Oskar Trebiño, ostalaria: “Tabernen irekiera asko luzatzen bada, batzuk ezin izango gara lanean hasi”

Oskar Trebiño, ostalaria: “Tabernen irekiera asko luzatzen bada, batzuk ezin izango gara lanean hasi”
2020/04/27 eta kitto!
Oskar Trebiñok urteetako esperientzia du ostalaritzan, baina sekula ez du bizi gaur egungo egoeraren antzekorik. Zalantza egoera honetan argi bila dabiltza herriko ostalariak, joko berriaren arauak ezagutzeko irrikitan.

 

Tabernarien ikuspegia argitzen ari da edo zalantza egoeran jarraitzen duzue oraindik?

Mota guztietako mezuak ailegatzen zaizkigu. Batzuk diote urte amaierara arte tabernak itxita egongo direla, beste batzuk abuztuan zabaldu ahal izango ditugula, eta batzuek ez dakite ezer. Beraz, ez dakigu langileei zer esan ere. Ez dakigu noiz itzuliko garen eta zein baldintzatan. Gainera, ez gara gu bakarrik, inguruan jende asko dugulako.

Ostalarien elkarteek eta erakundeek nolako informazioa ematen dizuete?

Esan izan digute zerbait, baina segurtasun gutxirekin. Batzuren esanak zurrumurru bihurtzen dira eta ez dago ziurtasunik, gizarte osoan gertatzen den bezala.

Agian oraindik zaila da kalkulatzea, baina koronabirusak nolako galerak eragin dizkizue tabernariei?

Egunetik egunera gure kaltea handitu egiten da. Orain lanean hasiko bagina, kaltea handia izango litzateke, baina hasi ahal izango ginateke. Tabernen irekiera asko luzatzen bada, batzuk ezin izango gara lanean hasi. Gero, lanera bueltatzen bagara, ezarriko diren neurriak zeintzuk izango diren jakin beharko dugu. Jatetxe batek 50 pertsonarentzako lekua badu eta gehienez 5 lagun sartzen uzten badiote, agian ez du merezi zabaltzeak.

535UEU-Irakaskuntza-Master-Baner-300x3001

Herriko ostalarien artean egoera honen inguruan berba egin duzue?

Gure WhatsApp taldean zerbait komentatu dugu. Gipuzkoako Ostalarien Elkarteak egunero bidaltzen digu mezuren bat, baina momentuz nahiko gauza teknikoak dira (langabezia bideratzeko, eskaerak egiteko…).

Udalaren aldetik laguntzarik jaso duzue?

Udalarekin berba egin dugu eta laguntzak bideratzeko asmoa dutela esan digu, baina oraingoz zehaztasun gutxi dago.

Eta bestelako laguntzarik?

Laguntzak badaude, baina koste bat dute, gerora ordaindu behar dituzulako, interesekin gainera.

Etorkizunera begira jarri zarete lana nola egin jakiteko?

Horren inguruan berba egin dugu, baina dugu ardatzik erabakiak hartzeko. Jokoaren arauak zeintzuk diren esaten digutenean jakingo dugu nola jokatu. Horren arabera erabakiak hartuko ditugu.