Xabier Andres, Udaleko inmigrazio teknikaria: “Etorkinek eragin positiboa izaten dute ekonomian”

Xabier Andres, Udaleko inmigrazio teknikaria: “Etorkinek eragin positiboa izaten dute ekonomian”
2018/10/26 eta kitto!
Azaroaren 11n jatorri ezberdineko hainbat eibartar mahai baten inguruan bilduko dira eta elkarrekin jango dute Bizilagunak egitasmoaren barruan. Estereotipo eta aurreiritziak indargabetzeko Euskal Herrian egiten den ekimena da, eta horrelako ekintzak oso garrantzitsuak direla esan digu Xabier Andres Udaleko inmigrazio teknikariak. Maiatzean hartu zuen kargua Andresek eta inmigrazioaren inguruan herriak dituen erronkei buruz berba egin digu.

 

- Urtero bezala, Bizilagunak programa edukiko dugu laster. Nolako harremana dago Eibarko bizilagunen artean?

Nahiko berria naiz Eibarren eta jendea ezagutzen ari naiz pixkanaka, hemen bizi den giroa nolakoa den ikusten, baina kontu bat azpimarratuko nuke edozein gauzaren gainetik: hemen bizi dena, eibartarra da. Berdin da atzerritik hona bizitzera etorri zaren, zure familia beti hemen bizi izan den edo familia kanpotik etorri eta zu hemen jaio zaren. Eibarren bizi dena Eibarkoa da eta nik denei egiten diet arreta. Eibartarren arteko harremana aztertzeko orduan, ez dut uste pertsona bakoitzaren jatorria kontuan hartzea oso garrantzitsua denik. Egoera ekonomikoa, ordea, bai litzateke faktore garrantzitsu bat. Krisi latza eta sakona pasatu dugu, jende asko kaltetu duena, eta biztanleen bizitzaren ibilbidea eten egin da. Gaur egun ibilbide horretan galdutakoa berreskuratzen ari gara.

- Zergatik dira garrantzitsuak Bizilagunak bezalako egitasmoak?

Oso garrantzitsua da esperientzia baikor, alai eta osagarriak bilatzea herritarren arteko bizikidetza sendotu eta aberasteko. Gure harremanak horrelako gauzetan oinarritzen baditugu, herritarren arteko bizikidetzak aurrera egingo du. Gatazkak sortzen badira, aurretik gure harremana estua eta positiboa izanez gero, errazagoa izango da gatazkak konpontzea.

- Ikuspegik aurkeztutako 2018ko Barometroaren arabera euskal gizarteak ikuspegi baikorragoa dauka inmigrazioarekiko. Zergatik?

Ez daukat taxuzko arrazoirik horren zergatia azaltzeko. Hala ere, krisi sasoian bestea edo hona bizitzera heldu den azkena arerio moduan ikusi ohi da beti, eta gaur egun esango nuke krisia gainditzen ari garela (nahiz eta oraindik kasu batzuetan baldintza prekarioak mantendu). Nire posiziotik sarritan dena beltz ikusten dut batzuetan, baina zorionez horrelako berri onak ere badaude.

- Alde beltz horretan inmigranteen inguruko aurreiritzi eta zurrumurruak daude?

Tamalez, oraindik ere horrelako kontuak gizartearen zati batean barneratuta daude. Etorkinek ekonomian duten eraginean oinarritzen dira batez ere zurrumurruak, baina orain dela hainbat urte idatzi nuen ‘Erkidegotik kanpoko inmigrazioak Euskal Autonomia Erkidegoan eragiten duen inpaktu ekonomikoa’ liburuan azaldu bezala, etorkinek eragin positiboa izaten dute ekonomian. Horrela dela erakusten dute Amerikako Estatu Batuetan, Kanadan, Brasilen eta hainbat herrialdetan egin diren azterketek. Bestetik, noiz uzten dio etorkin batek etorkin izateari? Muga hori oso arina da. Jendeak Eibarren bizi nahi badu, bizi dadila eta, gero, hasiko da esparru publikoan parte hartzen (eskolan, elkarteetan, bizilagunekin...).

- Nola egin beharko litzateke etorkinen gizarteratzea?

Gure sistema sozial eta konstituzionala jarri beharko genuke oinarrian. Demokrazia arauetan sostengatzen da eta horiek errespetatzea oinarrizkoa da, denon aldetik. Gero, pribatutasunean norberak erabakiko du bere bizitza nola bizi, eta kontratu sozial hori errespetatu beharko genuke.

- Zeintzuk dira Eibarrek dituen erronka nagusienak inmigrazioaren inguruan?

Gaur egungo haurrak izango dira biharko eibartarrak eta gizarte plural batean bizi garela jabetu behar dira, joera klasista eta arrazistak baztertuta. Hori da erronka etorkizunera begira.