"Erreferenduma ez da delitua" esateko elkarretaratze jendetsua egin da Untzagan

"Erreferenduma ez da delitua" esateko elkarretaratze jendetsua egin da Untzagan
2019/10/14 eta kitto!
Kataluniako erreferendumaren auziarengatik epaitu dituzten buruzagi independentistei ezarritako zigorrak salatzeko asmoz, beste herri askotan bezala, Eibarren ere elkarretaratze zaratatsua hasi da  gaur 19:30ean Untzaga plazan, Gure Esku-k deituta. "Erreferenduma ez da delitua" zioen pankartaren atzean herritar mordoa elkartu dira, gertatutakoa salatu eta epaitutakoei zein haien lagun eta senideei elkartasuna adierazteko. Amaieran irakurri duten idatziari jarraituz, Espainiako Auzitegi Gorenak ezarritako 9 eta 13 urte bitarteko espetxe zigorra "demokraziaren aurkako eraso larria" dela esan dute. Horrekin batera, datorren zapatuan, urriaren 19an Donostian manifestazioa egingo dela aurreratu dute, "auziko presoen askatasunaren alde, oinarrizko eskubideen alde eta herrien eskubide kolektiboen alde. Elkarrekin, Kataluniarekin bat eginik". Eibartik, manifestazioara joateko autobusa antolatu dute Eibarko Gure Esku-koek. Irteera 16:00etan izango da, Ego-Gainetik, eta izena emateko ohiko tabernetara jo daiteke.

https://youtu.be/Di-3qUjTsjo