Eibarko hitanoa modu ludikoan ikasteko atala gehitu diote Appa hi! aplikazioari
Mugikorrean erabiltzeko garatu duten doako aplikazioa dagoeneko eskuragarri dago, Google Play edo App Store bidez jaitsi eta instalatzeko moduan. Gure herriko hitanoa berreskuratzeko erreminta honek bost asteko ikasketa prozesu bat proposatzen du, baina jolas modura planteatuta. Izan ere, galdera-erantzun jolasa da berez, eta galderak ondo erantzuten joan ahala, aurrera egiten jarraitzeko aukera ematen dio erabiltzaileari. Asier Sarasuaren berbetan, “35 egunean hitanoaren funtsa ikasteko aukera ematen du, egunero pilula bat eginez. Pilula bakoitzean azalpenak, marrazkiak eta bideoak ageri dira, eta ondoren, azalpenekin lotutako galdera-sorta bat dator: partidak. Galdera guztiei zuzen erantzunez gero, hurrengo egunean beste pilula bat egiteko aukera irekitzen da. Bestela, partidak nahi beste aldiz errepikatu daitezke, ondo egin arte”. Astero errepaso bat proposatzen da App-aren bidez, eta maila bat igotzeko aukera. Guztira bost maila dira gainditu beharrekoak, aste bakoitzeko bat. Dena dela, bakoitzak bere erritmoari jarraitu diezaioke.