VIRGINIA BOLLAIN: “Tailerretan izkutatzen ginen bonbardaketetan”

VIRGINIA BOLLAIN: “Tailerretan izkutatzen ginen bonbardaketetan”
2012/05/11 00:00
eta kitto!

-Nola gogoratzen duzu gerraren hasiera?
Ni San Andres pasealekuan bizi nintzen eta 1936ko uztailaren 18an Arrateko bidean zegoen Itzio baserrira joan nintzen. Han sagarrak saltzen zituzten eta amak erostera joateko esan zidan. Handik bueltan denok isilik zeuden. “Gerran gaude”, esan zidaten. Nik 13 urte nituen.
-Eta bonbardaketak?
Amañako auzoan inguruan igerilekua zegoen, presa antzeko bat sortzen zen eta guk pitxarrarekin ura hartzen genuen (ederra zegoen!). Egun batean hegazkinak pasatzen ikusi genituen, sirenak hasi ziren eta arropak hartu eta etxera joan ginen. Bonbak bota zituzten bigarren aldian nire anai bat hil zuten (11 anai-arreba ginen). Bera militarizatua zegoen eta kamioian zebilen bonbak bota zuten unean. Gu tailer azpietan izkutatzen ginen. Portaletan tailerrak egoten ziren eta gu Ormaetxea edo Lucas Alberdirenean sartzen ginen. Kalean egongo bagina, denok hilko gintuzten. Beste batean, Gautxori tabernan ere izkutatu ginen, Untzagan, eskailerak jaitsi eta Ego errekan izkutatuta.
-Nolakoa da bonbak erortzen ikustearen sentsazioa?
Demaseko beldurra pasatzen genuen bonbardaketetan. Izugarria izaten zen eta Gironan egon nintzenean ere denetarik bizi izan nuen. Han, ur-hegazkinekin tiroka ibiltzen ziren. Beldurgarria.
-Errepublikazaleen ala nazionalen alde egin zenuen?
Ni gorria naiz. Frankoren irudia ikusten dudan bakoitzean demaseko amorrua sartzen zait.
-Nola gogoratzen duzu Eibartik ihes egin beharreko momentua?
Arratetik kanoiontziak egoten ziren tiraka. Orduan, bonbardaketak eta kanioiekin erasotzen hasi zirenean, ihes egitea besterik ez genuen eduki. Halabeharrez. Beraz, eskuan zeneukaguna hartu eta tren geltokira joan ginen. Batek zera esan zion amari, “usted a donde va Doña Clara?, eta “a Munitibar” erantzun zion, “pues allí no tendrá noticias de nada”. Hortaz, Portugaletera joatea erabaki genuen. Aitak lehengusua zeukan han, eta urtebete eta erdi egin genuen bertan. Hara ere, tamalez, gerra iritsi zen eta kanpandorrearen azpian izkutatzen ginen sirenek jotzen zuten bakoitzean. Gernika bonbardatu zuten egunean, adibidez, ikusten genuen nola Portugalete aldean buelta ematen zuten hegazkin alemanek. “Eskerrak Munitibarrera joan ez garen”, esaten genuen.
-Eta Portugaletetik nora?
Nazionalek aurrera egiten zuten eta guk Portugaletetik alde egin behar genuen. Berez guk ez genuen ezer egin nazionalek gu atxilotzeko moduan, baina nire hainbat anai bai ibili ziren errepublikarren aldean borrokan (Amuategi Batailoian adibidez), beraz, kartzelan sartzeko beldurra geneukan. Aitari ez zioten alde egiten utzi, umeak eta emakumeak bakarrik joan zitezkeelako, eta bera lanean geratu zen. Gu Santanderrera joan eta itsasontzia hartu genuen. Hasiera batean ilunpean egin genuen bidaia, frankisten Cervera itsasontzia zelatan zegoelako. Asmoa Brestera (Frantzia) joatea ze, baina jendea altsatu egin zen hara joateko itsaso zakarrak pasa behar zirela esanez, beraz, Nantesen hartu genuen lurra. Han lasto artean egin genuen lo pare bat egunez. Frantziarrak oso ondo portatu ziren gurekin, Leon Blum sozialista zegoelako agintean. Gero trena hartu eta Ardecheko departamendura joan ginen, Frantziako hego-ekialdean. Ia errefuxiatu-esparrua zela esan daiteke. Nik Eibarko institutuan frantsez pixka bat ikasi nuen eta ondo moldatzen nintzen han. Jendeari laguntzen nien eta itzultze lanetan ibiltzen nintzen. Etxe batera bizitzera joan nahi zuenak bazeukan aukera, eta nik ama eta anai-arrebak etxeetan kolokatu nituen. Gero, Euskadiko Gobernua ondo portatu zen eta diru-kopuru bat eman zigun. Horrekin eta amak zeukan pixkatekin etxea erosi genuen, mahasti artean, ederra.
-Noiz arte egon zinaten Frantzian?
Frantziako Gorbenuak handik joateko agindua eman zigun errefuxiatuei eta animali artean Gironara joan ginen trenean. Han beste urtebete egin genuen. Ordurako, frantsesek beldurra zien alemanei, eta batzuk kontzentrazio-esparruetara bidali zituzten.
-Girona oraindik errepublikarren aldean zegoen orduan, ezta? Nola moldatu zinaten?
Nire amak irakasle titulua zeukan eta beti gainean zeraman, altxorra balitz bezala. Orduan, Gironan klaseak ematen hasi zen. Ni ere ikasten hasi nintzen eta nota onak atera nituen. Dena katalaneraz egiten zen han, eta guk errefuxiatua zen beste irakasle batekin gazteleraz ikasten genuen. Guk, orduan, Bartzelonara joateko gogoa geneukan, baina amak ez zigun laga, eta eskerrak, Bartzelonan demasekoa erori zelako sasoi hartan. Nazionalak bazetozen, eta guk berriz Frantziara ihes egin behar izan genuen.
-Frantziara nora?
Anai bat Paun zegoen eta hara joan ginen. Beti noiz bueltatu pentsatzen egon ginen, baina beldurra geneukan. Orduan, ahizpa batengandik jakin genuen aita kartzelan zegoela, eta Eibarrera bueltatu ginen.
-Nolakoa izan zen Eibarrera itzulera?
Nire amak irakasle bezala lan egiteko eskaera egin zuen, baina ez zioten lanik emon gerran ihes egin zuelako. Beranduago utzi zioten klaseak ematen, baina hil egin zen.
-Liskarrak zeuden herrian bando bien arteko kideen artean?
Tirabirak egoten ziren gerraostean herriko jendearen artean. Ni, neska izanik, ez nintzen tabernetara joaten eta ez nintzen hortaz gehiegi jabetzen, baina bazeuden liskarrak. Alde bietan zeuden hildakoak eta zauriak itxi gabe zeuden. Nik Aldatzen ikasten nuen eta handik presoek herria nola berreraikitzen zuten ikusten genuen.