Xabier Zubizarreta, maitatua elizatik haratago

Xabier Zubizarreta, maitatua elizatik haratago
ETA KITTO 2022, Ira 16

Aro berria hastear da San Andres elizan. 17 urtez bertako parrokoa izan den Xabier Zubizarreta jubilatu egingo da eta Eibarren jaio baina Soraluzen bizi izan den Pedro Laskuraini emango dio lekukoa. “Dena dela, ez dut abitua eskegiko”, diosku Xabik, “apaiza izateari inoiz ez zaiolako lagatzen”, eta hurbil izango dugula iradoki digu, 25 urtetan zehar Eibarrekin sortutako lotura estua ezin delako egun batetik bestera hautsi.

 

Irailaren 25ean, 12:00etan, San Andres elizan egingo den meza ez da ohikoa izango, Xabier Zubizarretak bertan emango duen azken meza izango baita. Erretiratzeko ordua iritsi zaio Xabiri eta zeremonia apal baten bitartez Pedro Laskuraini emango dio lekukoa. “Gure administradore apostolikoa etorriko da, Fernando Perez Gonzalez (Iruñeako gotzaina dena), Laskurainekin batera, eta erreleboa emateko txanda iritsiko da”, azaldu digu.

Azken meza izanik, ezin ukatu Xabirentzat berezia izango dela, baina bizitzan beste kapitulu bat idazteko sasoia iritsi dela uste du. “Beste norbaiti txanda emateko ordua da, eta ona da gainera, herriak gure martxaren berri izan dezan”, diosku. Berak “lasai-lasai” emango du pausoa albo batera. “Etxeratu egingo naiz eta ahal den tokian zerbitzu apala eskainiko dut”, kontatu digu apaltasunez. Izan ere, bere hutsunea asko nabarituko dute eliztarrek eta, egin dioten eskaera onartuz, zapatuetan eta domeketan zerbitzua eskaintzen jarraituko du urtebetez.

Xabier pertsona maitatua da herrian, eta ez bakarrik eliztarren inguruan. Abuztua aurretik zenbait omenaldi jaso ditu herriko elkarte batzuren eskutik eta, kalean asko dabilen gizona izanik, asko dira agurtu eta eskerrik beroena eskaintzen dioten lagunak. “Beste batzuek, ostera, ia oraindik jubilatu ez naizen galdetzen didate”, diosku barrez. Serioago jarrita, zera diosku: “Jendearen esker ona jaso dut eta maitatua sentitu naiz, oso”.

 

San Pion lehenik

San Andres parrokia aipatu dugu, baina Eibarren izan zuen lehen “etxea” San Pio eliza izan zen. Zortzi urte pasa zituen Ipuruan eta “gustura” egon zela dio. San Andresera “jaistean” aldea igarri zuen, eliza baten eta bestearen jarduna ezberdina delako, baina alboan apaiz-lagun bikaina izan duela aitortu digu, “Don Antonio Beitia”. Gainera, herriko beste elizetan ibili diren apaizekin (Ismael Elizalde, hil zen Miguel Angel Basurco, karmeldarrak…) izandako harremana aldarrikatzen du. “Ondo babestuak izan gara, baina orain eskasia dago eta gauzak nahiko airean daude”, dio gazteen artean dagoen errelebo faltaren kezkaz.

Etorkizuneko kezkak albo batera lagata eta atzera begira jarrita, Eibarrera etorri zen momentua gogoratzen du Xabik. “Nire lehen helburua Eibar ezagutzea izan zen”, kontatu digu. Horretarako, herrian murgildu zen. “Jende artean sartu nintzen”, diosku. San Pioko jardunak jendearekin egoteko eta berba egiteko aukera lagatzen zion, eta egoera ezberdina bazen ere (“ETA bizirik zegoen oraindik eta Guardia Zibilak San Pio parean nituen”), bikain egokitu zen auzora eta herrira.

San Andres parrokian, ostera, beste erritmo batean egin behar izan du lan. “Gertakizun gehiago daude eta horrek gehiago lotzen zaitu, baina oso ondo egon naiz hemen ere. Don Antonio Beitia diru-kontuez eta gauzak liburuetara pasatzeaz arduratu da, eta alde horretatik lasai ibili naiz, indarrak beste gauza batzuetan jarri ahal izan ditut”, azaldu digu. “Urte batzuetan Aldatze ikastetxean ere ibili nintzen eskolak ematen, San Pion nengoenetik, eta esperientzia asko gustatu zitzaidan”, gehitzen du.

 

Gertuko apaiza

Xabiren esperientziak erakusten duen bezala, apaiz baten funtzioa ez da meza ematera mugatzen. “Pertsonak ezagutzea eta beraien bizitzatik jasotzea garrantzitsua da. Jainkoarekin duten esperientzia jaso egin behar duzu, esaten dutena serio entzun, berba egin… Apaizak hiztunak garela esaten digute eta egia da”, diosku barrez.

Kalean sarri ikusi dugu Xabi eta, hain zuzen ere, gertukoa izatea izan da bere nahietako bat. “Jendeak ez du gogoko apaizaren bulegora joatea, nahiago du kalean gelditu eta dena delakoa kontatzea. Gero, beharrezkoa bada, beste egun baterako zita egiten duzu berarekin, baina lehen harremana egiteko zabiltzan tokian harrapatzen zaitu jendeak. Horrela, jendeak badaki hor zaudela eta denok dute zerbait esateko aukera”, azaldu digu. “Egon naizen toki guztietan hori izan da nire estiloa”.

Apaiza 24 orduz da apaiza, eta betirako, Xabik dioen bezala. “Ezkondu arren ere, betirako gara apaizak. Nire anaia apaiza izan zen, laga egin zuen, ezkondu egin zen eta semeak izan zituen, baina apaiza betirako da apaiz”, diosku. “Egunerokoari lotuta, bestetik, gauetan askotan deitu izan didate. Adibidez, baten bat gaixorik egon eta ea ospitalera joango nintzatekeen esanez. Agian goizeko 03:00ak dira, baina joan beharra dago. ‘Juergan al zatoz?’, esaten zidaten”, dio barrez.

 

Aro berria

25 urtetan gauza asko aldatu dira herrian, gizartean eta baita elizan ere, eta Xabik aitortzen du gauzak ez direla orain mende laurden ziren bezalakoak. “Eliz kutsua nabarmen aldatu da herri honetan. Horrek gauza onak eta txarrak izan ditzake, baina pertsona bakoitzak bere barne-prozesua bizi du eta fedea aztertzen du. Batzuren fedea sakonagoa, ederragoa eta gizarteari gehiago lagunduko diona da, eta ez fedearen aurrean beldurra edukitzekoa. Bakoitzak Jainkoarekin duen esperientzia agertzen du, libre eta pozik”, apaizaren ustez.

Eibarren zenbait eliza daude eta, apaizak esan digunez, gehienek elkarrekin egiten dute lan katekesi mailan. “Joxin Arregik jarri zuen martxan bide hori eta hortik jarraitu dugu”, azaldu digu. Gero, karmeldarrak daude eta baita Arrateko moja gazteak ere. “Moja bezala hezitzen ari dira, ez bildots bezala, eta ikusi beharko da nola egiten duten aurrera euren esperientzia erlijiosoan. Gaur egungo gazteak ez dira edozein modutan mugitzen diren ardiak. Etorkizunean ordena berri hauek zein funtzio ematen duten ikusi behar da. Karmeldarren ordenatik irten dira eta beste izen batekin beste gauza bat nahi dute. Eta zergatik gertatzen da hau? Adibidez, komentu handietan jende zaharra dagoelako eta bertan egotera mugatzeak euren bokazioa urritzen duelako. Bestetik, Internet bitartez gazteak erakartzen ari dira. Hau guztia berria da niretzat eta ikusi beharko da ordena eta prozesu berri hauekin zer gertatzen den”, Xabiren berbetan.

Apaizgintzan ere aro berriak bizi direla dio. “Seminarioan sartzeagatik ez zara apaiz egiten. Batzuk, adibidez, sartu eta bi urtera laga egiten dute, beste batzuk bai hartzen dute bide hau… Gazte mordoxka dugu, baina gutxi gure elizbarrutirako. Horregatik, Afrikatik, Indiatik eta beste hainbat tokitatik datoz apaizak gure artera”, parrokoak kontatu digunez. “Gure sasoian, apaiz izateak demaseko kategoria zeukan!”.

IMG_4894-2 IMG_4897-2 IMG_4899-2 IMG_4903-2 IMG_4908-2

apaiza

parrokoa

San ANdres

 

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »