaketan eibartarra nintzela esan nuen, argi eta garbi. Hiru urterekin joan nintzen Gasteizera bizitzera, baina eibartarra izateaz harro nago. Familia dut Eibarren eta noizean behin bisitan joaten naiz.

– Gasteizen bizi diren eibartarrekin bazkaria egingo duzu Sanandresetan?

Iaz egon nintzen, baina aurten ez dakit ahal izango dudan. Bazkariko giroarekin maitemindu nintzen iaz.

– Joaten bazara, kafeak zure kontu?

Joaten banaiz jai hartuko dut, baina guztiz!

WhatsApp Image 2019-11-25 at 17.42.15

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »