Poli Arregi, bihotza Eibarren daukan argentinarra: “Nire sustraiak hemen daude eta familia bisitatzen asko disfrutatzen dut”

Poli Arregi, bihotza Eibarren daukan argentinarra: “Nire sustraiak hemen daude eta  familia bisitatzen asko disfrutatzen dut”
ETA KITTO 2017, Urr 06

Poli Arregi (goiko argazkian zutik) gaztetan Eibarren ezagututako lagunekin: Cristina Azpiri, Carmen Arzuaga, Mari Carmen Azpiri, Maria Jesus Ciorraga   eta Mariasun Murua.

1926. urtean Argentinara emigratu zuen  Lucas Arregi eibartar gazteak. 16 urte besterik ez zituen, eta, europar askok egin zuten bezala, bizimodu hobe baten bila joan zen Ameriketara. 1936an Eibarrera bueltatu zen, baina garai hartako liskarrak ikusita, Argentinara bueltatzea eta han gelditzea erabaki zuen. Lucasen alaba, Carmen Beatriz Arregi “Poli”, Eibarren egon da bisitan azken egunotan. Eibarrekin duen hartuemanaz, sentipenez eta etxetik urruti bizimodu berri bat eraiki zuen aitaren historiaz egin dugu berba Polirekin. Lucasen haziak bizirik dirauela ikusi ahal izan dugu.

– Egun hauetan Eibarren zabiltza zure aita izandakoaren familiarekin. Lehendik ezagutzen zenuen Eibar?
Bai, 14 urte nituen gurasoekin eta anai-arrebekin Eibarrera etorri nintzenean, 1962. urtean, eta gerora ere etorri naiz pare bat bider. Lucas Arregi nire aita 1910. urtean jaio zen Eibarren eta oso gazte joan zen Argentinara. Zazpi seme-alaben artean zaharrena zen. Gure aitak Euskal Herria maitatzen erakutsi zigun eta gure sustraietara etorri ginen. Amama hilda zegoen, baina aittita oraindik bizirik. Sei hilabete igaro genituen Eibarren, Urkizu kalean, familiaren etxean. Egonaldia zoragarria izan zen eta grabatuta geratu zaitzaidan. Eibar nire aitaren herria da, oso berezia niretzako. Nire izena Carmen Beatriz da, amama bien izenak dauzkat, baina denek “Poli” deitzen didate (polita berbatik dator).
– Nola gogoratzen dituzu sei hilabete haiek?
Asko disfrutatu nuen. Nire gurasoek ez zeukaten oporretara joateko ohiturarik. Argentinan oso leku lauan bizi ginen, eta hemengo mendiek eta kolore berdeak liluratuta laga ninduten. Oso sentsazio onarekin joan nintzen, familiarekin bizitzeko aukera izan nuen, aittittarekin, osaba-izebekin…
– Gainera, bisitetan Jose Arregi, Argentinan zuekin egon zen osaba berriro ikusteko aukera izan zenuen…
Bai. Jose, nire aitaren anaia, gurekin egon zen Argentinan 10 urte inguru, baina amama gaixotu zenean Eibarrera bueltatu zen, harategia atenditzeko eskatu ziotelako. Josek Urkizun izan zuen harategia, eta postua merkatu plazan. Eibarren “Beatrizen harategia” bezala izan da ezaguna, nire amamaren harategia zelako. Eta birramonak Calbetonen izan zuen harategia. Oso harreman berezia genuen Joserekin, oso pertsona ona zen, eta, niretzako, Eibarrera etortzea Jose osabaren etxera etortzea izan zen. Asko maite nuen! Orduan ezagutu nuen Joseren seme nagusia, Iñaki lehengusua. Isabel eta Jorge oraindik jaio gabe zeuden. Etorri bezain pronto, Mari Tere nire izebaren ilobak ezagutu nituen eta segiduan egin nituen lagunak hemen, betirako “Eibarko kuadrilla” izango zena. Inoiz ez dut ahaztuko Eibarren bizitako guztia. Orain, egun hauetan, nire kuadrillarekin elkartu naiz eta eurekin harremana izaten jarraitzen dut.

Lucas Arregi Delia emaztearekin eta eurekin Poli, Lucas semea era Jose Luis txikia.

Lucas Arregi Delia emaztearekin eta eurekin Poli, Lucas semea era Jose Luis txikia.

Argazkian Domingo eta Beatriz, Lucas eta Jose Arregiren gurasoak. Harakinak ziren eta denda Urkizun zeukaten. Ama gaixotzean Josek hartu zuen dendaren ardura, eta Eibarren “Beatrizen harategia” bezala izan da ezaguna.

Argazkian Domingo eta Beatriz, Lucas eta Jose Arregiren gurasoak. Harakinak ziren eta denda
Urkizun zeukaten. Ama gaixotzean Josek hartu zuen dendaren ardura, eta Eibarren “Beatrizen harategia” bezala izan da ezaguna.

– Zelako desberdintasunak ikusten dituzu Eibar eta Argentinan zu bizi zaren lekuaren artean?
Eibar guztiz desberdina da. Ni Cordoban bizi naiz, 2 milioi biztanle dituen hiria da. Harremanak desberdinak dira. Hemen ikusten dudanez, nire adinekoak arratsaldero irtetzen dira kalera: prestatu, lagunekin elkartu eta aisialdia konpartitzen dute. Han distantziek harremanak oztopatzen dituzte. Hemen euriarekin ere jendea kalera ateratzen da. Oso bizitza sozial aberatsa daukazue.

– Familia lagatzea eta ezagutzen ez zuen urrutiko herrialde batera joatea ez zen zure aitarentzat erraza izango. Zer kontatzen zizuen aitak?
Bere familiari buruzko gauzak kontatzen zizkigun gehienbat. Bere amarekin azokara joaten zela otarrarekin, bere aita tailerrera joaten zela beharrera, amama Beatrizek harategia zeukala Urkizun… Oso gazte joan zen eta bere aitak baimen berezia eman zion bakarrik bidaiatzeko. Reina Maria Cristina barkuan joan zen eta oraindik dokumentazioa gordeta daukat. Nicomedes Guruzeta bere aittitta zenak esaten zion ez zeukala prestakuntza nahikorik hemendik joateko, baina jende askori ondo joan zitzaion Ameriketan eta berak ere bizitza hobea nahi zuen. Familiako batekin joan zen baina Buenos Airesera iristean bakarrik utzi zuen. Oso txarto pasatu zuen. Harategiko lana ezagutzen zuenez, harategi askotan egin zuen lan, eta jatekoaren truke egiten zuen beharra. Inmigrante asko zegoenez, lantokietan egiten zuten lo… Etengabe bere amarekin gutunak elkartrukatzen zituen. Gero pixkanaka Buenos Airesetik probintzia barruko herrietara joaten hasi ziren Horregatik daude hainbeste euskaldun barrualdeko hirietan. Ondoren Cordobako probintziara joan zen. 37 urterekin ezkondu zen, herri txiki batean bizi izan ziren eta Villa Marian lehen euskal etxea sortu zuten eta zentru horretako alkatea izan zen. Ni txikia nintzenean sarri joaten ginen euskal etxera. Euskal jantziak jartzen zizkiguten eta dantza egiten genuen, mezatara joaten ginen eta ekitaldi guztietan parte hartzen genuen, kanpora ikastera joan nintzen arte. Nire amaren gurasoak inmigrante galiziarrak ziren.

Lucas, Teresa, Antonia, Maritxu eta Jose anai-arrebak. Gazteenak falta dira: Juana eta Iñaki.

Lucas, Teresa, Antonia, Maritxu eta Jose anai-arrebak.
Gazteenak falta dira: Juana eta Iñaki.

– Hasierako urte gogor horiek eta gero zertan jardun zuen zure aitak?
Hasierako urte txarrak pasatu ondoren, nekazaritzan egin zuen lan. Nekazal munduko zeregin guztiak ikasi zituen eta arduradun bezala ere egin zuen lan. Maistra bat kontratatu zuen. Asko ikasi zuen –nire aitarekin edozer gauzari buruz hitz egin zitekeen: artea, politika, ekonomia… Buenos Airesen antzerkira joateko bonoa zeukan–. Geroago lur-sailak erosi zituen. 500 edo 700 hektarea inguru zituen, eta ganadua ere bazeukan. Gero lurrak saldu zituen. Arazoa da nire aitaren garaian lurrak ez zeukala gaur egun daukan balio izugarria. Gaur egun lurrak kalkulaezina den balioa dauka.
– Harremanetan segitzen duzue Eibarko senideekin, ezta?
Whatsapp-ari esker komunikazioa asko erraztu da. Lehen, gure artean berba egitea oso konplikatua zen. Telefono horrekin linea bat eskatu behar zitzaion zentralitako neskari, gero ordu-aldaketa… Whatsapp-arekin ederto konpontzen gara orain. NIre 5 seme-alabek harreman estua daukate nire lehengusuekin. Antzeko adina daukate. Guk parrillan egiten dugun okelaren argazkiak bildatzen dizkiegu eta eurek guri soziedadeko lapikoarena!

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »