Euskal garagardo-dastaketan izena emateko epea zabaldu du ...eta kitto! Euskara Elkarteak

Euskal garagardo-dastaketan izena emateko epea zabaldu du ...eta kitto! Euskara Elkarteak
2020/06/01 07:41
eta kitto!
Gaur hasi eta ekainaren 14ra arte eman daiteke izena elkartea@etakitto.eus-en edo 943200918 telefonora deituta, eta 3 euro balio du. Boga garagardo-kooperatibak eskainiko duen dastaketa ekainaren 16an izango da, arratsaldeko 18:00etan, ...eta kitto! Euskara Elkartearen egoitzan bertan. Egun bizi dugun egoera dela-eta, segurtasun-neurriak hartuko dira, eta beraz, izen-ematea mugatua izango da; asko jota 13 lagunentzako lekua egongo da.

Boga 2014. urtean jaio zen, eurek dioten moduan, “zapore eta sentsazioz beteriko garagardoaren kultura berria zabaltzeko helburuarekin”. Garagardo naturala egiten dute, artisaua, “kalitatezko lehengaiak eta bertoko hornitzaileak lehenesten ditugu, eta bertoko gastronomiari balioa eransten diogu”. Taldea zazpi gazte profesionalek osatzen dute eta 100 pertsona zein eragile sozialen laguntza eta babesa dute.

Artisau-garagardoa ekoiztu eta banatzeaz gain, bestelako zerbitzuak ere eskaintzen dituzte, hala nola, bisita gidatuak euren fabrikan (Mungian), ekoizpen-tailerrak eta datorren ekainaren 16an Eibarrera ekarriko duten moduko dastaketak.