Sofia Machin eta Nuria Robleño: “Covid-19ak beste modu batera lan egiteko aukera eman digu”

Sofia Machin eta Nuria Robleño: “Covid-19ak beste modu batera lan egiteko aukera eman digu”
2020/03/30 eta kitto!
Kazetaria: Malen Illarramendi Beitia.
Sofia Machin eta Nuria Robleño eibartar gazteek duela urtebete inguru jarri zuten martxan ROYO moda jasangarria proiektua. Baina, gehiengoari bezala, haiei ere Covid-19ak lan egiteko modua berrantolatu beharra ekarri die.

 

Hain gazteak izanda, nola bururatu zaizue horrelako ekimen bat martxan jartzea?
Gure iritziz, gazteak izatea ez da desabantaila, abantaila baizik; izan ere, denbora asko daukagu aurretik: akatsak egiteko, horietatik ikasteko,  erreakzionatzeko, eta gauzak ondo egiteko. Enpresa bat sortzea probatzea eta hanka sartzea da. Bestalde, esan beharra dugu beti izan garela oso pertsona ekintzaileak, eta honen aurretik ere beste proiekturen bat izan dugula eskuartean. Elkarrekin zerbait egiteak, beraz, beti motibatu izan gaitu. Oraingoan, urrats handi bat eman dugu proiektu handi bat sortze aldera, eta horren aldeko inbertsio handia egin dugu.

Zein eragozpen aurkitu dituzue bidean? Erraztasunak ere edukiko zenituzten, gazteak izateagatik, ez?
Gazteak gara eta ideia asko eta sortzaileak ditugu, baina, izan dugun zailtasun handiena diruarena izan da: 20-21 urterekin ez da ohikoa bankuan diru asko izatea, eta produktu berri bat sortzeko inbertsio handia egin behar da. Are gehiago, produktu jasangarria bada. Gure kasuan, produktua zapatilak dira, eta hasita geundenean jakin dugu manufaktura-produkturik zailenetakoa dela. Dagoeneko produkzioaren erdia ordainduta daukagu, baina gainontzekoari aurre egin ahal izateko, crowfunding-a antolatu dugu. Bestalde, beste zailtasunetako bat material jasangarriak topatzea izan da; bai zapatilak egiteko, bai packaging-erako. Fabrika aurkitzea ere ez da erraza izan; izan ere, gure ideiekin, diseinuarekin eta kontzientzia jasangarriarekin bat egiten duen lantegi baten atzetik ibili gara; baita lortu ere, gure fabrika eguzki-energiaz hornitzen baita.
Erraztasunei dagokienez, lan egiteko toki bat izatea aipatuko genuke: Eibarko Coworking-ean biltzen gara lanerako, eta guretzat ezinbestekoa da lantoki bat izatea ondo lan egiteko, kontzentratzeko, aurrera egiteko… Horretaz aparte, badaude gazteontzako dirulaguntzak, eta horiek lortzen saiatzen ari gara. Ezin aipatu gabe utzi gertukoengandik jaso dugun babesa, baita Eibarko hainbat dendariren aldetik izaten ari garen laguntza. Ez genuen espero hainbeste jende izatea ondoan.

Enpresa bat sortu berri duzue. Nola eragiten dizue egungo egoerak (konfinatuta, enpresa guztiak geldi...) abiatze fase honetan ?
Enpresa bat seme-alabak bezalakoa da, hau da, egunero zaindu behar da. Guk egunero egiten dugu lan, bakarka zein biok batera, eta momentu oro dakigu zein den gure betebeharra finkatutako helburuak bete daitezen. Oraintsu egin dugu lehen eskaria fabrikara, baina, denoi bezala, guri ere, Covid-19ak eragin egin digu. Esaterako, fabrikak ateak itxi ditu apirilaren 14ra arte, eta ez dakigu behar diren materialak garaiz iritsiko ote diren. Momentuz, ezjakintasuna da nagusi, hala ere, etxean gaudela aprobetxatuz, gure markaren, ROYOren, inguruko nondik norakoak jakinarazten ari gara sare sozialen bitartez: zer den ROYO, zer dagoen atzetik, ematen ari garen urratsak… Gainera, dirua biltzen jarraitzen dugu crowfunding-aren bitartez saltzen ari garen produktuekin, boltsak eta kamisetak, alegia.

Egoera ikusita, aldaketaren bat egin behar izan duzue, edo helburuak arreikusitako martxan beteko dira?
Esan bezala, Covid-19ak bestela egin ezingo genituzkeen gauzak egiteko aukera eman digu: web orria sortu, testuak, irudien gaineko antolaketa… Hortaz, denbora aprobetxatzen ari gara. Nolanahi ere, gure etorkizuneko funtsezko planek bere horretan diraute, betiere, fabrikaren mende gaudela jakinda. Guk buru-belarri lanean jarraituko dugu, eta espero dugu koronabirusaren kontuak aurreikusitako planei gehiegi ez eragitea. Badakigu fabrikazio-prozesua luzea dela, baina gero eta gutxiago geratzen da, hilabete batzuk besterik ez, eta gure aldetik, behintzat, dena emango dugu.

Royo3 Royo2