“Etorkizunean nire akademia irekitzea gustatuko litzaidake” Ane Miren Barrero

“Etorkizunean nire akademia irekitzea gustatuko litzaidake” Ane Miren Barrero
2021/05/06 15:01
eta kitto!
Ane Miren dantzari eibartarrak apirilaren 5ean estreinatutako “The Dancer” telebista programan hartu du parte, zeinetan Estatu osoko artistekin lehiatuko den dantzari onenaren titulua lortzeko. Lehen fasea arrakastarekin gainditu du eibartarraren taldeak, eta gero eta hurbilago daukate 25.000 euroko saria duen finala.

-Ez da telebista programa batean parte hartzen duzun lehen aldia. Nolatan erabaki zenuen “The Dancer” lehiaketara joatea?

Taldearen helburu nagusia Espainiaren ordezkari gisa Arizonako Hiphop Internationalera joatea da. Urtebete eman dugu helburu hori lortzeko entseatzen, baina, tamalez, osasun-arrazoiengatik ezin izan da egin. Nito Solsonak, nire irakasleak, “The Dancer” programaren berri izan zuenean, pentsatu genuen oso modu ona zela urte osoan egindako lana ikusarazteko, eta hala izan da. Oso pozik gaude emaitzarekin eta hurrengo galara inoiz baino indartsuago goaz.

-Zein da txapelketaren funtzionamendua? Nor da epaimahaia?

“The greatest dancer” izeneko saioa Simon Cowellek sortutako formatua da, non Espainiako dantzari onenaren bila dabiltzan. Programa hainbat fasetan banatzen da, lehenengo honetan, lehiakideak entsegu gela normal eta arrunt batean sartu eta muntaia egiten hasten dira. Ispiluaren atzean platoa, publikoa eta epaimahaiko hiru kideak ezkutatzen dira: Miguel Angel Muñoz (Upa Dance), Rafa Mendez (Fama) eta Lola Indigo (Artista). Ikusleen % 75ek botoa ematen badizute, ispilua erditik irekitzen da eta galaren amaieran 3 kapitainetako baten taldean egoteko aukera duzu. Gure kasuan, publikoak botoa eman zigun eta Lola Indigok bere taldeko kide izateko aukeratu gintuen hurrengo galetarako.

-X-Adows izena duen taldeko partaide zara. Noiz sortu zenuten taldea? Zein dantza mota egiten duzue?

Taldea 2015ean sortu zen eta lau urtez jarraian Espainia ordezkatu du nazioarteko HipHop-ean, eta munduko finalaurrekoetara iritsi da. Nito Solsonak sortutako taldea da, dantzarien indarra eta profesionaltasuna nabarmentzen dituena. Gure estiloa urbanoa da, baina taldearen barruan, aurten, hain zuzen, kide bakoitzak oso estilo eta nortasun bereizgarria dugu eta horrek taldearen moldakortasuna dakar.

-Zenbat denbora eskaintzen diozue entsegueri? Non egiten dituzue?

Entseguak dira gure taldean gehien sakrifikatzen den eta gutxien ikusten den zatia. Gaur egun, astean 10 bat orduz entseatzen dugu, unearen arabera. “The Dancer” grabatu genuenean egunean 5-6 orduz entseatzen genuen asteko egun guztietan. Oso gogorra izan zen bidea, bai fisikoki eta baita psikologikoki ere; izan ere, bigarren gala honetarako, esaterako, oso denbora gutxi izan genuen guztiz bestelako muntaia bat sortzeko, akrobaziak egiteko…

-Zein aurreikuspen dituzu lehiaketa honetan? Uste duzu urrutira iritsiko zaretela?

Saioa grabatuta dago, eta, beraz, nik badakit zer gertatuko den. Lehen gala ikusi zuten guztien aldetik babes handia jaso dugu, eta uste dugu gure bigarren galak aise gaindituko dituela ezagutzen gaituen ororen itxaropenak. Show asko sartu ditugu eta nik uste dut jendeari asko gustatuko zaiola.

-Zer sentitzen duzu telebista plato batean dantzan zaudenean jakinda pantailaren beste aldean milaka eta milaka ikusle daudela?

Uffff… Sentsazio ikaragarria izan zen: taldeko inor ez zen jabetu programak izango zuen oihartzunaz telebistan emititu zen arte. Une hartan pozik sentitzen nintzen, baina oso kontzentratuta nengoen; gainera, ispilua ireki zenean dantzatzen ari nintzen eta epaileak ikusteak energia eman zigun, baina ez genuen kontzentrazioa galdu dantza amaitu arte. Egia esan, esperientzia izugarria izan da, eta pandemia garai honetan hain gaizki pasatu ondoren, opari bat izan da.

-Zein da zure egunerokoa? Non bizi zara eta zer egiten duzu?

Gaur egun Madrilen bizi naiz eta “Studio11”n egiten dut lan irakasle bezala. Ordu asko ematen ditut lanean, baina nire bi alderdi profesionalak uztartzen ditut (irakasle eta dantzari) eta asko maite dut egiten dudana. Bi lehiaketa-taldetan parte hartzen dut, eta gaur egun nazioartean oso garrantzitsuak diren markentzat ari naiz lanean, emaitzak laster ikusiko diren tokietan. Momentu honetan esfortzu handia eskatzen didan egoeran nago, baina horrek zoriontsu egiten nau.

-Hemendik aurrera, etorkizuneko zein aurreikuspen dituzu? Zein da zure asmoa dantza arloan?

Ezjakintasun egoera honetan oso zaila egiten zait etorkizuneko aurreikuspenak egitea, ez dakigulako zer gertatuko den. Nire asmoa eskolak ematen jarraitzea da, irakasle gisa hobetzea, etorkizunean horretan jarduteko eta nire akademia ireki ahal izateko. Orainari dagokionez, laster programaren bigarren fasearekin hasiko gara, non ikuskizun ona egingo dugun, eta eibartarrek ikustea eta lanaz gozatzea nahi dut.

Biraka dantza Biraka dantza

Neledantza Neledantza

Ballet eibarres Ballet eibarres