Eibar euskararen erdigune izango hilaren 22an

0    Euskara 
ETA KITTO ETA KITTO
Eibar euskararen erdigune izango hilaren 22an
ETA KITTO 2022, Eka 13

Euskaltzaindiak Eibarren egingo du ekaineko osoko bilkura, hilaren 22an hain zuzen ere. Data berezia da, izan ere, Juan San Martinen jaiotzaren mendeurrena betetzen baita egun horretan. Horregatik, San Martinek euskararen alde (eta bestela ere) egindako lana gogoratzeko, omenaldia egingo diote udaletxean.

 

Euskaltzaindiak osoko bilkura egin ohi du hilero eta hurrengoa Eibarren egingo dute. “Euskaltzain Oso guztiak bilduko gara bertan”, esan digu Andres Urrutia Euskaltzainburuak. Bilera arrunt hau 10:00etatik 12:00ak arte egingo da udaletxean eta, ondoren, Euskaltzaindia Eibarrera ekarriko duen arrazoi nagusiaren txanda etorriko da: Juan San Martinen omenaldia.

Omenaldian Eibarko Udalak eta Euskaltzaindiak hartuko dute parte. “Jon Iraola alkateak berba batzuk egingo ditu, nik neuk ere hitz egingo dut, eta gero, Luis Alberto Aranberri ‘Amatiño’ Ohorezko Euskaltzainak eta Jabier Kaltzakorta Euskaltzain Osoak hitzaldiak eskainiko dituzte”, Urrutiaren berbetan.

Amatiñoren eta Kaltzakortaren hitzaldien helburua “Juanito San Martin zein izan zen eta zer egin zuen” gogoratzea da, Euskaltzainburuak esan digunez. “Juanito (horrela esaten genion) guretzat, Euskaltzainen ikuspegitik eta euskararen munduan, guztizko pertsonalitatea izan zen. Nortasun handiko pertsona zen, ‘Eibarkua’”, gehitzen du.

Urrutiaren ustez San Martinen izena ahaztu egiten da Euskara Batuaren prozesuan, “baina garrantzia handia izan zuen”, bere iritziz, “Euskara Batuaren bultzatzaile nagusienetarikoa izan zen”.

Euskaltzainburuak dioenez, “Juanitok beti izan zuen argi Euskara Batuaren premia eta beharra, bere erroei eta sustraiei uko egin gabe. Inolako artifizialkeriarik gabe gainera. Hau da, berak oso argi zuen bertoko euskara beharrezkoa zela, baina bide berean argi zeukan jendea ezin zitekeela euskalkerietan ibili, nolabait esatearren, euskalkerietan Euskara Batuari muzin egiteko edo Euskara Batuari uko egiteko. Beste batzuk San Martinen lorratzetik joan dira eta Euskaltzaindiak ere bide horretatik jarraitzen du”.

 

Oroegilea eta ia orojakina

San Martinek egindakoa gogoratzen jarrita, Euskaltzainburuak hainbat gauza azpimarratzen ditu. “Guztiok ezagutzen dugu haren ‘Zirikadak” eta “Eztenkadak”’ liburua, baina Juanito hori baino askoz gehiago izan zen. Kultur eragile handia izan zen, euskararen ikuspegitik bultzada handia eman zion kulturari, nazioarteko ikuspegia izan zuen, kanpoko hainbat idazleren itzulpenak suspertu zituen (katalanak, galegoak…), kazetaria ere izan zen, etnografoa, idazlea, Arartekoa, Euskal Idazleen Elkarteko sustatzaile eta suspertzaileetako bat…”, zerrendatzen du Urrutiak. “Hain zuzen ere, ni Euskal Idazleen Elkarteko kide banaiz, berari esker da”, aitortu digu.

Urrutiak horrela definitzen du San Martin: “Oroegilea, ia orojakilea eta bere kabuz egindakoa. Hau da, ‘self made man’ izan zen neurri handi batean (inoren laguntzarik gabe aurrera atera zen gizona)”. “Euskaltzaindian egin zituen azken urteetan bera ezagutzeko zortea izan nuen eta berarekin hainbat gauza partekatu ahal izan nituen”, gogoratzen du Euskaltzainburuak.

