Amaia Ajuriaguerra eta Joseba Aranzabal: “Pegatinak hausnarketarako balio badu, ba hobeto”

Amaia Ajuriaguerra eta Joseba Aranzabal: “Pegatinak hausnarketarako balio badu, ba hobeto”
2018/06/15 eta kitto!
San Juan jaietan alkohol larregi ez edako pegatina-lehiaketa Amaia Ajuriaguerra eta Joseba Aranzabal eibartarrek irabazi dute elkarlanean egindako “Itxo barik” izeneko lanarekin.   Nor bere buruaren jabe dela eta ingurukoak eta gertukoak errespetuz tratatzea funtsezkoa dela adierazi nahi izan dute.

- Diseinu arloan lan desberdinak egin dituzuen arren, lanbidez arkitektoak zarete, ezta?
Arkitektura eta aparejadore ikasketak eginak ditugu biok eta bulegoa Eibarren dugu, Bidebarrieta kalean. Aisialdian holako lehiaketetara aurkezteko aukera eta gogoa izaten dugu, burua pixka bat arindu eta egunorokotasunetik apur bat aldentzeko. Lehiaketa hauei esker gure marrazkiak ezagutu dira eta diseinu arloan lan eskakizun batzuk ere izan ditugu. Aurten, esaterako, Gasteizko Udal Musika Banda eta Musika Eskolarekin gabiltza lanean. Lehenengoarentzat, neguko kontzertuen kartelak eta esku programak egin ditugu, eta oraintxe bertan bigarrenarekin Udaband proiektuaren kontzerturako kartela eta kamisetak prestatzen dihardugu.

- Ez da lehiaketa bat irabazten duzuen lehen aldia…
Honako hau Sanjuanetako pegatina lehiaketa irabazten dugun hirugarren aldia da. Aurrekoak “Ez izan tronparen errege” eta “Tronpatu barik” pegatinak izan ziren. Zalantza barik, gogokoena lehendabizikoa dugu; elefante mozkortuarena, momentu egokian marraztu eta aurkeztu genuen eta oihartzun handia izan zuen, Juan Carlos I.aren anekdota Afrikan ehizatan… Bestalde, orain artean, gustoren egin dugun lehiaketa Baqué Kafearen azukre poltsatxoena izan da. Oso polita izan zen emaitza eta zabalkundea itzela izan zen. Askok zoriondu gintuzten eta poztekoa da.

- Zer adierazi nahi izan duzue aurtengo pegatinarekin?
Gauzak zentzuz egitea da azken helburua. Nor bere buruaren jabe da eta ingurukoak eta gertukoak errespetuz tratatzea da bilatzen dena. Hori dela eta neurriz edatea ezinbestekoa da, gazte izan edo edadetua izan. Umore puntu batekin komeni da helaraztea, hartzaileak mezua umorez eta zentzu onenarekin har dezan eta horretaz gain, hausnarketarako balio badu, ba hobeto.

- Zelako gauzak hartu behar dira kontuan pegatina bat edo kartel on bat diseinatzeko?
Ideia on eta potente bat izan behar da buruan eta, marrazki bidez esanguratsuak izan daitezen, mezu garbikoak, azkar identifikatzekoak. Mezua erdibidekoa edota marrazkia erdibidekoa bada emaitza, orohar, mamirik gabekoa izaten da. Bestalde, guri gauzak eskuz egitea gustatzen zaigu, trazo gutxirekin; hau da, gutxirekin asko espresatzea gustatzen zaigu. Ordenagailua ere erabiltzen dugu teknika apurtxo bat borobiltzeko; baina, orokorrean, eskuz egindako lan handia egoten da aurretik ordenagailura pasatu bitartean.

pegatina irabazle