Juan San Martin ikerketa-bekaren XVII. edizioa abian da
Eibarko Udalak eta Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) Juan San Martin ikerketa-bekaren XVII. edizioa jarri dute martxan, euskarazko ikerketa sustatzeko, eta Juan San Martin ikertzaile eibartarraren ondarea omentzeko helburuarekin. 2026ko deialdian, zuzenbidea eta giza eskubideak izango dira ikerketa-esparru nagusia, eta bekak 15.000 euroko dirulaguntza izango du.
Gaur (urriak 2) aurkeztu dute ikerketa-bekaren XVII. edizioa Jon Iraola alkateak, Aiora Arrieta Euskara zinegotziak, eta Ane Sarasua UEUko idazkari nagusiak, Oier San Martinekin (Juanitoren bi semeetatik gazteena) batera. Azaldu dutenez, Eibarko Udalak eta UEUk elkarlanean sortutako bekak aukera emango du arlo horietan euskarazko ikerketa berria garatzeko, eta ezagutza akademikoa euskaraz sortzen jarraitzeko. Hori dela eta, ikertzaileak parte hartzera animatu dituzte.
Eskaerak aurkezteko epea urriaren 23ra artekoa da
Deialdian norbanakoek zein lantaldeek parte hartu ahal izango dute, eta eskatzaileek diplomatura, gradua edo maila horretako titulua edo goi-mailako titulua izan beharko dute. Era berean, Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko C1 maila edo baliokidea egiaztatu beharko dute, hala nola EGA edo HE3. Ikerketa-lana euskaraz egin beharko da, eta proiektuak originala eta argitaratu gabea izan beharko du. Gehienezko iraupena 18 hilabetekoa izango da.
Eskaerak urriaren 23ra arte aurkeztu ahal izango dira, Eibarko Udalaren egoitza elektronikoaren bidez, ziurtagiri digitala edo B@K-Q sistema erabilita. Bekari buruzko xehetasunak ikusteko HEMEN sakatu.
Euskal Autonomia Erkidegoko lehen Arartekoa
2001ean sortu zenetik, bekaren ikerketa-esparruak Juan San Martinek berak landutako diziplinekin lotuta egon dira: antropologia, linguistika, filologia, toponimia, filosofia, literatura, botanika, artea, historia, kazetaritza, etnologia, mendizaletasuna eta zuzenbidea, besteak beste. Horrela, bekak euskarazko ikerketa akademikoa bultzatu du, hainbat arlotan. Deialdietatik sortutako lanak Juan San Martin Udal Liburutegian kontsulta daitezke.
Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) lehen Arartekoa izan zen San Martin, 1989tik 1995era, eta berak jarri zuen abian lehenengoz Ombudsman-aren jarduna EAEn. Europako Ombudsman (Ararteko) Erakundeko buru ere izan zen 1994tik, 1995ean erretiroa hartu aurretik.