Unai Altuna, Baratze Gourmet: “Produktu ona badaukazu, ez duzu bestelako apaingarririk behar”

Unai Altuna, Baratze Gourmet: “Produktu ona badaukazu, ez duzu bestelako apaingarririk behar”
2018/12/04 eta kitto!
Apirilean zabaldu zituen ateak Bidebarrieta kalean dagoen Baratze Gourmet tabernak eta dagoeneko hainbat sari eskegi dituzte bere hormetan. Azken hiru asteak zoragarriak izan dira tabernarentzat. Bacalaos Alkorta Eibarko Hiria II. Pintxo Txapelketan finala jokatu zuen eta Sanandresetako Pintxo Lehiaketan sari bi eskuratu zituen, pintxo onenaren sari nagusia eta bertako produktuekin egindako pintxo onenarena. Unai Altuna sukaldariaren eskuetatik irten diren pintxoak dira, baina bere lankideekin partekatu nahi du azken asteotako arrakasta.

 

- Aste zoragarriak izan dira azken hauek zuentzat, ezta?

Ez genuen espero hiru aste hauetan horrelako gauzarik gertatzea. Zortzi hilabete darama zabalik Baratze Gourmetek eta hilabete gogorrak izan dira. Horrelako esker ona jasotzea oso pozgarria da edozein negozio aurrera atera nahi duenarentzat, baina batez ere hasten dabilen negozio batentzat.

- Sari hauek jasotzearen eragina nabari izan duzue jada?

Bai, jende gehiago etorri da gugana. Sanandresetako Pintxo Lehiaketa martxan zegoen bitartean ere mugimendu gehiago nabari zen. Horrelako lehiaketak egitea oso positiboa da Eibarko ostalaritzarentzat. Parte hartzea bakarrik oso ona da, baina irabazten baduzu, askoz hobeto. Irabazteko zortea behar da. Aurten irabazi dut, baina datorren urtean auskalo. Nik berdin jarraitu behar dut lan egiten, ezin dugu pentsatu aurten irabazi dugulako dena eginda dagoela. Irabazteak indarra ematen dizu gogo gehiagorekin jarraitzeko, baina egunak normal pasatzen dira. Pozik gaude jende gehiago hurbildu delako gure kontzeptua ezagutzera.

- Zein da zuen kontzeptua?

Nahiko erraza da. Batetik, etxera eramateko jatekoa egiten dugu; eta bestetik, tabernako barran pintxoak jateko edo etxera eraman ahal dena hemen jateko aukera ere ematen dugu. Pintxo bereziak egitea da gure asmoa eta horretan gabiltza.

-Bertako produktuekin egindako pintxo onenaren saria jaso zenuten Sanandresetako lehiaketan. Bertako produktuak erabiltzea aldarrikatzen duzue tabernan ere?

Produktuak ahalik eta hurbilen erosten ahalegintzen gara, baina zerbait ez badugu aurkitzen, kanpora jotzen dugu. Produktu ona erabiltzen baduzu, ez duzu osagai ezberdinik behar. Polita da gauza ezberdinak egitea, bestela automata bezala lan egiten duzulako eta sukaldean nire ustez ez delako komeni horrela lan egitea, baina esku artean produktu ona badaukazu, ez duzu bestelako apaingarririk behar.

- Bakailao Lehiaketaren finalean zuzenean kozinatu zenuten. Nolako esperientzia izan zen?

Lehendabiziko aldia izan zen niretzat eta urduri negoen. Parte-hartzaileen artean lagundu ginen eta esperientzia handiko lehiakideak izan nituen. Asko ikasi nuen eurek egiten zutena ikusten, baina gero elkarrekin bazkaltzera joan ginenean konturatu nintzen denok antzeko arazoak ditugula ostalaritzaren munduan. Oso esperientzia positiboa izan zen.

- Nola diseinatzen da pintxo bat?

Guk ez genuen denbora askorik eduki, 2-3 aste bakarrik. Lehenik osagai nagusia zein izango den pentsatu behar duzu; adibidez, bakailaoa Bakailao Pintxo Lehiaketan. Gero, piperra sartu nahi nuen bigarren osagai moduan. Bakailaoa bi modutan jarri nahi nuen, konfitatua eta eskabetxean, eta hiru koloretako piperrak erabili nituen. Lasagna antzeko bat egin nuen, bakailao konfitatuarekin barruan (eta ogiarekin, pixkat lehortzeko), eta gainean aliolia jarri nuen ezti ukitu batekin. Sanandresetako pintxoak bakailaoa erabili nuen baita ere, baina oraingoan Beasaingo odolkiarekin, piperra eta pikilo saltsa duen pipeta batekin, sagar kolpetxo batekin eta maionesa pikante pixkatekin. Bestetik, pintxoa egiteko orduan gure tamaina kontuan izan behar dugu. Txikiak gara eta guretzat ez da bideragarria elaborazio handi bat egitea. Produktua bikain lantzea berebizikoa da, baina egiteko erraza izan behar da.