Appa hi!, euskararen kolore guztiak berreskuratzen

Appa hi!, euskararen kolore guztiak berreskuratzen
2023/11/20 17:29
eta kitto!
Gure hizkuntzaren alderdi bat da hitanoa. Tamalez, galtzen joan dena. Herriko zaharrenek erabiltzen dute gehienbat, belaunaldietan zehar galtzen joan delako, eta gazte batzuei, agian, oso arrotz egiten zaie. Orain, teknologia berriak lagun, Ego Ibarra Batzordeak, Eibarren Akebai Plataformak eta Badihardugu Euskara Elkarteak, Codesyntaxen bitartez, hitanoaren erabilera berreskuratzeko aplikazioa sortu dute herriarentzat: Appa hi!

 

Begoña Azpiri Ego Ibarra Batzordeko kidearen ustez, penagarria izan da azken hamarkada hauetan hitanoak Eibarren izan duen beherakada. “Sasoi batean bertako euskarak zuen bizitasuna eta osasuna galzorian daude; oso pertsona gutxi dira gaur egun hitanoa darabiltenak, lagunarteko erabilera ere galdu da, eta darabilten apurrak pertsona nagusiak dira”, bere iritziz.

Horren inguruan, zera dio Asier Sarasua Badihardugu Euskara Elkarteko kideak: “Gerra aurretik jaixotako guztientzat guztiz normala zan hika egittia. Dana zan hikaz”. Gero, eten bat egon zen, belaunaldiz belaunaldi galtzen joan zen, eta orain egoera oso bestelakoa da. “Hika hezkuntza sistematik etara egin da. Gaur egun, Euskal Herriko gazte gehixenak 18 urtera helduko dittuk ikasketa-prozesu guztixa egiñ eta hika existitzen danik be ez dakixala”.

Hitanoaren erabileraren egoera orokorra hori bada, gehiago sakonduz gero, aldeak ikusi ditzakegu gizonek eta emakumeek egiten duten erabileran. “Gerra sasoi inguruan eten bat egon zan hikaren erabillerian, gehixen bat andretan. Noka desagertu egin zuan. Gaur egunian, noka egitten daben oso gitxi geldittuko dittuk”, Sarasuak dioenez. Zentzu horretan, hikaren erabilerak emakumeen ahizpatasunean duen zeresana azpimarratzen du Azpirik. “Betidanik izan delako andrazkoen arteko konplizitatearen seinale esanguratsua”, bere iritziz.

Hitanoaren erabileraren galeraren faktoreak aztertzea komeni dela diosku Azpirik, baina berak, Appa hi! proiektuan parte hartu duten guztiek bezala, aurrera begiratzen du eta, bere ustez, “ahalegin bat egin behar da gazte jendeari berbeta lauan kolore gehien duen hizkuntza-atal honen alde onak erakusteko, lagunartean eta kalean hizkuntza adierazkorra eta bizia erabil dezaten”.

 

35 eguneko erronka

Gauzak horrela, Appa hi! aplikazioa Eibarko euskalkian erabiltzeko bertsioa sortu dute. “Sasoi batean etxean edo kalean ikasten zen hika, baina gaur egun ez da entzuten, transmisio hori ez dago. Orduan, app-a oso aukera ona da hika beste bide horietatik ikasi ezin izan dutenek ikasteko”, Ane Albisu Eibarren Akebai plataformako koordinatzailearen ustez.

Hain zuzen ere, Eibarrek duen tamainagatik eta bertako euskararen eta hitanoaren inguruan liburuetan jaso den guztiagatik, Sarasuak dio herri aproposa dela Appa hi! bezalako aplikazio bat bertan zabaltzeko. “Euskalkixak bere tokixa eukijok idatziz eta hedabidietan, bertako euskeria jaso da, liburuak argitaratu dira bertako euskeriaren inguruan… Prozesu horretan hitanuari ez jako garrantzi handirik emon, ez behintzat berariaz, eta oraiñ aukeria dago”, diosku.

