Pedro Alberdi (Alberto Sololuzeren senidea): "Instituzioek abandonatu egin gaituzte erabat"

Pedro Alberdi (Alberto Sololuzeren senidea): "Instituzioek abandonatu egin gaituzte erabat"
2020/02/11 eta kitto!


Alberto Sololuze eibartarra da Zaldibarko zabortegiaren lur-jausian desagertuetako bat. Bere senideek euren haserrea adierazi dute informazio faltagatik eta uste dutelako bilaketa lanetan ez dela ahal den guztia egiten ari. Pedro Alberdi Alberto Sololuzeren koinatua da eta berarekin izateko aukera izan dugu.

- Zelan zaudete? Atzo Eibarko, Ermuko eta Zaldibarko herritarrek emandako babesak indarra eman dizue mina hobeto eramateko? 
Gu Eibarko manifestazioan egon ginen, eta benetan pozgarria izan zen erantzuna. Lagun, senide eta adiskideek aditzera eman digute gurekin daudela eta horrek egundoko aupada ematen digu. Kalera irten eta fuerte oihu egin Barinaga errudun, Arriola dimisión,… aspaldiko momentu onena izan da, dudarik gabe.

- Erakundeen aldetik informazio falta salatu duzue. Zer gertatu da? Nolakoa izan da harremana?
Erakundeek bilera batera deitzen dizutenean, lezioa ondo ikasita etortzen dira. Oso diskurtso eginak eta ikasiak dituzte eta haien jardunean korporatibismoa da nagusi. Gure lehentasuna gorpuak aurkitzea da eta lehenbailehen ateratzea; haiena, berriz, beste bat da, agian zabortegiaren etorkizuna.

- Atzo Eusko Jaurlaritzako ordezkariek Alberto eta Joaquin aurkitzeko medio guztiak jartzen ari direla esan zuten, baina zuek borondate falta eta pasibotasuna salatu duzue…
Ia alferrikakoa da haiekin hitz egitea. Ez diegu ezer sinesten; hain zuzen ere, inork ez duelako bere erantzukizuna aitortzen eta ez dagoelako inolako aurrerapenik gorpuak bilatzeko eginahalean. Ahotik gauza bat esaten dute eta begiekin beste bat. Inon agertu al da Iñaki Arriola esanez: “Bai, zabortegiaren baimen horiek nik sinatu nituen eta dena nire errua izan da”? Ez dut uste horrelakorik ikusiko dugunik.

- Gertatutakoa saihestu zitekeela uste duzu?
Hondamendiak argi eta garbi frogatu du enpresak ez zituela bermerik oinarrizkoenak ere betetzen. Baina Eusko Jaurlaritzako Ingurumen saileko ikuskaritzak baimenak ematen zizkion behin eta berriz. Zergatik? Zer ari dira ezkutatzen? Hor ustelkeria dago, inolako zalantzarik gabe.

- Zuen beharren zerbitzura jarri dira? Laguntza psikologikoa, esate baterako.
Guretzat psikologo onena da gorpuak aurkitu dituztela esatea.

- Alberto eta Joaquinen bilaketa lanak behin eta berriro geldiarazi dituzte (eguraldia, lurraren ezegonkortasuna, amiantoa…) Zer uste duzu gerta daitekeela hemendik aurrera?
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak bere protokoloa ezarriko du, baina beraren lehentasuna bat da (laneko segurtasuna, beharbada) eta gurea beste bat: gorpuak lehenbailehen ateratzea.

- Hemendik aurrera zelako mobilizazioak aurreikusten dituzue?
Kalera jo beste erremediorik ez dugu, zeren instituzioek abandonatu egin gaituzte erabat. Esan bezala, ez dute beren erantzukizuna aitortu nahi, eta hori egiten ez duten bitartean, ez dituzte gorpuak aurkitzeko eta ateratzeko eginahalak egingo.

zaldibar argitu002 Pedro Alberdi argazkiaren eskuinaldean, pankartari eusten.

zaldibar argitu000zaldibar argitu022


Atzoko manifestazioko argazkiak eta bideoak:  https://etakitto.eus/berriak/milaka-herritar-irten-dira-kalera-zaldibarren-gertatutakoaz-erantzukizun-eske.html