Etenbariko jaia San Kristobalen asteburu honetan

0    Berriak, Jaiak 
ETA KITTO ETA KITTO
Etenbariko jaia San Kristobalen asteburu honetan
ETA KITTO 2018, Uzt 13

Herriko jaien sasoian aurrera goaz eta asteburu honetan San Kristobal auzokuei ospatzea tokatuko zaie. Atzo eman zitzaion hasiera jai-batzordeak preparatu duen egitarau zabalari eta, domeka gauera arte, jaiak ez du etenik izango, adin eta gustu guztietarako jarduerak egingo dituzte-eta.

Atzo futbolin eta igel-toka txapelketak jokatu zituzten, baina programako potoloena gaurtik aurrera etorriko da. Arratsaldeko 19:00etan botako dute txupinazoa eta orduan hasiko dira jaiak. Gero, beste barik gozatzea izango da ardura bakarra. Umeek, adibidez, dardo txapelketan lehiatzeko aukera izango dute, 19:30ean Fray Martin Malleako parkean eta, aldi berean, auzoko tabernek tortilla, txorizoa, urdaiazpikoa eta gazta banatuko dute. Gauean ailegatuko da musika: 23:15ean Sonic Toys taldeak kontzertua eskainiko du eta gero, 00:15ean, Band Jovi taldeak Bon Joviren abestien bertsioak joko ditu.

Rock gaua pasatu eta gero, goizean goiz hasiko da zapatuko egitaraua: 10:30ean haurren marrazki lehiaketa egingo da eta, ordubete geroago, 11:30ean, haurrendako Molto motorren kontzentrazio-lasterketa egingo dute. Motorrekin jarraituta, San Kristobalgo jaiei ikutu berezia emango diote Lambrettek. 12:15ean sandia-jana egingo da Aizarnako parkean eta 12:30ean Lambretta motorrak auzora ailegatuko dira, XV. Igoeran. Gero, San Kristobalgo plazan, Lambretta motorren erakusketa egingo da. Gainera, motorren desfilea eta erakusketa girotzeko, 12:45ean triki-poteoa hasiko da. Ondo bazkaldu ostean, txapelketa bi jokatuko dira: batetik, 16 urtetik beherakoendako igel txapelketa hasiko da 18:00etan eta, bestetik, nagusiendako dardo txapelketa jokatuko dute, 19:00etatik aurrera, San Kristobalgo plazan. Mexikoko doinuek hartuko dute txanda ondoren: Mariachi Dominguezek “callejonada” eskainiko du 19:30etatik aurrera. 21:00etan herri-afaria egingo da plazoletan, gaua bero datorrela eta, tripa ondo betetzea komeniko da eta. Izan ere, hiru kontzertu egongo dira zapatu gauean. 23:30ean Extraño Veneno taldeak kontzertu akustikoa eskainiko du eta 02:00etan, berriz, talde berak kontzertu elektrikoa egingo du, baina bien erdian izen haundiko talde bat egongo da: 00:15ean hasiko da hainbeste abesti ezagun eman dituen Mocedades taldearen kontzertua. 1968 urteaz geroztik ia etenbako martxan dabiltza bilbotarrak eta bere abesti arrakastatsuenak zuzenean entzuteko aukera izango da. Eta ohera pozik joateko edo festan jarraitu nahi duenak indarrak hartzeko, 02:30ean txokolate-jana egongo da.

Domekan ez da egongo bixamona eukitzeko aukerarik: 11:00etan ohe-elastikoak eta tirolina jarriko dituzte Fray Martin Malleako parkean eta 12:00etan hildakoen aldeko meza egingo da; 12:30ean paella txapelketa hasiko da plazoletan eta, paellak preparatzen dituzten bitartean, trikipoteoa (13:00ean) eta luntxa (13:30ean) egingo dira, 13:45ean sari-banaketa hasi aurretik. Eta arratsaldean umeak izango dira protagonista: 17:30ean freskagarriak eta gozokiak banatuko dizkiete umeei, 19:00etan haurrendako lehiaketa eta jolasetan parte hartu dutenei sariak banatuko dizkiete, 19:30ean DJ Arabarekin festa hasiko da, 20:30ean rifaren zozketa egingo dute eta 22:00etan San Kristobalgo jaiei agur esateko ordua ailegatuko da, jaien amaierako trakarekin.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »