Silvana Huegun (nutrizionista): “Familian gaudenean mahaiaren inguruan momentu gozoak bilatu behar ditugu”

Silvana Huegun (nutrizionista): “Familian gaudenean mahaiaren inguruan momentu gozoak bilatu behar ditugu”
2021/09/27 07:28
eta kitto!
Gure elikadura-ohiturek hein handi batean baldintzatzen dute gure organismoaren funtzionamendua.  Gure nutrizio-beharretara egokitutako elikadura onak osasuna sustatzen du eta gaixotasunak prebenitzen ditu. Oreka osasun zentroko Sivana Huegun dietista eta nutrizionistak ohiturak aldatzeko pauta batzuk
azaldu dizkigu.

Osasunaren oinarrietako bat elikadura da. Jaten duguna gara. Baina ondo elikatzen gara?
Azken urteetan jaten dugunaren kalitatea asko aldatu da. Jaten ditugun elikagai askori ezin zaie janaria deitu ere egin. Pentsatu gure aiton-amonek baserrietan nola jaten zuten; ez zeukaten barietate handirik, baina oso kalitate oneko elikagaiak jaten zituzten, eta bizitza-itxaropena oso luzea zen. Gaur egungo kalitatea oso txarra da eta horren adibide garbiena ogia da. Irinari bota ahal zaizkion 300 aditibo desberdin onartuta daude, eta gero  prozesua dago. Zenbat egiten dira hartzidura naturalarekin eta betiko labean? Herri txikietan ere ia ez dago ogi naturalik. Glutenari eta irinari intolerantziak, hesteetako arazoak… Horietan guztietan ogiak zeresan handia du. Eta ogiarena adibide bat besterik ez da.

Eta zer esan dezakegu jaten dugunaren kantitateaz?
Homo sapiensaren geneak eta gureak oso antzekoak dira. Homo sapiensak gutxi jatera ohituta zeuden, egunean behin, eta elikagai erabat naturalekin elikatzen ziren. Ariketa fisiko asko egiten zuten. Gu, ordea, egun santu osoan jaten ari gara; 5 edo 6 aldiz jaten dugu! Lehenengo, gure sabelak deskantsua hartu behar du. Bestalde, jatea askotan emozioekin lotuta dago. Kontsultara jende ugari etortzen da azkar argaldu nahi duela esanez, baina askotan elaborazio bat egin behar da pertsona horrek janariarekin daukan harreman emozionala eta psikologikoa lantzeko. Hori ez bada egiten, ez dugu nahi dugun helburua lortuko, eta ikusita dago urtebete edo hiru urte geroago lehen genuen pisura bueltatzen garela.

Beraz, ohiturak aldatzea da gakoa?
Bai, eta gero eta gehiago dira familia osoaren-ohiturak aldatzeko helburu garbiarekin etortzen direnak. Denboran eutsi ahal zaien gauzak egin behar dira, eta horien artean dago etxeko ohiturak pixkanaka aldatzea: barazki gehiago sartu, arrainaren kontsumoa igo, freskagarriak kendu edo gozoaren kontsumoa txikitu (batez ere umeak daudenean), esate baterako. Daukagun bizimoduarekin, familia batzen garen momentuak (afaltzeko ordua, adibidez) lasai hitz egiteko eta ohitura onak sartzeko momentua izan behar du. Une gozoa, atsegina.

Orokorrean, nolako aholkuak emango zenituzke?
Familiako menuei begiratuta, esango nuke ahalik eta jaki prozesatu gutxien jateko eta barazkiak freskoak erosteko. Oso inportantea da bai eguerdian bai gauean gure mahaian barazkiak egotea (gordinak edo egosiak), jaten dugunaren erdia barazkiak izatea, hain zuzen ere. Gero, lekaleen kontsumoa handitzea gomendatuko nuke, etxean prestatzea ez da ezer kostatzen. Eta oso inportantea da garaiko produktuak erabiltzea, eta bertakoak. Gure menua sasoiaren arabera aldatzen joan behar da: udan entsalada gehiago, neguan zopa eta egositako barazki gehiago. Animalien proteinak eta koipeak txikitu eta landareena handitzea ere garrantzitsua da (ahuakatea, fruitu lehorrak, haziak…) Olioa ona baldin bada beldur barik hartu daiteke. Eta esnekien kontsumoa txikitu beharko genuke.