Etxeratze agindua aurreratzearen alde dago Euskadi

Etxeratze agindua aurreratzearen alde dago Euskadi
2021/01/19 09:48
eta kitto!
Bihar Espainiako Osasun Ministerioarekin egingo duten bileran etxeratze agindua aurreratzearen alde egingo du Euskadik.

Etxeratze agindua 20:00etara aurreratzea eta gehienez lau pertsonako bilerak baimentzea da Urkulluren asmoa. Neurriok martxan jarri aurretik, gainerako erkidegoekin kontsultatu nahi ditu lehendakariak, lurralde mugakideei nola eragingo dieten jakiteko. Autonomia erkidego gehienek ondo ikusten dute etxeratze agindua aurreratzeko aukera izatea.

Eusko Jaurlaritzak duela egun batzuk aurreratu zuen Euskadin etxeratze agindua 20:00etara edo 18:00etara aurreratzeko asmoa zuela. Ildo horretan, Iñigo Urkullu lehendakariarentzat egokiena litzateke biharko hitzorduan, Espainiako Gobernuarekin eta erkidegoekin adostuta, "ordutegiekin eta mugikortasunarekin" lotutako oinarrizko zenbait neurri ezartzea, etxeko konfinamendua saiheste aldera.

Lehendakariak uste du Espainiako Gobernuak ez duela horretan agintea hartuko, hau da, ez dituela erkidego guztientzako neurri berdinak ezarriko, "ez baita zentzuzkoa Estatu osoari eragingo dioten erabakiak hartzea".