San Martinen ezagutzak eta jakinduria albo batera lagata, beste alderdi bat azpimarratzen du Urrutiak: “Gobernu gizona izateko gogoa eta ukitua zuen. Hau da, erantzukizunak hartzeko eta hauek aurrera eramateko gogoa zuen gizona zen”.

 

Euskaltzaindia modernoa

Euskaltzaindiak 102 urte ditu, baina gaur egungo erakundea izaten saiatzen da, bere eraginak egunerokoan baitu islada. “San Martinek eta bere belaunaldikoek markatutako ildotik jarraitzen dugu eta, ildo horretan, gaur egun kezka berriak ditugu: teknologia berriak, adimen artifiziala… Baina funtsean ideia berbera dago: euskararen batasunak salbatuko du euskara norbaitek salbatu beharra badauka”, diosku Urrutiak. Horrela, gaur egungo baliabideak erabiltzen dituzte, “beti egin izan duguna egiteko”.

Euskararen batasuna lortzea da Euskaltzaindiaren lehen helburua. “Ez batasun inposatua, batasun sortua baizik., lurralde, euskalki eta hizkuntza ezberdinetatik bilduta”, argitu digu Urrutiak. “Euskararen nondik norakoak defendatzea, zabaltzea eta hedatzea”, gehitzen du.

Gizartera hurbiltzeko asmoz, mendeurrena bete zuenean gehiago zabaltzeko hautua egin zuen Euskaltzaindiak. “Gizarteari begira egin behar dugu lan eta, horretarako, gure emaitzak gizarteratu egin behar ditugu”, dio Euskaltzainburuak.

 

amatiño

 

LUIS ALBERTO ARANBERRI ‘AMATIÑO’

“Juaniton etxia erreferentzia bat zan Euskal Herri guztian”

 

Nolako hitzaldia eskainiko duzu hilaren 22an?

Euskaltzaindiak eskatu jestak nik gertutik ezagutu neban Juanito gogoratzea. Eta hau dok, praktikan, 1965etik 1975era bitarteko hamarkadia. Nik 25 urte inguru eta berak 50-edo zittuala. Juanito izan zuan espeleologoa, mendizalea, argazkilaria, etnografoa, arkeologoa, ikertzailea, biltzailea, poeta, kazetaria, itzultzailea, hizlaria, euskaltzaina, Arartekoa… ez dago 20 minutuan Juanitoren guztiak biltzea. Iñoiz esan izan danez: “Juanitok, Untzaga plazan sevillanak dantzan eiñ eta elixan bandejia pasau ezik, danetik eiñ juan”.

Nola gogoratzen duzu San Martin?

Juanitoren balioaz konturatzeko gogoan izan behar dok, gaur egun 2.000 liburu inguru argitaratzen dirala euskeraz urtero, baiña Juanitoren gazte-denboran ezta hamar be. Oin irrati-telebista, egunkarixa, aldizkarixak, internet, sare sozialak eta Google daozak. Orduan ez zegoan horrelakorik ezer. Hain zuzen be, Juanito izan zuan gure informaziño-iturri eta gure wikipedia. 1964rako Juanito Osoko Euskaltzain egin juen eta bera zuan, neretzat behintzat, euskal munduarekiko loturia. Ni kazetari izatia, neurriren batian, Juanitori zor jetsat.

Beraz, demaseko eragina izan zuen.

Juaniton etxia, Mekolan, euskal erreferentzia bat izan zuan Euskal Herri guztian. Bertara juaten zittuan bisitari orduko idazle, intelektual, abade, artista eta gaiñerakuak. Antton Narbaizak esanda: “Juaniton etxian beti dakizu noiz sartzen zaran, baina sekula ez dakizu, ostera, noiz urtengo dozun”.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »