Energia-modeloari buruzko hausnarketa helburu duen "Kaktusa Bizirik" antzezlana eskainiko dute

Energia-modeloari buruzko hausnarketa helburu duen "Kaktusa Bizirik" antzezlana eskainiko dute
2019/10/28 19:44
eta kitto!
Datorren asteko eguaztenean (azaroak 6), 18:00etan, “Kaktusa Bizirik” antzezlana taularatuko dute AntzerkiZ taldekoek Hezkuntza Esparruko areto nagusian. Energia-modeloaren inguruko eztabaida piztu nahi duen antzezlana energia-trantsizioari buruzko TRADENER ikerketa-proiektuaren ondoren sortu ziren ideia eta gogoetak plazaratzeko sortutakoa da. Antolatzaileen berbetan, “Euskal Herriko Unibertsitateko, Mugarik Gabeko Ingeniaritzako eta Ekologistak Martxaneko lagunek osatzen dute TRADENER ikerketa-proiektua. Azken bi urteetan, Ipar-Hego ikuspegi batean oinarrituz, geure energia- modeloak eragiten dituen gizarte- eta ekologia-inpaktuak aztertu dira. Proiektu horretan zehar sakondutako ideiak eta gogoetak batzen dira “Kaktusa bizirik” antzerki-lanean. Antzerkiz taldeak lanari ekin eta umorez eta emozio handiz sortu dute obra: eguneroko bizitzaren parte diren ohiturek eragindako energia-aztarnaren handitzea antzezten da eta planetaren bizitza gero eta sostengaezinago bilakatzen dela ondorioztatzen da. Antzezlanaren ostean mahai-inguru bat egingo da eta, talde-lanean hausnartuz, gizarte- eta ekologia-arazoei hautabideak lortuko zaizkio”.

Emanaldiak 40 minutu iraungo du, elebiduna izango da eta sarrera librea izango da, toki guztiak bete arte.