Horretarako tresna baliagarria da Appa hi!. Aplikazioaren lehen bertsioa 2021ean sortu zuten Oñatirako, bere euskalkian, eta urtebete geroago euskara batua praktikatzeko bertsioa kaleratu zuten. Orain, bertsio berriarekin, eibartarroi emango digute hitanoa eta Eibarko toka eta noka ezagutzeko, erabiltzeko eta hedatzeko aukera.

Aplikazioaren erabilera oso erraza eta atsegina da, eta alderdi ludikotik egiten da. “Modu errezian praktikatzen hasteko modu bat da”, Sarasuaren ustez. “Azalpenak be badagoz, baiña alderdi teorikua murrizten saiatu gara eta bideuetako pasartiak, hika egitten daben abestixak… sartu dittugu”, gehitzen du.

Appa hi!-ren proposamena hitanoa bost astetan (35 egunetan) praktikatzea (egunero 10-15 minutu) da. “Baina bakoitzak bere erritmora egin dezake, nahi duen tokitik”, diosku Albisuk.

Horrela funtzionatzen du: Egunero pilula batean informazio jakin bat ematen da (azalpenak, marrazkiak eta bideoak, adibideekin). Ondoren, azalpenekin lotutako galdera-sorta bat dator, eta zuzen erantzun behar da. Galdera guztiei zuzen erantzunez gero, hurrengo egunean beste pilula bat egiteko aukera egongo da. Aste bukaeran errepaso bat egongo da, eta maila bat igotzeko aukera. Guztira bost maila dira gainditu beharrekoak, aste bakoitzeko bat. “Oso praktikoa da”, diotenez. Eta Sarasuak garbi dio: “Hika ikastia oso zailla dala esaten jok jende guztiak. Ez, ez da egixa. Euskeria jakinda, hika ikastia ez da zailla. Dinamikia hartzia eta gauzak zelan esaten diran konturatzia da gauzia. Hori bai, gero erabilli egin bihar da”.

Albisuk esan digunez, herriko eskoletan, DBH-n eta Batxilergoan aplikazioa erabiltzen hasiko dira, eta Sarasuaren ustez ikastetxeek berebiziko lana egin dezakete hitanoaren ezagutza eta erabilera sustatzeko orduan. “Kaleko eta familixako transmisiñua galdu bada, ikastetxiak sartu biharko dittuk horretan, edo Appa hi! moduko tresnen bittartez egin biharko da, bestela ez dago modurik”, diosku.

 

Oñatiko topaketa

Appa hi! saiakera interesgarria da hitanoaren erabileraren berreskuratze prozesu horretan, baina ez da horrelako ekimen bakarra Euskal Herrian. Izan ere, Sarasuak eta Albisuk proposamen gehiago ezagutu ahal izan zituzten hilaren hasieran Badiharduguk eta UEUk Oñatin antolatu zuten I. Hika Topaketan. “Azkenengo 10-15 urtietan hainbat esperientzia eta ekimen dare hitanoaren erabilleria berpizteko eta sustatzeko”, Sarasuaren berbetan.

Esperientzia horiek, gainera, oso ezberdinak dira, hitanoaren egoera ere ezberdina delako herri bakoitzean. “Tokian tokiko egoeraren arabera, batzuen kezka zen hitanoa ondo erabiltzen den ala ez, baina beste batzuk erabiltze hutsarekin pozik zeuden”, zehazten du Albisuk.

Lehen topaketa izanik, egitasmoak ezagutzeaz gain, elkar ezagutzeko eta hemendik aurrera zer egin daitekeen hausnartzeko balio izan zuen topaketak. “Amaitzian, bakotxak berba bat esan bihar juan eta gehixenek ‘ilusiñua, ‘indarberrituta’, ‘etorkizuna’… esan zeben”, diosku Sarasuak. Bai, etorkizuna ilusionagarria du hitanoak.