Zaida Fernandez, Andretxea: “Emakumeek funtsezko lana egin zuten Eibarko industrializazio prozesuan”

Zaida Fernandez, Andretxea: “Emakumeek funtsezko lana egin zuten Eibarko industrializazio prozesuan”
2020/03/02 09:42
eta kitto!
Azken urteotan Euskal Herriko hainbat herritan (Ondarroa, Errenteria, Ermua, Basauri...) emakumeen aztarnak bistaratu eta ikertu ditu Zaida Fernandezek, baita Eibarren ere. Horretarako, hainbat saio egin zituen herriko emakumeekin eta, hortik abiatuta, ‘Emakumerik gabe, Eibar, ez litzateke gaur egungoa izango’ liburua sortu du Savina Lafita Sole eta Luz Maceira Ochoarekin batera. Martxoaren 13an, 19:00etan, liburua aurkeztuko dute Portaleko erakusketa gelan eta, gainera, gaiaren inguruko erakusketa zabalduko dute martxoaren 29ra arte.

 

- Zer jaso duzue ‘Emakumerik gabe, Eibar, ez litzateke gaur egungoa izango’ liburuan?

Emakumeen Mahiaren eskariz, Udaleko Berdintasun zerbitzuak hala eskatuta egindako lana da eta Emakumeen Mahaiko partaideek aukeratu zuten libururen gaia eta izenburua. Han eta hemen izan gara aztarnen proiektuarekin eta ekimena aurkezten dugunean parte hartzea sustatzen dugu. “Zer nahi duzue berreskuratu? Zein aztarna? Zertarako? Zergatik?”, galdetu genien Eibarko saioetan parte hartu zutenei, eta eurek erantzun zuten Eibarren industrializazioa oso fenomeno garrantzitsua izan zela, herrian oraindik identitate hori badela, eta gai hori genero ikuspegi batetik landu nahiz zutela.

- Nola landu duzue gai hori liburuan?

Memoria kolektiboaren saioak eta elkarrizketa pertsonalak egin genituen, eta hori islatzen da liburuan. Memoria kolektiboaren saioak irekiak izaten ziren eta saio bakoitzean gai bat lantzen genuen (baserria, zaintza, ezkutuko lana, damaskinatua...). Emakumeen aldetik informazioa jasotzeaz gain, hausnarketa- eta jabetze-prozesua egiten genuen. Hasieran, emakumeei industriaren inguruan zer egin zuten galdetzean, ezer egin ez zutela erantzuten zuten; eta saioen erdialdean edo amaieran, ostera, “guk egin dugu Eibar, gu barik Eibar ez litzateke gaur egun dena izango eta industria ez litzateke izan den bezain garrantzitsua izango”, esaten zuten. Horregatik da beharrezkoa hausnarketa egitea. Beste alde batetik, hau ez da lan historiko bat, oroimen-lana baizik. Gaiari testuinguru historikoa ematen diogu, baina pate hartu duten emakumeen testigantzak jasotzen ditugu batez ere.

- Liburua urteetako lanaren emaitza da. Nolako lan-prozesua egin duzue?

Savina Lafita Sole, Luz Maceira Ochoa eta hirurok idatzi dugu liburua. Genero eta ikerketa feministaren inguruko masterra egin ondoren, Luz Maceira Ochoa ezagutu nuen. Berak oroimen-proiektu bat egin zuen Mexikon eta, aztarnen proiektua ezagutu zuenean, nirekin lan egitera animatu zen. Aztarnen lana hainbat herritan landu genuen eta lan bakoitza artisau-lana izan zen, herri bakoitzean zer berreskuratu nahi zuten erabaki zutelako emakumeek. Luzek Savina ezagutzen zuen eta, esku artean lan asko genuenez, gurekin hasi zen lanean. Ahots-grabazio asko genituen, grabatutakoa transkribatu egin behar genuen, hortik informazio atera, landu, sailkatu... Lan asko egin behar izan dugu, baina polita izan da. 2015ean hasi ginen Eibarko lanarekin, eta hamar saio eta lau elkarrizketa pertsonal egin ditugu.

- Zeintzuk dira Eibarko industrializazioan emakumeek egindako ekarpen nagusiak?

Basauriko eta Errenteriako industrializazio-prozesuekin alderatuz, Eibarkoa oso ezberdina da. Hemen dagoen ekintzailetza kultura azpimarratuko nuke. Adibidez, hasieran armak egiten ziren, gero kontestua aldatu egin zen eta armak egiteko makinak beste produktu batzuk egiteko erabiltzen hasi ziren. Bestetik, liburuko emakumeek diote “lan, lan eta lan” egin dutela. Maileguak eskatu, negozioak abiatu... oso ausartak izan dira eibartarrak. Parte-hartzaile batek esan zuenez, Eibarrera heltzean “hau Hollywood da”, esaten zuten, askatasuna arnasten zelako. Eibar oso aurrerakoia izan da. Beste alde batetik, oso industria artistikoa landu da hemen, eta horren adibide da damaskinatua.

- Emakumeek industrian presentzia gehiago izan dezaten lagundu du Eibar herri aurrerakoia izateak?

Beste herri batzuekin alderatuz, emakumeek maila orokorrean izan dute presentzia gehiago Eibarren, ez bakarrik industrian. Baina kontua da industria edo industrializazio prozesua nola definitzen dugun. Industria berba aipatzean kea darion fabrika eta urdinez jantzitako langileak etortzen zaizkigu burura, hau da, produkzioa. Baina industrializazio prozesua ikuspegi feminista batetik lantzen badugu, produkzioaz haratago joan behar dugu. Zaintza, etxeko lana, ezkutuko lana, apopilotza... hori guztia industria zen, izebergaren oinarria. Funtsezko lan hori, industriaren motorra izan den aitortua izan ez den lana, emakumeek egiten zuten.

- Industrializazio prozesuaren sasoian emakumeek zailtasun asko izan zituzten?

Kontu hori liburuan ondo islatzen dela uste dut. Alde batetik, industria mesedegarria izan da emakumeentzat; baina bestetik, bidegabea. Adibidez, emakume batzuek ezkutuko lana egiten zutenez, ezin zuten kotizatu eta ez zitzaien lana aitortzen. Bestetik, lantegietan sexuaren araberako lan bereizketa egiten zen, emakumeek diskriminazioa eta sexu jazarpena jasaten zuten, baita lan gehiegikeria eta esplotazioa ere, eta lan bera egiteagatik gutxiago kobratzen zuten. Hori guztia eurek kontatu digute.

- Nolako ondarea utzi dute Eibarko industrializazioan parte hartu zuten emakumeek?

Bide bat ireki zuten. Ez dakit euren oinordekotza jaso dugun, baina badakit eurekin zorretan gaudela eta liburu hau zor hori ordaintzeko ekarpen txiki bat da. Zerbait aitortu ahal izateko, ezagutu egin behar dugu lehenik. Horregatik dira beharrezkoak horrelako lanak. Askotan ez dugu ezagutzen gure amamek egindakoa eta, egin dutena ezagutzen dugunean, beste modu batean begiratzen ditugu. Eurek ez dute kontatzen, ez dute euren burua subjektu bezala ikusten, eta subjektu historikoak izan direla aldarrikatu eta aitortu behar da.

- Martxoaren 13an, liburua aurkezteaz gain, erakusketa zabalduko duzue Portalean.

Ez da ohiko erakusketa izango. Nahiko orijinala eta artistikoa izango da, berezia. Proiektuan parte hartu duten emakume batzuek prozesua nola bizi izan duten kontatuko dute eta emakumeek egindako hainbat objektu egongo dira ikusgai. Bestetik, erakusketa parte-hartzailea izatea nahi dugu eta horregatik eskatu dugu materiala. Beraz, norbaitek Eibarko industrializazio prozesuarekin loturiko dokumentuak, tresnak, erropak, argazkiak edo dena delakoa ekarri nahi badu, eskertuko diogu (Andretxean 9:00etatik 13.00etara eta 16:00etatik 20:00etara).