Sara Leturiaga (waterpolo-jokalaria): ”Baloirik gabe uretan mugitzen jakiteak garrantzi handia du gure kirolean”

Sara Leturiaga (waterpolo-jokalaria): ”Baloirik gabe uretan mugitzen jakiteak garrantzi handia du gure kirolean”
ETA KITTO 2016, Urr 21

Pozarren dago 15 urteko waterpolista. Ez da gutxiagorako, urreko domekan jokatu baitzuen bere historiako lehenengo partidua Urbateko emakumeen taldeak. Horrez gain, Bidasoa talde handia  zuten aurrean, iaz Sararen taldea izan zena. Orbean lortutako 10-6ko horrek itxaropena piztu dio Leturiagari: “Sailkapeneko bigarren postua eskuratzeko borrokan sartu gaitezkeela uste dut”.   Eta dantza egitera joan da, ikasten diharduelako. Igerilekuan egiten duen gogo berarekin.

– Zenbat urte edo denboraldi diharduzu waterpoloa praktikatzen hasi zinenetik?
Hiru urte badira dagoeneko. Neba hasi zen ni baino lehenago eta bera ikusita hasi nintzen ni ere lehenengo urratsak egiten.

– Bada denboratxoa Urbaten nesken taldea osatzeko ahaleginean dihardutela. Zu ere kanpora joan behar izan duen horietakoa zara?
Bai, urtebete eman dut Bidasoan eta asko ikasi dut eurekin. Hemen zailtasunak genituen taldea osatzeko eta neure burua behartuta ikusi nuen kanpora joateko. Esperientzia polita izan da. Euskal Herriko Ligatik kanpo, Espainiakoan ere parte hartu genuen. Azken horretan Kataluniako taldeen maila azpimarratuko nuke; gu baino askoz ere aurreratuago daude

– Hala ere, badira talde mistoak osatzeko aukera ematen duten mailak, ezta?
Infantiletan badago aukera hori, baina kadeteetan ezinezkoa da. Gero kontraesan moduko bat ere bada hor: talde mistoak ezin osatu, baina nesken taldeek mutilenen aurka jokatzeko aukera dute Euskal Herriko Ligan.

– Entrenamenduak mutilekin egiten duzunetakoa zara.
Askoz gogorragoa da, bainamerezi du. Presio handiagoa nabaritzen duzu eta igerian ere azkarrago mugitzea eskatzen dizute entrenamendu horiek.

– Lesio gogorrik izaten duzue waterpoloan?
Batez ere, sorbalda da zaindu behar duguna. Keinu berbera errepikatzen dugu askotan, bai igerian egiterakoan eta baita jaurtitzerakoan ere, eta horrek inguruhori kargatzeko arriskua dakar.

– Zelan definituko zenuke waterpoloa? Zelako abantailak eskaini dizkizu?
Igeriketa eta eskubaloia uztartzen ditu. Talde-jokoa da eta horrek asko aberasten zaitu, taldekideekin gauzak lortzen ikasten duzu. Eta waterpoloari esker, konturatu barik ia, uretatik irtetzerakoan ere beste elegantzia batekin egiten duzu (ja, ja).

– Golak sartzea ere ederra izango da…
Garrantzi handiagoa du jokoa egiten saiatzeak, uretan ondo mugitzeak baloirik gabe. Defentsan ondo jardutea beharrezkoa da, eta punteria eta indarra lantzea.

– Dantzarekin bateragarri egiteraino.
Zergatik ez? Asko gustatzen zait eta flexibilitatean irabazten duzu, waterpoloan ere mesedegarri bihurtzeraino. Balletarekin hobeto sentitzen naiz.

– Orain zenbat zarete Urbateko nesken taldean? Zein adinetakoak?
Hamazazpi gaude: Gasteizkoak badira, Soraluzekoak, Elgoibarkoak… Eibartarrak hiru gara. Adinari erreparatuz, 1989an jaiotakotik 2003an jaiotakora hartzen du; esparru zabala, beraz.

– Taldeak zer asmo du bere debutean?
Ligan lasai lehiatzekoa batez ere eta, horrekin batera, ikasteko gogoarekin. Bidasoaren aurka lortutakoaren ondoren itxaropen handia dut. Partidu berezia izan zen zentzu askotan; nire kasuan, gainera, iaz taldekide izan nituen aurka jokatu nuen eta horrek erantzunkizun maila ere igoarazi zidan.

– Zaletuek ondo erantzun zuten? Egia esateko, partiduen ordutegiari begiratuta, erraztasun askorik ez diezue eskaintzen, ezta?
Asko etorri ziren eta baita animatu ere. Ezin gara kexatu. Ordutegien arazoa zaila da konpontzen, igerilekua ixten den orduetan jokatu behar dugulako. Entrenamenduekin gauza bera gertazen zaigu: handik irten eta oheratzeko ordua da.

water-sara-ezkerretik

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »